Bermeoko kiroldegiko langileek zentroko lehen hitzarmena lortu dute
ELA sindikatua eta patronala hitzarmen sektorialaren "baldintzak hobetzen" dituen akordio batera iritsi dira. Hitzarmenagaz, Bermeoko kiroldegiko langileek %7ko igoera izango dute oinarrizko soldatan.
Ia bi urteko negoziazioaren eta 20 greba egunen ondoren, Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako hitzarmena sinatzeko akordio batera iritsi ziren ekainaren hasieran LAB, UGT eta CCOO sindikatuak eta patronala. ELAk, berriz, akordioaren kontra agertu zen, eduki nahikorik ez zuela argudiatuz. Hala, %49ko ordezkaritzagaz, ELAk langileen grebak mantenduko zituela iragarri zuen. Sektoreko hitzarmena sinatu eta aste batera baina, ELAk eta patronalak “hitzarmen sektorialaren baldintzak hobetzen dituen akordioa” lortu, eta, Bermeoko kiroldegiko langileek zentroko lehen hitzarmena eskuratu dute.
Bermeoko kiroldegian lortutako akordioak %7ko igoera jasotzen du oinarrizko soldatan, eta plusetan ere hobekuntzak izango dituzte langileek: euro bat igerilekuetako klase bakoitzeko eta 1,5 euro lurrean eta aquagym klase bakoitzeko. Era berean, domeketan lan egiteagatik 10 euroko plusa eta jaiegunetan lan egiteagatik 25 euroko plusa ere jasoko dituzte. “Bermeoko plantillak, 10 langilerekin, argi izan zuen hitzarmen sektorialean negoziatutako baldintzei buelta emateko alternatiba bakarra bere zentroko borrokarekin jarraitzea zela, eta hala izan da”, adierazi dute sindikatutik.
Lanordu murrizketa.
Sektoreko hitzarmena lortzeko oinarrizko aldarrikapena 35 orduko lanaldia zen, eta lortu egin dute: 1710 orduatik 1592 ordura pasatuko dira. Soldata igoerei dagokienean, berriz, 2024ko abenduaren 31n egingo den KPIaren errebisioaren bidez, soldatak azken urteetako KPIra eguneratzea adostu dute. Gainera, bi urtero errebisioak egingo dira, igoerak azpitik baldin badaude eskuratze ahalmena eguneratzeko helburuagaz.
Azken urteetan sinatutako akordioen aldean, sektoreko hitzarmen berriak eduki berriak ere aintzat hartu ditu; hala nola; domeketan lan egiteagatik konpentsazio plusa, ultraaktibitate mugagabea, gaueko plusa, nominen erregulazioa edota erretiro behartua. Bestalde, beste hainbat kontu zehazteko “negoziazio batzordeak sortzeko konpromisoa” adostu dute.