Guggenheim Urdaibai proiektua alde batera uztea eskatu dute lehendakariaren kargu hartzean
Guggenheim Urdaibai proiektua alde batera uztea eta eskualdearen beharrei erantzungo dien egitasmo sozioekonomiko bat diseinazea eskatu diote Imanol Pradales lehendakariari, haren kargu hartzean.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu du Imanol Pradales Gilek, gaur, ekitaldi solemnean. Arazorik barik garatu da, baina juntetxean ozen entzun dira aurrean bildutako herritarren protestak. Bertan izan dira Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoak, elkarretaratzea deitu baitute, euren aldarrien berri emateko: Guggenheim Urdaibai proiektua alde batera uztea eta eskualdearen beharrei erantzungo dien egitasmo sozioekonomiko bat diseinatu eta adostea herritarrekin batera, ingurumenari kalterik egin barik.
Eurekaz batera egon dira, besteren artean, Usansoloko herritarrak, Usansolo Geltokia Erdigunean plataformakoak, geltokia herri erdigunean eskatzeko deia eginez. Horien guztien oihuen burrunba nabaria izan da gaur eguerdian.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek salatu dute EAJk eta PSEEk aurkeztutako gobernu programak Guggenheim Urdaibai proiektuagaz aurrera egiteko asmoa jasotzen duela, eta horren kontra agertu dia gaur: “Ez gaitu harritu, noski, Imanol Pradales hasieratik izan baita egitasmo horren aldekoa, baita bultzatzaile nagusietakoa ere”. Adierazi dute, lehendakaria Bizkaiko Foru Adundiko Azpiegiturak eta Lurralde Garapeneko diputatu zela, udalez gaindiko zenbait hitzarmen sinatu zituela Busturialdeko udal batzuekin, horietako hiri antolamendu plan orokorrak (HAPO) “aldatzeko”. Eta hori helburu bakarragaz egin zuela esan dute: “Ez herritarren bizi baldintzak hobetzeko, baizik eta bertan behera uzteko Guggenheim Urdaibai proiektua aurrera eroateko oztopo diren arau eta lege guztiak”.
Joseba Diaz Antxustegik eguenean esandakoak gogoratu dituzte plataformakoek, izan ere, hark esan zuen Pradakes jendearen eskakizunak interpretatzen ari dela, “akordioak lortuz”. “Badirudi Busturialdeko herritarrok ez dugula nahikoa argi hitz egin, oraindik ere ez baitu behar bezlaa ulertu gure eskaria. Bestalde, PSEEko agintariak ere ez dabiltza oso adi; maiatzeko hauteskunde kanpainako eztabaida batean Eneko Anduezak esan zuealko ez daukala egitasmo horri buruzko informaziorik, eta, herritarrei entzunfo dietela, beti egin modura”, argitu dute plataformakoek.
Hala, Pradalesi zein EAJ eta PSEEko agintariei esan diete entzuteko Busturialdeko herritarren iritziak: “Agintari horiei eskatzen diegu belarriak ondo luzatu eta begiak zabal irekitzeko, argi eta garbi entzuteko bertoko herritarren eskakizunak”.