ETSren jarduera "ilegala" salatu dute herritarrek
Egindako neurketa akustikoen arabera, ETSren "jarduera industrialak" 80 dezibelioak gainditzen dituela jakin dute Don Tello kaleko bizilagunek. Horrela, plataforma logisitikoa hirigunetik mugitzea eskatu dute, beste behin.
Ia hiru hilabete pasa dira martxoaren 27ko Gernika-Lumoko osoko bilkuratik. Bertan, konpromiso bat hartu zuten alderdi politiko guztietako ordezkariek: Eusko Trenbide Sareakek–ETS– Don Tello kalearen atzekaldean duen plataforma logistikoan egiten duen jarduera industrialaren aurrean erantzunkizuna beraganatu, eta hartu beharreko neurriak hartuko zituztela zin egin zieten bertako bizilagunei. Ekaina amaieran, baina, ez dute” inongo babesik ez erantzunik” jaso, eta “inkomunikatuta” daudela salatu dute.
ETSk Gernika-Lumoko geltoki inguruan jarritako plataforma logistikoak gauetan sortzen duen zarataz kexu dira inguru horretako bizilagunak. Herritar taldeak “lo egiteko eskubidea” aldarrikatzen du, eta baldintza horietan deskantsatzea “ezinezkoa” dela azaldu dute. Zehaztu dutenez, Zornotza eta Bermeo arteko trenbidean edozein gunetan mantentze lanak egiten direnean bertatik abiatzen dituzte obrak, eta salatu dute hori guztia gauez egiten dutela, asteburuetan ere “deskantsatzeko eskubidea urratzen” dietelarik.
Izan ere, ETSk 2012az geroztik du Gernika-Lumoko tren geltoki ondoan bere plataforma logistikoa, non makinaria astuna eta obretarako materialak edukitzeko erabiltzen duen. Hamalau urtetan, makina astunak, harriak, zementua edo bestelako materialak gune horretan gordetzen dituzte, eta bizilagunek plataforma logistikoa hirigunetik kentzeko eskatu dute, beste behin. Gauero “egoera jasaezina” sufritzen dutela aitortu dute.
“Legez kanpoko” jarduera.
Bizilagunek azaldu dutenez, Gernika-Lumoko Udaleko ingurumen zinegotzigoak neurketa akustikoak egin ditu etxebizitza inguruan, eta udal ordezkariek ezer jakinarazi ez dieten arren, bizilagunek informazioa lortu dute. Informazio horien arabera, neurketek 80 dezibeletik gora jaso zituzten. Horrela, bizilagunek ETSren jarduera “legez kanpokoa” dela salatu dute, eta “neurriak hartu behar direla” eskatu dute.
Jakin dutenez, hilabete bat pasa da neurketak egiteko tresneria bertatik kendu zutenetik, eta “inongo jakinarazpenik ez jasotzeaz” gain, “euren osasunarekiko kexarik ere” ez dietela helarazi gaitzetsi dute. Martxoko osoko bilkuran ordezkari politikoen eta bizilagunen arteko batzorde partekatua sortzeko ideia aipatu zen arren, komunikaziorik egon ez dela azaldu dute.
Lo egitea “ezinezkoa” dela kontutan hartuta, bizilagunek moldaketak egin behar izan dituzte etxeetan. “Gure etxeak larrialdietarako kanpamendu batean bihurtu dira. Besteak beste, korridoreetan, bainugeletan eta egongeletan jarri behar izan ditugu koltxoiak”.
“Gure osasun eskubidearen alde borroktazen jarraitzeko asmoa dugu, izan ere, lo egin gabe, ez dago osasunik”
Udaleko ordezkariekin “komunikaziorik egon ez” den bezala, ETSko ordezkariekin ere ez da informazio jariorik egon. “ETSk gure kexei kasurik egin gabe jarraitzen du. Behin eta berriz helarazi zaizkie kexak zein galderak, eta ez dugu inongo erantzunik jaso. Gainera, ordezkariren batekin izan ditugun elkarrizketetan irainduta sentitu gara. Esandakoa eta esateko moduak ez dira egokiak izan, eta sarkasmoarekin esanda izan bada ere, konponbide bezala etxeak botatzea proposatu zuten”, gaitzetsi dute bizilagunek.
Bide judizialera salto.
“Instituzioengandik duten babesgabetasunaren” aurrean, bizilagunek bide judizialera joateko erabakia hartu dute. Hala, administrazioarekiko auzi-errekurtso bikoitza jarri behar izan dute, oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direlako. “Botere publikoek eta, batez ere, administrazio publikoek oinarrizko eskubideak zaintzeko betebeharra dute. Hala egiten ez badute, herritarrekiko eginbeharrak urratzen dituzte. Gure osasun eskubidearen alde borrokatzen jarraitzeko asmoa dugu, izan ere, lo egin gabe, ez dago osasunik“, salatu dute.
Herritarrei erantzuten ez dieten arren, ETSkoak aurreko legealdiko igurumen zinegotzi Maria Uriberekin harremanetan jarri zirela azaldu dute bizilagunek. Gutun bi jaso zituen Uribek, eta horietan, besteak beste, plataforma logistikoa Muxika aldera mugitzeko asmoa zutela jakinarazten zuten. Bizilagunen ustez, baina, hits hutsak izan ziren, eta asmo hori “ezerezean” geratu da.
“Gu gitxi gara, eta eurek erraldoiak dira, baina zarata eginez gure eskubideak errespetatzea lortu nahi dugu”
“Argi utzi nahi dugu gu ez garela trenaren joan-etorriaz kexatzen. Horrekin ez dugu arazorik, ez digu molestatzen. Tailerraren jarduera industrialaren aurka baino ez gaude”, zehaztu dute. Gainera, ETSk “tranpa” egiten duela gaitzetsi dute. “Azpiegitura handiko enpresek obrak egiteko baimenik eskatu behar ez dutela defendatzen dute udalak eta ETSk. Baina horrek ez die legea betetzetik ekiditen. Baimena eskatu ez arren, legeak bete behar dira, eta ETSk ez ditu betetzen. Nahi dituzten ilegalitateak egiten dituzte plataforma logistikoan”.
Borroka “zaila” duten arren, “geldirik eta ixilik” ez direla geratuko jakinarazi dute bizilagunek. “Gu gitxi gara, eta eurek erraldoiak dira, baina zarata eginez gure eskubideak errespetatzea lortu nahi dugu”, jakinarazi dute.