Euskal Herria eta Argentina batzen dituen arte erakusketa
'Arturo Acebal Idigoras. Euskadi Argentina' behin-behineko erakusketa prestatu dute Euskal Herria Museoan, eta azaroaren 24ra arte egongo da ikusgai, museoko azkenengo solairuan. Gerra eta gerra osteko garaiak ordezkatzen direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Argentinako Tres Algorrobosen jaiotako marrazkilaria, margolaria, eskultorea eta zeramikagilea zen Arturo Acebal Idigoras. 1912ko uztailaren 24an jaio zen, eta 121 urte eta 11 hilabete geroago, bere omenezko Arturo Acebal Idigoras. Euskadi Argentina behin-behineko erakusketa prestatu dute Euskal Herria Museoan. 56 arte piezak osatutako erakusketa da, eta Acebalen ibilbidea ezagutzeko “bisita ezin hobea” dela ezaldu dute antolatzaileek.
Erakusketaren bidez artista “handi bat” berreskuratu nahi izan dutela azaldu du museoko zuzendari Leire Irazabalek. Jakinarazi duenez, 2022an iritsi zitzaien Acebalen inguruko erakusketa prestatzeko proposamena, eta “jarraian” eman zuten baiezkoa. Erantzun horren errudun nagusia Xabier Saenz de Gorbea historialaria izan zela nabarmendu du Irazabalek. “Ikerlariak Acebalen lanak eta ibilbidea ikertzeaz gain, artistaren hainbat lan batu zituen Euskal Herrian zein Argentinan. Sortzailearen jaiotzaren 100. urteurrenean, gainera, bere ibilbidea oroitzeko erakusketa bat prestatu zuen Euskal Herriko Unibertsateko Bizkaia Aretoan”, adierazi du zuzendariak.
Bizkaia Aretoko erakusketa da Euskal Herrian museoan jarritakoaren oinarria. Hala ere, berritasun “ugarigaz” dator azkenengo hau. Irazabalek zehaztu duenez, familiak hainbat artelan eta dokumentu utzi dizkio museoari. Dokumentuen artean daude Acebalek Bilboko arte elkarteetan ordaintzen zituen fakturak, Bilboko Arte Eskolan lortu zituen noten orria, edota 36an Eusko Jaurlaritzatik erakusketa bat egiteko helarazi zioten eskutitza. “Ohore bat izan da material hori ezagutzea. Acebal ezagutzen laguntzeaz gain, bere artelanak ulertzeko balio dute. Beharrezkoa ikusten dugu artista honen obretaz hitz egitea, eta oso interesgarria iruditzen zaigu herrialde bitan bizi izan den artista bat ezagutzea. Kasu honetan, Euskal Herria eta Argentina”.
Bost zatitan banatuta.
Erakusketa bost bazterretan bereiztea erabaki dute antolatzaileek. Alderdi bakoitzarentzako Acebalek bere ibilbidean zehar idatzitako esaldiak eta historialariek esandako esaldiak erabili dituzte. Bazterren artelanentzako, “Nahiago du bazter ezezagunak aurkitu” erabili dute; paisaientzako, “paisaia, Arturo Acebalentzat, naturaren interpretazio zuzena eta objektiboa da”; eskulturentzako, “itsas zaporeko eta andeetako inguruneko formen jokalari”; erretratuentzako, “Arturok eszenografiak egin zituen denbora batez, baina erretratuak margotzeko utzi zuen”; eta zeramika lanentzako, “nik zeramikarekin adierazten den eskultore eta pintore gisa definitzen dut neure burua”.
Erakusketaz gain, katalogo bat ere sortu dute; Mikel Lertxundi bizkaitar eskultoreak sortu du katalogoa. Bertan, Euskal Herria museoko azkenengo erakusketan ikus daitezken artelan guztiak batzen dira, eta argentinan jaiotako artista ezagutzeko testuak irakur daitezke. Irazabalek zehaztu duenez, katalogoak “ezin hobeto” laburbiltzen ditu “gerra eta gerra osteko garaiak“.
Erakusketarekin lotutako ekitaldiak.
Katalogoarekin nahikoa ez, eta Acebalekin lotutako ekitaldiak prestatu dituzte datozten hilabeteetarako. Uztailaren 17an, Ondarea Berbetan jarduera antolatu dute. Horretan, hurbildutakoek erakusketaren inguruan duten iritzia elkarbanatu ahal izango dute, kafe baten laguntzarekin. Irailaren 12rako, Basterretxea erbestean hitzaldia prestatu dute. Alfonsina Leranoz ikertzaile argentinarra izango da hizlaria, eta erbestealdiak hura jasan zutenengan izan zuen eraginari buruz hausnartuko dute. Erakusketa oinarritzat hartuta, kolektiboak erbesteratzea nola bizi izan zuen eta inguruabar horrek gerora egin zuen lanean izan zuen eragina ezagutuko dute partaideek. Bukatzeko, irailaren erdialditik aurrera erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte. Jakinarazi dutenez, jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea, 94 625 54 51 telefono zenbakira deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.
Euskara, kultura eta kirol saileko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak erakusketaren esentzia azaldu du. “Erakusketak eta haren katalogoak gure kulturaren esentzia leku hurrunetara, hala nola Argentina, eraman zuten artista taldea ordezkatzen dute. Oraingoan, hain ezaguna ez den alerdi bat nabarmendu nahi dugu: erbestealdiaren alde artistikoa. Hala egiten dugu erakusketa zoragarri honen bitartez, eta Euskal Herria Museoak prestatutako katalogo eder honegaz”.
Diasforaren eginkizuna.
Arrizabalagaren ustez, Euskal Herria Museoak Euskal Herriaren aberastun kulturala eta historikoa helaraztea eta babestea du helburutzat, eta diasforak eginkizun horretan “funtsezko eginkizuna” duela uste du. “Acebal euskal sortzaile erbesteratuen komunitateko kide izan zen. Euskal herriaren nortasuna eta espiritua erbestean bizirik mentendu zituen, distantzia geografikoak gorabehera”, goraipatu du.
Erakusketa azaroaren 24ra bitartean bisitatu ahal izango da, eta foru diputatuaren esanetan, desberdinak diren baina lotura sakonak dituen kultura bi uztartzen ditu: euskalduna eta argentinarra.