Eli Pagolak jantzi du Argi Baltza sariketako txapela
Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketaren finala jokatu zuten zapatuan Muxikan, eta Pagolak jantzi zuen txapela. Asier Galarzagaz buruz burukoa lehiatu ostean jantzi zion txapela Juanjo Respaldizak. Eurekin batera aritu ziren finalean Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Maddi Aiestaran eta Irantzu Idoate.
Eli Pagolak irabazi du laugarren Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketa. Maila oneko bertso saioa einda, berak hartu du Aitor Etxebarriazarragaren erreleboa. Juanjo Respaldizak jantzi zion txapela Pagolari, Muxikako Urretxindorra eskolan zapatuan (ekainak 22) jokatu zuten finalean; bertsolaritzaren transmisioa erdigunean jarrita, Jon Lopategik hasi zuen bidetik, hezkuntza arautura salto egin zuen bertsolaritzak, eta euskararen normalizaziorako zein bertsolaritza hauspotzeko ezinbesteko lekuko izan da Respaldizaren lana Ikastolen elkartean.
Asier Galarzaren aurka lehiatu zuen buruz buruzkoa Pagolak, eta saioa era bikainean borobildu zuten biek ala biek. Behin txapela buruan, baserriei aitortza egiteko aprobetxatu zuen hernaniarrak azken agurra: “Plaza da ederra, ta txapelketa, txapelketa bakarrik da. Txapelarekin inkoherente geratzen da, baina tira. Produktu sorta aldarri gisa, datorkit neurri-neurrira, baserrietan egindakoak, baloratzekoak dira. Produktu sorta aldarri gisa, datorkit neurri-neurrira, ea jarraitzen dugun joaten, herritatik baserrira. Ea jarraitzen dugun joaten, herritatik baserrira”.
Galarzak, berriz, Lopategi eta Isidro maisua izan zituen gogoan azken bertsoan; izan ere, Urretxindorra eskolatik igarotzerakoan bere maisua izan zen Isidro. Hala bota zuen: Mutil koxkor bat izan aurretik, umea nintzen arora joango bagina, pozik nentorren, eskola honen abarora. Jon Lopategi maisuan itzala, baino itzal handiagora, berari esker ailegatu zan doinu hau nire agora. Euskalgintzatik, kulturgintzatik, hezi gintuen gerora, beraz Isidro, zure hilarrira doa gaurkoan lilion lora. Ze zure ikasle izandako bat igo da oholtzan gora; zeozer ondo egin zenuen seinalea izango da.
Buruz burukoaren ostean 347 puntu eskuratzearren jantzi zuen txapela Pagolak, Galarzak baino 14,5 puntu gehiago lortuz; 332,5 puntu bildu zituen muxikarrak.
Argi Baltzaren finala “saio irekia” izan zen Pagolaren berbetan, ze sariketa bateko finala izan arren, “babestuta” sentitu zela aitortu zuen hernaniarrak hori amaitu bezain pronto: “Eskola bateko patio batean egon arren, eta patioa alde bietatik zabalik egon arren, plazako sentsazioa izan dut”. Eta, horrek, jostalari aritzea eragin zion: “Nire buruari jolasteko aukera eskaini diot. Uste dut, areto batean egongo banintz, ez niola nire buruari horrenbeste baimenduko. Horrek tenpleagaz jolastea eragin dit, eta lasai aritu naiz ideiak bilatzen”.
Onartu zuen, sariketa honek 20 urterekin harrapatuko balu, sariketari gaur egun eman dion garrantzia baino gehiago emango ziola. “Saio on bat egin nahi nuen, baina irabaztea baino gehiago inportatu dit inpresio ona ematea eta gustura kantatzea. Gero, hala etortzen dira saio onak, eta egia da, lasaitasun hori izateak on egin didala”.
Argi Baltza bezalako saioak antolatzearen garrantzia ere nabarmendu zuen Pagolak, bai bertsolarien artean saretzeko, bai bertsolari gazteenei plaza bat eskaintzeko. “Dudarik barik, garrantzitsua da horrelako saioak egotea. Nik bertan egon diren bi bertsolarirekin sekula ez dut kantatu, eta beste birekin ere oso gutxitan aritu izan naiz. Uste dut horrelako sariketek ez dutela izena bakarrik ematen, ez da bakarrik nork irabazten duen edo finalera nor iristen den kontuan hartzen. Alderantziz. Saio hauek elkarregaz kantatzeko aukera ematen digute”, azaldu zuen Pagolak.
Gehitu zuen, gainera, plazak duen beharretako bati ere erantzuten dietela horrelakoek: jendeak beste bertsotasun batzuk ikusteko eta entzuteko beharra betetzen duela, alegia. Izan ere, uste du gaztetasunetik etortzen diren kontuak entzuteak “asko janzten” dituela saioak: “Saio hauen garrantzia ez da adin kideak eta gazteak elkarrekin aritzera mugatzen. Ze, kategoria horretan sailkatzen dituzten guztien artean konbinazio politak ere ateratzen dira”.
80 ikus-entzule baino gehiago bertaratu ziren finalera, eta Gorka Pagonabarragak, Iruri Altzerrekak, Maddi Aiestaranek eta Irantzu Idoatek abestu zuten finalean. Saio ona izan zen, hala erakusten dute-eta epaileen puntuazioek. 242,5 puntu jaso zituen Pagonabarragak eta 234 Altzerrekak. Bosgarrena izan zen Aiestaran, 220,5 puntugaz, eta seigarren gelditu zen Idoate, 213 puntu bilduta.
Aurtengo txapelketagaz Lopategik ereindako transmisio lana elikatzen jarraitu du Lilibertsok, eta gazteei hainbat agertoki eskaini dizkiete. “Ekain osoan zehar domekaro saio itzelez gozatzeko aukera izan dugu, eta dena zuei esker”, esan dute.
Antolatzaileek sariketa antolatzen lagundu dieten guztiei euren lana eskertu diete, eta ez dituzte ahaztu gura kanporaketak euren herrietan hartu dituzten Ajangizko, Mendatako, Gautegiz Arteagako eta Muxikako Udalak.