Daliako eraisketa lanen etetea eskatzeko bildu dira herritarrak
Dalia fabrika zaharra eraisteko lanen hasiera salatu eta Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uztea eskatu dute herritarrek gaur goizean [ekainak 15], hainbat plataformek deitutako elkarretaratzean.
Gernika-Lumoko Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak hasi direla salatzeko helburuagaz elkarretaratzean bildu dira gaur [ekainak 15] Urdaibaiko herritarak. Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariek Guggenheim Urdaibai proiektuaren bi egoitzetako bat jartzeko aurreikusten lekua da hori; horregatik, Zaindu Dezagun Urdaibai, Guggenheim Urdaibai Stop, Guggenheim EZ, Eguzki Talde Ekologistak, Ekologistak martxan eta Lanius Ornitologi Elkarteak elkarregaz zabaldutako deialdiak erantzun zabala jaso du: eskuetan pankarta eta banderak eta kamisetak soinean dituztela, lanen eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren etetea eskatu dituzte.
“Dalia testuinguru historiko batean kokatu behar da, eta kontutan izan behar da nondik etorri zen, zer egin zen berton eta zer garrantzia duen Gernikarentzako”, adierazi dute. Era berean, gogoratu dute Gernika-Lumoko fabrikaren zati batzuk balore etnografikoaz gain, “interes historikoa” ere baduela, ikuspuntu konstruktibo batetik: “Horretarako proposamena egin genuen duela bederatzi hilabete eta badirudi ez digutela onartu. Lizentziaren aurka helegitea ere aurkeztu genuen, baina ez dugu inolako erantzun jaso”.
Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim Fundazioak azken urteetan emandako pausuak gogoratzeagaz batera, urtarrilaren 22an Iñigo Urkullu lehendakariak Guggenheim Urdaibai proeiktuaren bideragarritasunari buruzko gogoeta aldia iragarri zuela nabarmendu dute: “Proiektuaren inguruan pentsatzeko bi urte hartuko zituztela iragarri zuten, eta agerian geratu da jendea desmobilizatzeko baino ez zela izan”. Azaldu dutenez, Dalia eraisteko hondeamakina modu “erdi klandestinoan” egin da, eta ez dakite lan horiek aurrera eramateko beharrezko lizentziarik aitortu zaien.
Modu berean, herritarrei oinarrizko informazioa eskaini ez izana leporatu die eraisketa lanen arduradun guztiei: “Hartu beharrekoak ziren osasun eta prebentzio neurriak ez diote batere inporta izan. Hemen amiantoa dago, eta jendeari, inguruko auzokideei ez zaio horren berri eman”.
Harrerako gaitasuna.
Bai eraisketak, bai Guggenheim Urdaibai proiektuak “biosferan izango duen inpaktua” salatu nahi izan dute beste behin. Hala, gogoratu dute txosten ofizialek diotenez Urdaibaik “ia gaindituta” duela harrerako gaitasuna: “Orduan, zertarako behar dugu jende gehiago? Modelo turistikoa bultzatzeko”. Adierazi dutenez, modelo horrek errekan dauden “balio naturalak, kulturalak eta hizkuntza bera ere” arriskuan jartzen ditu. Proiektuak bultzatzen duenak “inbasio kulturala” eta lurraldearen suntsipena ekarriko dituela aurreikusten dute: “Urdaibak duen helburuaren kontrako ekintza zuzena da”.
Daliaren eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra antolatzen jarraitzeko prest agertu dira elkarretaratzean bildu direnak. Horregatik, adierazi dute udaletxera joko dutena aurkeztutako salaketaren inguruan erantzunik jaso ez dutela salatzera: “Guri ez digute zabaltzen babes judizial eragingarria jasotzeko aukera, eta hori ere landu beharko dugu. Modu eta denbora batean erantzun bat jasotzea guztiok dugun eskubidea bada, agian ez gara Arartekora joango —Herriaren Defendatzailea—, guardiako epaitegira baizik”. Izan ere, fiskaltzan, kultura sailean eta udaletxean ipini dituzte salaketak eta bat-berak ere ez die erantzun.