"Ezin dugu herritarren segurtasuna bermatu"
Gernika-Lumoko Ospitaleko erizainen iritziz, «Osakidetzak ospitalea ez du behar bezala zaintzen». Egoera aldatzeko, larrialdi zerbitzuetako erizainen lantaldea handitzea eskatu dute.
Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdietan «ez da herritarren segurtasuna bermatzen». Hori salatzen dute larrialdietan lan egiten duten erizainek. Osakidetzak Gernika-Lumoko Ospitalea «behar bezala zaintzen ez duela» uste izateaz gain, lantaldea indartzea eskatu dute, behin eta berriz.
Erizainek azaldu dutenez, denboratxoa daramate lantaldea indartzeko eskaerak luzatzen. Hasieran, erabaki hori babesten zuten datuak eskaintzea eskatu zieten zuzendaritzatik, eta behin horiek emanda, erantzunaren zain jarraitzen dute. OSI Barrualde-Galdakaok eskainitako datuen arabera, Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdietara hurbiltzen diren herritarren kopurua %25 igo da azkenengo bi urteetan. Egoera, baina, «orain dela sei urte hasi zen bihurritzen», eta momentu honetan erabakiak hartu behar direla uste dute.
«Asisentzia eskaria handitu izanaren arrazoia izan daiteke biztanleriaren batezbesteko adina igo izana. COVIDak utzi dituen ondorio suntsitzaileak ere kontuan izan behar dira. Horiez gain, osasun zentroetan behar beste langile ez izateak ere harreman estua du larrialdietan bizi dugun egoerarekin», azaldu dute.
Langileen eskaria «argia» da: eskaria handitu den heinean, lan taldea ere indartu behar da. Langile kopurua igo ezean, «ez da asistentziaren kalitatea bermatzen» eta ezin da herritarren segurtasuna «uneoro bermatu».
Berdintasun nahia
Galdakao-Usansolo Ospitalea da OSI Barrualde-Galdakaoko erreferentziazko ospitalea. 99.897 herritar pasatu ziren bertako larrialdietatik 2023an. Gernika-Lumokotik, aldiz, 29.955, Galdakao-Usansolokoaren %33,88. Langile kopuruari dagokionez, ordea, portzentaiak guztiz desberdinak dira. Erreferentziazko ospitalean 29 erizain egoten dira eguneko, eta Busturialdekoan zazpi asteko hiru egunetan eta zortzi asteko beste lau egunetan. Eritzaintzako laguntzaileei dagokienez, aldeak oraindik nabarmenagoak dira: Bilboaldekoan 21 daude eguneko, eta bertokoan lau hiru egunetan, eta hiru lau egunetan. Erizainek, beraz «ratioa guztiz desberdina» dela salatzen dute, eta ospitale bietan herritarren araberako lantalde bera ezartzea eskatzen dute.
Lantaldea kopuruz «ahula» izateaz gain, Gernika-Lumoko erizainek ez dute errefortzurik izateko aukerarik. Ze, Galdakao Usansolokoan ez bezala, Gernika-Lumon larrialdiak jendez gainezka badaude, ez daukate beste solairu bateko erizainen laguntza izateko aukerarik.
“Langile gutxi egoteak, eragin zuzena dauka herritarren segurtasunean”
Lan kargak handiak direnean, erizainak gainezka ibiltzen dira. «Langile gutxi egoteak, eragin zuzena dauka herritarren segurtasunean. Erizainak beti saiatzen gara euren ongizatea bermatzen, baina beti ez da posible izaten. Momentu horiek ahalegin pertsonal izugarriak eskatzen dizkigute. Herritarren ongizatea gurearen gainetik jartzen dugu sarritan», azaldu dute.
Gainera, larrialdietara doazenen segurtasuna kolokan dagoela ikusten dutenean, «presioa sentitzen» dute, eta horrek lanean «eragin zuzena» duela aitortu dute. Ezer larririk gertatu ez bada ere, estres horrek lana txarto egitea ekar dezakeela ohartu dute.
Larrialdi «handi» bat gertatzen denean, larrialdi zerbitzua hutsik geratzeko arriskua dago. Esaterako, hematemesis bat, bihotzeko bat edo bihotz-biriken geldialdi bat dagoenean, larrialdietako erizainek kasu hori artatzera joan behar dute. Beraz, larrialdiak erizainik gabe, edo asko jota, triajeko erizainarekin baino ez dira geratzen. «Kasu horietan gainontzeko herritarren segurtasuna ez dago bermatuta», zehaztu dute. Jakinarazi dutenez, hilabeteko epean lau aldiz gertatu izan da larrialdietako zerbitzua erizain gabe geratzea. Horrelako kasurik gerta ez dadin, OSI Barrualde-Galdakaok udan, Gabonetan eta Aste Santuan erizain bat gehiago jartzeko erabakia hartu duela jakinarazi die. Erizainen ustez, baina, hori adabaki bat baino ez da, eta erabaki horrekin «ez zaio egoerari konponbidea» ematen. «Gainerako hilabete edo asteetan patologia larriei aurre egiteko arriskurik ez dagoela dirudi», kexatu dira.
Egoera hori ospitalea eraiki zenean egin ziren promesei erantzun ez izanaren ondorioa dela uste dute bertako langileek. «Hasiera batean, ospitalizazioko solairua, dialisia, kirurgia handi eta txikiko ebakuntzak etab. eskainiko zirela esan zuten. Gaur egun, zerbitzu horien gutxieneko batek baino ez du funtzionatzen, eta daudenetako batzuk ez dituzte behar beste baliabide».
Horregatik, erizainek mezu argia bidali dute: «Segurtasuna bermatzeko langile gehiago behar ditugu» . l