Sarea ehuntzeko tresnak sortu izanari aitortza egin dio Sarek
Dispertsio politika eta "salbuespen neurri guztiak" indarrean zeudela hasi zuen bere bidea Sarek, duela 10 urte. Eragile eta espazio ezberdinekin elkarlana sustatuz, eragileak "antolatzea eta aktibatzea" izan da helburua, eta afera hori soluzio bidean jartzea "ezinbestekotzat" jo dute Sarekideek.
Sare Gernika-Lumok hamar urte beteko ditu aurten, eta efemeride hori ospatzeko ekitaldia antolatu zuten atzo iluntzean [ekainak 14]; eguraldiak ez zuen asko lagundu, baina azken unean ekitaldia Merkuriotik Merkatu Plazara lekualdatu behar izan bazuten ere, Sarekide gernika-lumotarrek ez zuten huts egin: 70 bat lagun elkartu ziren bertan. Hala, Sare herritarretik gogoratu zutenez, 2014ko ekainean hasi ziren “preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko sareak ehuntzen”, eta Gernika Lumon urte bereko urrian egin zuten aurkezpena.
Txoriburu Produkzions musika taldeko Asier Gomez eta Asier Foruria taldekideek eman zioten hasiera ekitaldiari. Gitarrak eskuetan, kantu bat abestu eta sarekideei eman zieten hitza. HoriekĀ hasierako testuingurua “konplexua” izan zela esan zuten, dispertsio politika eta “salbuespen neurri guztiak” indarrean zeudelako. Atzera begirako ariketa egin eta, mugimenduaren jaiotza “gogorra”Ā izan bazen ere, helburuak lehen unetik argi izan zituztela azpimarratu zuten Sarekideek: “Giza eskubidak, konponbidea, bakea”.Ā
Hamar urtez Gernika-Lumoko eragile eta espazio ezberdinekin elkarlana sustatu dutela nabarmendu zuten, “Sare Herritarrak bultzatzen duen helburuagaz gehiengo sozial sindikal, politiko, instituzional, kultura egon badagoela aintzat hartuta”. Azaldu zutenez, mugimenduaren helburua eragileak “antolatzea eta aktibatzea” izan da, eta helburu guztiak bete bitartean horretan jarraitzeiko prest daude.Ā
“Ezberdinen arteko sarea ehuntzeari ekin genion: eremuz eremu, eragilez eragile, norbanakoz norbanako: Ispiluen Proiektua prozesu soziala sustatu genuen,Ā horrela, Gernika-Lumon, gehiengo soziala sustatzeko”, nabarmendu zuten Saretik. Helburua lortzera bidean, azken hamarkadan aurretik ez zituzten tresnak sortu izanari egin zioten erreferentzia sarekide gernikarrek; hala nola, Dispertsioaren liburuxka, Erradiografiak, Aterabidetik ikus-entzunezkoen sorrera memoria eraikuntza eta azken ostiralak.Ā
Pandemiak beraien jarduna “asko zaildu” zuela aitortu zuten, baina hala ere, “mobilizazio deszentralizatuari eutsi eta euskal presoek eta haien senideek pairaturiko eskubide urraketa” kalera eramatea lortu izana balioan jarri nahi izan zuten.Ā
Era berean, atzoko agerraldian Sare Herritarra ilegalizazio prozesu baten ondorioz jaio zela gogoratu zuten: “600dik gorako preso gatibu, urrunduak eta dispertsatuak zeuden garaian; ehunka iheslari munduan barrena sakabanaturik, eta, batez ere, gatazka politikoaren konponbidetik urte batzuk eskas baino urrunago”. Hala, garai hartan jendarteak “iraganari begirako errealitatea” berriz ere indarrean jartzeko “asmo politikoa” pairatu zutela salatu zuten.Ā
Oraindik soluzio bidean.
Hasierako testuinguruagaz batera, euskal presoen egungo egoerari egin zioten aipamena Gernika-Lumoko sarekideek; izan ere, oraindik 134 preso, 17 iheslari eta 3 deportatu daude, eta, adierazi zutenez, afera hori soluzio bidean jartzea “ezinbestekoa” da. “Iraganari lotzen gaituen sufrimenduaren atal hau behin betiko amaitu eta erresolbitu behar da”, adierazi zuten. Atal hori amaitutzat emateak “bake eszenatokian eta elkarbizitzaren eraikuntzan” aurrerapausoa emateko aukera emango lukeela nabarmendu gura izan zuten Saretik.Ā
Gernika-Lumoko Sare Herritarrak hamar urtez mugimenduaren “partaide aktiboak” izan diren horiei eskerrak emanez bukatu zuen ekitaldia. “Ibilbide hau guztia ezinezkoa izango zen norbanako, eragile eta eremu askotariko jendearen inplikazioa eta konpromisoa izango ez bagenu”. Hala, Sare Herritarrak bere ibilbidea “lehenbailehen” amaitzea nahi dutela “argi eta garbi” esan zuten, baina helburu guztiak bete direlako: “Horretan zentratuko gara eta lanean jarraituko dugu. Guztion artean lortu dezakegu”. Hamarkada bateko ibilbidearen ospakizunari amaiera emateko luntx batean bildu ziren, Merkatu plazan bertan.