Institutuko ikasleek herria ezagutzera emateko ibilbideak diseinatu dituzte
Bermeo BHIko DBH2. ikasleek udalerria ezagutzera datozenentzat audiogidak prestatu dituzte, beraientzat interesgarrienak diren guneetatik abiatuta.
Bermeoko BHIko ikasleek Bermeo ezagutzera emateko audiogidak prestatu dituzte. DBH 2. mailako ikasleek gauzatu dute proiektua, eta beraientzat udalerriko gune interesgarrienak direnak aukeratu eta zortzi ibilbide ezberdin sortu dituzte. Bisitariek zein herrian bizi direnek Bermeo hobeto ezagutzeko helburuagaz, hautatu dituzten tokietan QR kodeak jarri dituzte.
Proiektuak eremu linguistikoko ikasgaiak izan ditu oinarrian, hau da, euskara, gaztelania eta ingelesa. Hala, Bermeoko Turismo Bulegoagaz lankidetzan, informazioa hiru hizkuntzetan jarriko dute. Audiogidak grabatu aurretik, ikasleek udalerriko gune ezberdinen informazioa bilatu behar izan dute. Turismoari begirako lana izanik, ez dute informaziora mugatu nahi izan eta ohiturak, kondairak eta kultura eta historiari lotutako datuak ere jorratu dituzte. “Aurretik Bermeori lotutako kondairak landu genituen, turismo gida batean informazioaz gian kultura eta historiari buruzko datuak ere egoten direlako, horregatik, irakurmena eta ulermena lantzeko testuak gai horri lotutakoak ziren, eta hor agertzen zen, adibidez, San Juaneko oinatzei buruzko kondairak”, adierazi du Oihana Moranek, proiektua gidatu duen irakasleetako batek.
Ikasleek azaldu dutenez, proiektuagaz “ikas-komunitatea indartu” eta herriari buruz gehiago ikasteko aukera izan dute. Gainera, proiektua “informazio iturri fidagarriak” non aurkitu daitezkeen ezagutzeko ere baliagarria izan dute: “Itsosupeteko Ondarea asko erabili dugu, eta Urdaibairi buruzko beste hainbat web orrialde ezberdin ere”. Hasiera batean aukeratu zituzten guneetako informazioa eskuartean zutela, zirriborroa idatzi eta audiogida grabatu dute ikasleek. Institutoko irakasleak proiektuan zehar “gidariak” izan dira, baina lana ikasleek “euren kabuz” egin dutela azpimarratu dute.
Bermeon zehar QR bitartez sortu dituzten zortzi ibilbideez gain, institutuan plano handi bat kokatu dute: “QR eta ibilbideak kolorez markatu ditugu, Bertan bakarrik euskaraz ipini dugu, uste dugulako han garrantzia eman behar diogula euskarari, baina herrian zehar hiru hizkuntzetan egongo da: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez”.
Ibilbideak:
-
-
- 1. ibilbidea: Alde Zaharra I > Sanjuanportale, Goiko Plaza eta Ertzilla Dorrea.
- 2. ibilbidea: Alde Zaharra II > Josefinak (Gizarte eta Kultura Etxea), Bazterre, Torrontero eta Tala.
- 3. ibilbidea: Nestor Basterretxea > Benito Barruetaren omenezko eskultura, Olatua (portua) eta Euskal Kosmogonia (Lamera).
- 4. ibilbidea: Bermeoko eraikin bereziak > Kikunbera, Kasinoa, Ormaza, Batzokia eta Bermeoko ospitale psikiatrikoa.
- 5. ibilbidea: Elizak > Santa Eufemia, Santa Maria, San Frantzisko eta Kurtzioko baseliza.
- 6. ibilbidea: Erdigunea > Taraska, Klaustroa eta Erribera.
- 7. ibilbidea: Gure itsasertza > Aritzatxu, Matxitxako eta Gaztelugatxe.
- 8. ibilbidea: Gure sinboloak > Izaro, Xixili, Bermeoko armarria eta Gaviota.
-
Proiektu aberasgarria.
Maite Caruezo Turismo zinegotzia ikasleek proposamenagaz “pozik” agertu da: “Ilusio handia egin zidan gure herriko gazteek besteontzat Bermeo zer den idatzi nahi izana”. Era berean proiektua “aberasgarria” dela adierazi du, bai ikasleentzat, bai herriarentzat, “interesgarria” delako Bermeo bisitatzen dutenen horientzat herriko jendeak egindako eskaintza izatea.
Caruezok proiektuan parte hartu duten ikasle eta irakasleei eskerrak eman dizkie, herri parte-hartzailea izatearen garrantzia azpimarratzeagaz batera: “Hau da guk etorkizunean ikusten dugun herria, herri parte hartzailea. Uste dugu garrantzitsua dela gaztetatik hastea, eta oso pozik nago proiektu hau egin duzuelako”. Nabarmendu duenez, udalerriko gazteek ekintzetan parte hartzeko interesa badagoela argi utzi dute, eta udala horiek “bultzatu eta laguntzeko” prest egongo dela azaldu du.