"Industria musikalak duen erritmoak niri bost axola dit"
Musikari bermeotarrak 'Ilargiaren Semea' albuma kaleratu du. Gaur [ekainak 14], Mungian aurkeztuko du; bihar [ekainak 15], aldiz, Soraluzen eta Sondikan ariko da. Esperimentazioz, kolaborazioz eta sekretuz betetako lanaren nondik norakoak argitu ditu.
Kalean sortu, kalean hazi, kalean hezi. Hip-hop musikaren definizioa dirudi, baina XSakara proiektuaren laburpena da. Xabi Gutiez bermeotarrak gazte-gaztetatik sentitu du kale musikaren eta, bereziki, hip-hoparen olatua, bere barruko itsasoan. 2016an igo zen olatu haren gandorrera eta, modan dagoenari jaramon egin barik, barrenari jarraituz josi du orain arteko bidea. Bere azken lana, Ilargiaren Semea, horren erakusle da. Itsaso harrotu bat, librea, basatia, lotzen ezinezkoa.
Autotunea erabiltzen edota hip-hopa, rapa eta trapa fusionatzen lehenengotarikoa izan zinen Euskal Herriko musika eszenan. Kanpo presiorik edo kritikarik jaso al zenuen?
Atzera begiratuta, eta analisia eginda, gauzak hobeto ulertzen ditut. Nik ez dut sekula musikarik sortu boladan egoteko edo kanpoko eragina asetzeko: uneoro sentitu eta pentsatu dudanari kasu egin diot. Egia da, baina, sortzen dudan estiloak zelan edo halan molestatu egin diela zenbait sektoreri; azken urteotan hori aldatzen ari da. Uste dut gizartearen joeretako bat horixe dela: zapping aroa bizi dugu, dena bizkor, eskuragarri eta ondo gura baitugu. Gauzei ez diegu merezi duten tartea eskaintzen, eta gustuko ez dugunari atoan uko egiten diogu, are gehiago, horren hater bihurtzen gara.
Hiru lan luze kenduta, zure gainontzeko produkzioa lagin eta aurrerapen txikitan gorpuztu duzu. Ahotan darabilzun zapping merke horretara moldatu guran ala senari jarraituz egin al duzu horrela?
Egungo industria musikalak duen erritmoak niri bost axola dit. Berdin zait Durangoko Azoka noiz den. Data aldetik ondo koadratuz gero, agertoki hori erabiltzea ondo deritzot, baina sorkuntza ezin daiteke soilik horra begira ipini. Uste dut nire erritmoan ondo funtzionatzen dudala, oso langilea bainaiz; industriak egun ezartzen duen abiadura aspalditik modu naturalean hartua dut, gogor lan egitea beti maite izan dudalako.
“Ilargiaren Semea terminoa zarratu gura dudan etapa bat da, neure buruari ipinitako ezizen bat”
Ilargiaren Semea terminoa sarri agertu da zeure ibilbidean.
Bai. Zarratu gura dudan etapa bat da, neure buruari ipinitako ezizen bat. Gauza askogaz lotuta dago, batik bat, insomnioagaz. Ilargiaren Semea 1619 lana kaleratzean, nire bizitzako urterik latzenetakoak argitara eman nituen. Ondoren etorri ziren Lurrikarak 1 eta Lurrikarak 2 EPak, eta lehen lanaren mamuak uxatu zituzten. Orain, Ilargiaren Semea album berriagaz, ziklo bat guztiz itxi nahi dut. Atzera begiratuta, musika triste samarra eta atmosfera goibelduna egin dudalakoan nago, eta kargutu naiz badudala sortzeko beste modu bat, baditudala beste ikusmolde zein abiapuntu batzuk. Neure ibilbideak beste etapa batera saltoa egitea nahi nuke.
Etapa bukatzeko, dena sortu zen tokira jo duzu: herrira.
Lana herriko jendeagaz sortu dut goitik behera. Berez, ez naiz horren bila joan, baina halaxe atera da. Asier Renteriaren estudioan sortu dugu, bere gidaritzapean. Abestiak eurak atenporalak dira: duela lau urte sortuak berriki jaiotakoekin bat datoz. Erregistroari dagokionez, gustukoena egin dut: iturri denetatik edatea. Estilo arteko hibridotasuna maite dut eta, besteak beste, hip-hopa eta trapa rockagaz, musika elektronikoagaz edota baladekin mimetizatu dut. Edozelan ere, beti egin izan dudan aldarria gogoratu gura nuke: eskola zaharrekoa ez izanagatik ere, hip-hopa beti izango da nire musikaren gidalerroa.
“Album berrian, abesti bakoitzak influentzia jakin bat eduki duela esango nuke”
Zeintzuk izan dituzu ispilu, sormen etapa honetan?
Album berrian, abesti bakoitzak influentzia jakin bat eduki duela esango nuke. Oro har, kutsu elektronikoa duten zatietan, azidotasun handia lortu dugu; ACXDren eragina oso nabarmena da. Pasarterik rockeroenetan, argi suma daiteke Linkin Park asko entzuten aritu naizela. Post Malone eta Travis Scott, neure musikari maiteenetako bi, modu argian igarten dira obra osoan zehar. Horiez gain, pop musikaren sokatik ere dezente egin dut tiraka: The Kid Laroi nahiz Justin Bieber gustuko ditut. Euskal Herriko erreferenteetatik ere ikasten saiatu naiz, besteren artean, J Martina edo Sara Zozaiarengandik. Azken horren azken albumaren gozotasunak, hain zuzen, eragin handia eduki du neurea sortzerakoan.
DOINU BATEZ:
- Abesti bat: Berri Txarrak taldearen Oreka.
- Musikari bat: Post Malone.
- Album bat: Ilargiaren Semea.
- Instrumentu bat: Gitarra.
- Akustikoa ala elektrikoa? Akustikoa.
- Kontzertu bat emateko tokia: Donostiako Piratak.
- Kontzertu bat ikusteko tokia: Gernika-Lumoko Astra.
Elkarlana da albumaren gailurretako bat, zalantza barik.
Halaxe da. Batetik, lagunekin elkartzea, beraiengandik ikastea eta musika partekatzea maite dut; bestetik, bakoitzaren ekarpenek musikari eman diezaioketen nahasketa oso interesgarria da. Duela denbora bat, Urgatzegaz kolaborazio bat egin nuen; izugarri ikasteko balio izan zidan. Aurten, Etxekaltekoekin bildu naiz; izugarri ikasi dut berriro. Kolaborazioak modu naturalean bizi ditut: nik neuk eskatzen dizkiot jendeari, edo ni neu boluntario aurkezten naiz.
“16 urte nituenetik sartuta nago musikan, eta ez da egon egunik ikasteko balio izan ez didanik”
Dena dela, Bermeoko eszenari plaza gordetzen saiatzen zara beti, ezta?
16 urte nituenetik sartuta nago musikan, eta ez da egon egunik ikasteko balio izan ez didanik. Adibidez, Revertt moduko hardcore talde bategaz ibili izan naiz, baita Addar eta Ost talde rockeroekin ere. Bermeokoa musika eszena handia da: talde asko daude, eta maila handikoak. Edozelan ere, gazteria galdurik sumatzen dut, noraezean. Ni neu, adibidez, maitatuagoa sentitzen naiz Gernika-Lumon, Bermeon baino. Bermeoko taldeak noranzko berean arraunean gabiltza, baina gazteenek ez dute batelera igo gura.
Batelera zalantza egin gabe igo direnak etxekaltetarrak dira.
Bai. XSakara eta Etxekalte familia dira: beraiekin kontzertuak ematea gozamena da niretzat. Disko berrirako Nire kartzelan abestia grabatzeaz gain, Berrizen eta Zamudion zuzenean jo genuen, eta jendeak harrera bikaina eman zion. Emaitzagaz oso pozarren geratu gara guztiok; espero dut aurrerantzean berriro zuzenean jotzeko aukera edukitzea.
“Album berria aurkezteko sortu dugun zuzeneko formatua inoizkorik intentsoena da”
Eta, behin zuzenekoak aipatuta, zein asmo duzu?
Album berria aurkezteko sortu dugun zuzeneko formatua inoizkorik intentsoena da; formula berri ugari probatu ditugu. Rap abeslarien kontzertuei maiz egotzi ohi zaien egituratik aldentzen saiatu naiz: abesti arteko geldiuneak ekidin, eta denetariko zubiak egin ditugu. Monotoniari ihes egin diogu: introak, outroak, beat-ak… kontzertu ia-ia kontzeptuala da. Gorabehera handiko zer edo zer sortzea da kontua: igoerak eta jaitsierak edukitzea, abestien ordenagaz ikusleengan sentsazio desberdinak piztea. Gainera, zuzenekoaren formatua zarratua izanda ere, agertoki mota bakoitzera zeharo moldagarria ere bada. Datei dagokienez, gaur Mungian ariko naiz eta, bihar, zita bikoitza edukiko dut oholtzagaz: Soraluzen eta Sondikan taularatuko naiz. Hilaren 28an, Intxaurrondon egongo naiz; uztailean, aldiz, Trintxerpen, Loiolan, Arbonan eta Gabirian joko dut.