Herriko nekazal azokan bildu dira gautegiz arteagarrak
Lehen sektorea bultzatu eta eskualdeko ekoizleei ikusgarritasuna emateko antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak azoka. Herritarrak, ekoizleak eta alkatea "oso pozik" agertu dira herri azokak izandako erantzunagaz.
Busturialdeko lehen sektorea eta ekoizleen lana bultzatzeko asmoz, Gautegiz Arteagako Udalak herriko azoka antolatu du, eta jendetza bildu da bertan gaur [ekainak 15] eguerdian. Herriko parkera bertaratu direnek, eguraldia lagun, erosketa saskia euskal produktuekin betetzeko aukera izan dute; jan-edanik ere ez da falta izan.
Baserriko zein itsasoko produktuek hartu dute udalerria, guztiak bertoko ekoizleak: Egala (Gautegiz Arteaga) eta Urdaibai (Arratzu) upategiak; Baskaran (Markina-Xemein) gaztak; Royo antxoak (Bermeo); Perez kontserbak (arrantza jasangarritik eratorriak eta produktu ekologikoekin eginak); edota Pierola (Araba) eta Marques de Caceres (Errioxa) upategietako ardoa. Talo jana, bestalde, Arabako Taloak–en eskutik gozatu dute. Herritarren ustetan, horrelako azokak egiteak “izena” ematen die herriari zein ekoizleei, eta, horregatik, udalak aurrera eraman duen ideiagaz “oso pozik” agertu dira: “Herritar asko bildu bagara ere, esan behar da inguruko herrietatik ere jende dezente etorri dela”.
Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkatea pozik agertu da herritarren erantzunagaz eta azokaren balorazio “oso positiboa” egin du: “Gu udalean gaudenetik lehenengo aldiz egin dugu, baina lehen, orain dela urte asko ere egiten zen”. Adierazi duenez, herritarrez gain ekoizleak ere “oso pozik” daude, beraien produktuak saldu dituztelako. Hala, herri azokak egunerokotasunean kalera irteteko ohitura ez dutenei auzokideekin elkartzeko aitzakia eskaini diola azaldu du: “Herritar guztiok bildu gara berton”.
Ekoizleek bat egin dute Saituagaz; lehen orduan azoka nahi nahiko hutsik zegoen, baina eguerdi aldera “pila bat jende” hurbildu dela adierazi dute. Gainera, produktuak “oso ondo” saldu direla azpimarratu dute: “Produktuak onak dira, kalitatekoak, eta merkatua zabaltzeko aukera eman digu; asko gustatu zait esperientzia”. Era berean, herri txikietan herri azokak egitearen garrantzia nabarmendu dute saltzaileek, “ahoz-ahoko salmentak” areagotzen dituztelako. “Herri txikietako jendea agian ez da erdigunera horrenbeste joaten, eta askok hau bezalako azoketan ezagutzen gaituzte; produktua eta marka ezagutzen dituzte, jeneroa probatzen dute, eta ahoz-ahoko salmentak bultzatzen dituzte, gustatu zaiena beste batzuei gomendatzen dielako”. Gautegiz Arteaga bertaratu direnen erantzunagaz pozik, nekazal azoka berriz ere errepikatzea espero dutela adierazi dute.