Imanol Pradalesek lehendakari kargua hartu du
Gernikako arbolaren azpian zin egin ostean hartu du aginte makila Eusko Alderdi Jeltzalearen buruak, hamabi urtez karguan egon den Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren eskutik, hunkituta eta txalo artean. Estatuaren ordezkari gisa hartu du kargua, baina Espainiako Kontituzioari leialtasuna aipatu barik.
Botere eskualdaketa gauzatu da. Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu du Imanol Pradales Gilek, gaur. Gernikako arbolaren azpian zin egin ostean hartu du aginte makila Eusko Alderdi Jeltzalearen buruak, hamabi urtez karguan egon den Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren eskutik, hunkituta eta txalo artean. Bera da Eusko Jaurlaritzaren zortzigarren lehendakaria, seigarrena demokrazian. Eusko Legebiltzarraren hamahirugarren legealdia indarrean dagoen honetan hartu du kargua gaur.
Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak erabilitako esaldian oinarritutako eta azken urteetako formula erabiliz zin egin du Pradalesek askatasun guztien ikur den Gernikako arbolaren azpian: “Eusko lur gainean zutunik, Jaingoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaitzpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuon aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit”.
Gernikako Estatutuaren eta Bizkaiko Foru Zaharraren ale banaren aurrean egingo du zina lehendakari hautetsiak. Bizkaiko Foru Zaharra 1452ko uztailaren 21en Gernikan onartutakoa da, eta Bizkaiko erakunde guztien eta bizkaitarren berme indibiduala barne hartzen ditu, eta bizitza publikoan parte hartzeko modua jasotzen duen lehenengo testua da. Gaur Batzarretxean egon den kopia hori 1600. urtekoa da, Bizkaiko Foru Aldundian gordeta dagoena. Estatutuaren presentzia ere izan du zin egiteak, hari esker etorri baitzen Euskal Autonomia Erkidegoaren erakundetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko ereserkia entzun du gero, eta ohorezko aurreskua ere dantzatu diote. Horren ostean, hemiziklora bueltatu da, eta juntetxeko tribunatik hartu du hitza, karguaren jabetzearen adierazpena egiteko. “Eusko Legebiltzarraren borondatez, eta zina egin ondoren, jabetu egiten naiz Euskal Herriko Jaurlaritzaren Lehendakari karguaz, eta neure gain hartzen dut kargu hori, baita estatuaren ordezkari arrunta izatea ere, ordenamendu juridikoaren arabera”, adierazi du Pradalesek. Ordenamendu juridikoaren arabera jabetzen dela karguaz esan du, Espainiako erregeari edo konstituzioari aipamenik egin barik, eta modu orokorrean ordenamendu juridikoa onartuz.
Ekitaldia amaituta, lehendakaria Zuhaitz Zaharra dagoen lekura gerturatu da, eta ostean, Batzarretxeko ohorezko liburua sinatu du. Hori egiterakoan bi eskultura berezi izan ditu ondoan, Nestor Basterretxearen Izaro prototipoa eta Eduardo Txillidaren Lurra obra. Bi euskal artisten urteurrena kontuan hartuta egin dute omenaldi hori.
Herri ordezkariz bete da gaur Gernika, baita Batzarretxea ere. Bertan egon dira Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea, Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideak zein Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariak ere bai. Horiez gain, Jesus Egiguren, Juan Mari Atutxa eta Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidente ohiak ere izan dira, politikagintzako, ekonomiako edota justizia alorretako eta euskal gizarteko ordezkariekin batera.
Herri ordezkariez gain, herritarren aldarriak ere presente egon dira Gernikako Batzarretxe kanpoaldean, Padralesi euren eskariak ez ahazteko esanez; besteren artean, bertan izan dira Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak, Guggenheimik ez dutela gura aldarrikatzen. Euren ondoan, Usansolotik ere bertaratu dira herritarrak, trenbidea herri erdigunean mantentzeko eskatuz.
Gobernuaren osaera.
Arratsaldean, berriz, gobernuaren osaera jakinarazi du Pradalesek. Aldaketak pertsonetan zein sailen banaketan egon dira. Oraingoa, zazpi emakumezkok eta zortzi gizonezkok osatuko dute, aurpegi berriak gehienak. Hiru dira errepikatuko dutenak: Bingen Zupiriak, Nerea Megosak eta Javier Hurtadok.
Eusko Jaurlaritza berriak 15 sail izango ditu, aurreko gobernuak baino lau sail gehiago. Horietatik hamar EAJk kudeatuko ditu, eta beste bostak PSE-EEk. “Espezializatuagoa” den gobernua sortzeko asmoz hartu dute sailak gehitzeko erabakia, “herritarren premiei modu espezifikoagoan erantzungo diena”. Aurrekari bakarra du 15 kideko gobernuak: 1991ko eta 1995eko legealdiaren lehen zatikoa. Orduan, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela 15 izan ziren.
Sailak eta sailburuak:
- Imanol Pradales. Lehendakaria.
- Ibone Bengoetxea Otaolea. Lehen lehendakariordea. Kultura eta Hizkuntza Politikako saila.
- Mikel Torres Lorenzo. Bigarren lehendakariordea. Ekonomia, Lan eta Enplegu saila.
- Noël d´Anjou Olaizola. Ogasun eta finantza sailburua.
- Maria Ubarrechena Cid. Bozeramailea. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua.
- Mikel Jauregi Letemendia. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua.
- Bingen Zupiria Gorostidi. Segurtasun sailburua.
- Begoña Pedrosa Lobato. Hezkuntza sailburua.
- Denis Itxaso González. Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua.
- Alberto Martínez. Osasun sailburua.
- Nerea Melgosa Vega. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua.
- Susana García Chueca. Mugikortasun Jasangarriko sailburua.
- Juan Ignacio Pérez Iglesias. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua.
- Javier Hurtado Domínguez. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua.
- Amaia Barredo Martín. Elikadura, Landa Garapen eta Arrantza sailburua.
- María Jesús San José López. Justizia eta Giza Eskubideen sailburua.