Lanbide heziketa euskaldundu behar dela aldarrikatzen dabiltza
Lanbide heziketa euskaldundu egin behar dela aldarrikatzen dabiltza Euskal Herriko lanbide heziketako hainbat irakasle Txirrindulanbidea ekimenaren bitartez. 300 kilometro egingo dituzte gaur [ekainak 26] hasi eta barikura bitartean.
“Historikoki testuinguru gaztelaniarra izan duen hezkuntza arloa da Lanbide heziketarena”. Horrela definitu du egoera Lanbide heziketako irakasle Iker Ugarte gernika-lumotarrak. Egoerari buelta emateko asmoz, Lanbide heziketako hizkuntza normalkuntza batzordeak eta euskararen egoeraz arduratuta dauden irakasleek Txirrindulanbidea ekimena ospatu zuen lehenengoz iaz. Aurton, bigarren ekitaldia hasi dute gaur [ekainak 26], eta lanbide heziketa euskaldun bat aldarrikatzeko helburuarekin ia 300 kilometro egingo dituzte txirrinduan, barikura bitartean.
Ekimenaren antolatzaileek berehalako aldaketa behar dela sinisten dute. “Urteak aurrera doaz eta Lanbide heziketan aldaketak gauzatzeko apustu sendoak behar direla sinistuta gaude, izan ere, euskarak duen presentzia ,erabilera eta errealitatea saldu izan digutenaren oso bestelakoa da. Beti ere, lurralde eta herrien desberdintasunak kontutan harturik”, salatu dute.
Gauzak horrela, gaur goizeko zortziretan abiatu dira Bizkaiko mendebaldeko eskoletatik –Erandioko Tartanga, Barakaldo, Txurdinaga, Basauriko Bidebieta eta Leioako Ostalaritza eskoletatik– Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuan
bukatzeko. Hurrengo bi egunetan Araba eta Nafarroatik ibiliko dira euren aldarrikapenak lau haizetara zabaldu nahian.
Euskararekin duten konpromisoa herritarrengan zabaldu nahian, eta beste elkarte batzuetako ideiak hartzeko asmoz, txirrindulariek Lanbide heziketako zentroetan eta euskararen alde borrokatzen duten “elkartetxoetan” geldialdiak egingo dituzte. Azaldu dutenez, lehenengo egunean, esaterako, Gasteizeko zentro batean izango dute hitzordua, eta bertan zentroetan euskara bultzatzearen garrantzia azpimarratuko dute, besteak beste.
Hiru egunetako ibilbidearen bukaeran, gainera, erreferentziazko elkarte batekin biltzea bilatzen dute. Iazkoan, EHZ jaialdiko antolatzaileekin euren egoera elkarbanatzeko aukera izan zuten, eta aurtongoan Iruinean bukatuko dutela aprobetxatuz, Labea elkartekoekin egingo dute hitzordua. Azaldu dutenez, elkarretaratze horien bitartez estrategiak partekatu, eta lurralde desberdinetako egoera soziologikoa ezagutzeko balio dute.
Ugartek iaz ere parte hartu zuen ekimenean. Ekimen honen bitartez beste lurralde batzuetako egoera ezagutzeaz gain, euskara sustatzeko estrategia desberdinak ezagutzen direla nabarmendu du gernika-lumotarrak, eta egoera aldatzeko borrokatu egin behar dela uste du.
Ibilbideari dagokionez, azaldu dute laguntza eskainiko dieten furgonetan bat izango dutela. Denek txirrinduan ezin dutenez egin, euskararekiko konpromisoa duten hainbat irakaslek lagunduko diete furgonetatik erronka gainditzen.
Egoerari buelta bat emateko asmoz, eta euren aldarrikapena ahalik eta lagun gehiagorengana helarazteko helburuz, antolatzaileek euskaldun guztiak animatzen dituzte ibilbidera gehitzen, bakoitzak bere “aletxoarekin lagundu dezakelako“.