Barandika eta Lopez Markina-Xemeingo Grand Slameko finalaurrekoetarako sailkatuta dira
Zapatuan [ekainak 22] Ladutxe eta Basqueren aurka 2-1 galdu arren, sailkapena lortu dute. Oraindik ez dakite lehen edo bigarren postuan egingo badute aurrera.
Johan-Del Rio eta Barandika-Lopez bikoteek zapatuan [ekainak 22] ziurtatu zuten Markina-Xemeingo Grand Slameko finalaurrekoetan egongo direla. Lehen jardunaldiko garaipenek bideratu zuten lehen helburua, eta bigarrenak ziurtatu. Hala ere, bikote bakoitzak modu batera lortu zuen txartela.
Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek erakustaldia eman zuten lehen jardunaldian Erkiaga eta Zabala garaitzeko, baina gehiago nabaritu zitzaien erritmo falta bigarren jardunaldian. Gainera, Ladutxek eta Basque zerbait badute erritmoa da, bereziki Uni frontoian, aurre kanporaketak gaindituta sartu ziren Grand Slamean. Partida gogorra, luzea eta berdindua izan zen, eskola zaharrekoa. “Katedrari gustatzen zaion partidu mota klasikoa”, laburbilduta.
Lehen tantoa iragarpena bakarrik izan zen. Lehen jokoan, 6-8 jarri ziren aurretik Barandika-Lopez, eta abantaila handitu zuten 7-13 jarri arte. Barandika sasoiko dagoela erakutsi zuen eta erremate asko sartu zituen. Joko bat irabazita nahiko zuten finalaurrekoetan egoteko. Bigarren setean ere konfiantzaz gainezka hasi ziren 1-7 aurreratuz. Ladutxe eta Basquek erreakzionatu beharra zuten, eta baita egin ere. 9-8 hartu zuten aurrea, 10na eta 11na ere berdindu zuten, baina azken tantoetan finago aritu ziren. 15-12 irabazi zuten. Bikote marroiak zerbait bada gogorra da, eta sendotasun hori baliatuta ere lortu zuten garaipena azken jokoan: 5-2.
Zabalik. Zapatuko [ekainak 29] azken jardunaldira begira, bi multzoetan dena zabalik dago. Olharan-Ibarluzea eta Goitia-Gorkaren artekoa kanporaketa bat izango da, irabazten duenak egingo du aurrera eta galtzen duena kalera joango da. A multzoan, berriz, Erkiagak eta Zabalak 2-0 irabazi behar diete Ladutxe eta Basqueri, beste edozein emaitzagaz bigarrenak sailkatuko ziren.