Kirola, kultura, euskara eta saretzea
Mundakako Isla Kale kiroldegiko abonatuek ibiltari sarea sortu dute, eta, gainera, ikasturte amaieran piragua irteera bi ere egin dituzte.
Mundakako Udalak eta, zehazki, bertako kirol teknikaritza lantaldeak antolatuta, herriko kiroldegian abonaturiko herritarrei zuzendutako kultur eta kirol eskaintza sustatu dute aurten. Kiroldegian, mantenu saioak egin dituzte emakumezko mundakarrek, eta ikasturte amaieran denetariko jarduerak egiten dituzte. Aurten, hain zuzen ere, herritarrak astelehenero eta eguaztenero elkartu dira, irailetik ekainera bitartean. Piragua irteera iaz egin zuten estreinakoz, eta aurten errepikatu egin dute; hilaren 4an eta 5ean uretaratu ziren, talde bitan banatuta. Besteren artean, Laidatxu hondartzatik, portutik edota herriko kostaldetik ibili ziren arraunean.
Horrez gain, ibiltarien sarea ere ehundu dute herritarrek. Martitzenero, oinez hainbat ibilbide egin dituzte. Kiroldeagian edota kirola.mundaka@bizkaia.org posta elektronikoan izena emanda, 10:00etan ekiten diote ibilaldiari. Hainbat ibilaldi egin dituzte, eta ekaineak nahiz uztailean ere horrexetan jarraitzeko asmoz daude: hilaren 18an, Laidara itsasontziz joango dira, eta handik Lagarako bidea oinez egingo dute, ostean berriro ontziz bueltatzeko. Ekainaren 25ean, aldiz, Busturiko San Kristobal auzoko padurak bertatik bertara ezagutuko dituzte, 14 kilometroko ibilbidean. Uztailaren 2an, berriz, Foruraino trenez joango dira, handik Gautegiz Arteagako gaztelurainoko ibilaldia egiteko; Gernika-Lumon hartuko dute itzulerarako trena.