Bermeoko Udalak sarea jarri du Artza frontoian, urteetako eskariari erantzunez
Bermeoko saregileak izango dira sarearen mantenuaz arduratu direnak. Hala, saregileen lanari balioa emateaz gain, itsas eremutik harago duten gaitasuna erakustea bilatu du udalak. Sareak mesede egingo die bai kirolariei bai ikusleei, modu "seguruan eta erosoan" jokatzeko eta ikusteko aukera eskainiz.
Urdaibaiko Itsasalde Kirol Klubak luzaroan eskatutako eskaerari erantzunez, Bermeoko Udalak ofizialki aurkeztu du gaur (ekainak 22) herriko frontoian jarri duen sare berria. Hobekuntza horri esker, frontoian praktikatzeko kirolen aukera zabaldu dute, beste kirol modalitate batzuk praktikatzeko aukera eskainiz herritarrei, tartean pala edo zesta-puntara jokatzekoa. Esan eta egin. Izan ere, gaurko inaugurazio ekitaldia amaitu bezain laster, Itsasalde Kirol Klubak antolatutako udalerriko eta inguruetako haur eta gazteen zesta-punta partiduez gozatu dute bertaratu direnek.
Hain zuzen ere, Bermeoko saregileek izango dira sarearen mantenuaz arduratuko direnak. Hala, saregileen lanari balioa emateaz gain, itsas eremutik harago duten gaitasuna erakustea bilatu du udalak. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “oso pozik” agertu da proiektuagaz: “Harro gaude urteetako eskaera honi erantzuna eman ahal izan diogulako. Hasieratik bagenekien proiektua berezia zela, horregatik jarri ginen harremanetan sareetako adituekin, hau da, herriko saregileekin”.
Sareak mesede egingo die bai kirolariei bai ikusleei, modu “seguruan eta erosoan” jokatzeko eta ikusteko aukera eskainiz. Sarea erabiltzen ez denean, frontisean batuta egoteko diseinatu dutela nabarmendu dute uda ordezkariek, eta jakinarazi dute tokiko saregileak arduratuko direla sarearen mantenuaz, haren egoera ona bermatzeko.
Hori horrela, lankidetza honen bitartez, udalak Bermeoko lanbide tradizionalak balioan jartzeko duen konpromisoa azpimarratu gura izan dute. Eta alkateak proiektu honen atzean dagoen “ideia erromantikoa” ere azpimarratu du, udalerriko bi tradizio batzen dituelako: zesta-punta eta saregileen itsas tradizioa. “Pertsona batzuek sare bat baino ez dute ikusiko, baina nik haratago ikusten dut. Gure herriko bi sektore garrantzitsuren batasuna ikusten dut”, nabarmendu du Nemehk, proiektuak euskal pilotaren modalitate desberdinak egitea errazteaz gain Bermeoko kutura eta nortasuna aberasten dituela gehituz.
Alkateak eskerrak eman dizkie saregileei euren laguntza eta prestutasunagatik, eta Urdaibaiko Itsasalde Kirol Kluba ere eskertu du, jardunaldia prestatzeagatik: “Adibide honek erakusten du sektore desberdinen arteko lankidetza onuragarria izan daitekeela gure komunitatearentzat. Asko eskertzen dugu proiektu honetan inplikatutako guztien ahalegina eta dedikazioa”.
Bertaratukoek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute sare berriaren funtzionaltasuna, eta zuzeneko erakustaldiez gozatu ahal izan dute. Era berean, tokiko kirol jardueran izango duen “eragin positiboa” ikusi ahal izan dute: “Proiektu honek udalak tokiko azpiegiturak hobetzeko eta kirol eta kultura jardurak sustatzeko konpromisoa islatzen du”.