Herritarrekin komunikatzeko bide berriak
Facebook, Instagram eta X sare sozialetan erabiltzaile kontua zabaldu du Muruetako Udalak. Herritarrei udal informazioa helarazi eta haien ekarpenak jasotzea da udalaren helburua.
Herritarrekin komunikatzeko bide “arin eta aktibo” berriak zabaldu ditu Muruetako Udalak. Kanal berri horien bitartez udal informazioa jaso eta beraien ekarpenak egiteko aukera izango dute muruetarrek.
Udaletik azaldu dutenez, teknologia berrien barneratze sozialak gobernantza eredu “garden, zabal, partekatu eta interaktibo bat sakontzeko eta sendotzeko” aukera eskaintzen du, ohiko kanalen irismena komunikazio estrategia bategaz uztartzeko aukera eskaintzen dutelako.
“Leiho digital berri hauek, orain arte izan ditugunekin batera, informazioa zabaltzeko eta herritarrek parte hartzeko eraginkortasuna eta paperaren erabilera aurreztea ekarriko dute”, azaldu du Julen Karrion Muruetako alkateak. Hala, herritarrak entzun eta haiengandik gertuago egoteko asmoz, Facebook, Instagram eta X sare sozialetan kontuak ireki ditu Muruetako Udalak. Era berean, WhatsApp kanal bat ere zabalduko dutela iragarri dute, Murueta Zabaltzen aplikazioagaz batera herritarrek informazioa eskura izan dezaten.