Egindakoa eta egiteko dagoena ezagutarazteko
Mikel Bilbao alkateorde eta Obra, Zerbitzu eta Mantenu saileko arduradunak herritarrei azaldu dizkie udalak egin eta egiteko dituen hirigintza proiektu, obra eta egitasmoak, III. Hitzaldi Informatiboan.
Mundakako udal gobernu taldeko kideek hitzaldi informatibo bidez helarazi dizkiete herritarrei udalerrian egin dituzten egitasmoen, proiektuen edota hirigintza nahiz zerbitzu obren nondik norakoak. Eguenean [ekainak 13], 18:30ean, mundakarrak Gaztelekuan elkartu ziren, III. Hitzaldi Informatiboa jasotzeko; bertan egon zen Mikel Bilbao alkateorde eta udaleko Obra, Zerbitzu eta Mantenu saileko arduradunak. Herritar Alternatibaren buruak herritarrei argitu zien aurten udalak egin dituen hirigintza proiektuak zeintzuk diren eta, era berean, urte amaitu orduko egitea aurreikusten duten proiektuen berri ere eman zien. Ez hori bakarrik: mundakarren kezkak, zalantzak edota iradokizunak entzuteko aukera ere egon zen aurkezpenaren hondarrean.
Bilbaok, lehenik eta behin, egiteke dauden proiektuetan ipini zuen fokua. Sei egitasmo izan dira: Tribisarrospeko haurreskola, eskolako komunen konponketa, Mundaka eta Bermeo arteko ibilbidearen argiztapena, zaborra lurperatzeko sistema, kale garbiketa eta Mundakako kaleak, denONAK egitasmoaren aurkezpena.
Tribisarrospeko haurreskolako obrak lizitaziora atera zituzten, baina esleitu barik geratu zen; aurrekontuan aldaketa bat egin zuten, baina “akats bat” egon zela argitu zuten. Horrenbestez, lizitazio prozesua “berriro hasieratik abiatu” behar izan zuten. Obrei dagokienez, beheko solairua birmoldatu gura dute, espazioak berrantolatu, eta espazio berriak sortu ere bai. Eraikinak argi gehigo edukitzea helburu dute: “Atmosfera garbi eta argitsuak lortu gura ditugu; horrez gain, kanpoaldera irteera bikoitza egin beharko da”. Goiko solairuan, korridore zentrala eta komunak egokituko dituzte, eta arrapala bidezko irteera eraikiko dute kanpoaldera. “Kalitatezko haurreskola” lortzea dute jomuga. Hiru hilabete inguruko lanak dira horiek, baina aurreratu dute irailerako prest edukitzea “oso nekeza” izango dela.
Eskolako komunetako obrak irailerako prest edukitzea aurreikusten dute
Haurreskolan ez ezik, herriko eskolan ere obrak egin ditu udalak: komunak zabaldu egin dituzte, eta neskentzako nahiz mutilentzako moldatu, alegia, genero bereizketarik gabe. Ekainaren 21aren ostean, ikasturtea amaituta, ekingo diete obrei, eta irailerako prest edukitzea aurreikusten dute.
Mundaka eta Bermeo lotzen dituen ibilbidearen argiztapena da, bestalde, udal taldearen erronketako bat, segurtasunari begira “guztiz beharrezko lana” baita. Argiteria espaloiaren kanpoaldean ipiniko dute, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera azterketa sakona egin ondoren. Aukera bi dituzte eskuartean: batetik, zutabeekin jartzea; bestetik, barandan bertan. Lizitazio prozesua hasteko, Aldundiaren baiezkoa falta dute gaur-gaurkoz, baina 80.000 eta 90.000 euro arteko gastua iragarri du Bilbaok, hurrengo urtearen hasierarako egitea aurreikusteaz gain.
Zaborra lurperatzeko sistema da proiektu esanguratsuenetako bat. Gutxi gorabehera 70.000 euroko gastua suposatuko duen egitasmo horrek errefusa ontzien bilketa eraldatzea du xede, Kale Nagusian. Arazoa dute, baina: “Sistema hidraulikoak zenbait akats dauzka”. Horren aurrean, konponbideak planteatzen ari dira udalean. “Sistema hidraulikoa ontzi edo kaxoi bidezko sistema berriagaz uztartzea horietako bat da. Zabor bilketarkao kamioieik, atzealdetik barik, alboz batuko lukete zaborra Kale Nagusian, Errekan eta Geltokin. Urte hasierarako martxan egotea espero dugu”, azaldu du.
Kale garbiketa da eta izan da udalaren egitasmorik iraukorrenetako eta garrantzitsuenetako bat. Zikinkeriaz gin, herriko hainbat esparrutako lika izan da aurkari nagusiena. Horren aurrean, sektoreka funtzionatu dute garbiketa zerbitzuetako langileek, zonaldez zonalde eta txokoz txoko. “Garbiketa sakona eta iraunkorra izan da, eta jarraitzeko asmoa dugu. Jaietan, adibidez, horretan sakondu gura dugu; gainera, aste biro kamioi hidraulikoa ere pasatzea da asmoa”.
Orain arte martxan ipinitako proiektuetatik aurkeztu zuten azkenengoa Mundakako kaleak, denONAK izenekoa izan zen. Proiektu parte hartzaile horren ondorio nagusiak plazaratu zituen Bilbaok. Egitasmo hori, hain zuzen, Aldundiak babestuta dago, eta herriko gabeziak edota hobekuntzarako puntuak detektatzea du oinarri. Horretarako, diagnostikoa egin dute; azterketa horretarako datuen zati bat, jakina, herritarrei galdetuz jaso dute. Kezka nagusiak irisgarritasunagaz eta ekipamenduekin lotutakoak izan dira.
“Tala eta plaza arteko ermuan segurtasun eta babes handiagoa eman gura diegu oinezkoei”
Ekimena oraindik “lanketa bidean” dagoen arren, iritsi dira estreinako proposamenak: “Tala eta plaza arteko eremuan segurtasun eta babes handiagoa eman gura diegu oinezkoei; horretarako, Itxaropen kaletik Kasinorainoko tartean errepidearen kolorea aldatuko dugu”. Eraldaketa kromatikoagaz, “gidariek oinezkoei hobetsitako tokian daudela ikustea” bilatuko dute, abiadura murrizteko eta toki horretara autoz “ahalik eta gutxien” sartzeko. Horregaz bateram hiri altzarietan ere aldaketak egingo dituzte: “Gune seguruagoa eta naturalagoa eraiki gura dugu”.
Egindakoak.
Egiteke edo erdibidean dauden egitasmoak azalduta, Bilbaok jadanik burutu dituztenak erakutsi ditu: adinekoen egoitzako sistem elektrikoa aldatzea, frontoiaren birgaitzea, Gazteleku-Ludotekako konponketak, Umeen Kirol Espazioen mantenu lanak, asfaltatze lanak, saneamendu obrak, herri argiztapena eta Txorrokopuntako eskailerak.
Adinekoen egoitzan, sistema elektrikoa “egoera negargarrian” topatu dutela adierazi du alkateordeak: “Antzinatik zaharkituta zegoen sistema da, baina hutsune arriskutsuak detektatu dizkiogu; arrisku handia suposatzen du kableak egurrezko eraikin batean egoera hain tamalgarrian topatzeak”. Beraz, LED argiteria instalatu dute, eta sistema “seguru bihurtu”. Pilotalekuari dagokionez, herritarren gehiengoak erabaki du berdez margotzea eta egokitzea. Horrez gain, udalerriko pilota txapelketetan tokiko publizitatea ipintzeko “beste modu batzuk” bilatuko dituzte: “Itsaskinek eragina dute bai pinturaren, bai hormaren beraren egoeran. Beraz, beste moduren batean bermatu beharko dugu publizitate hori”.
Gaztelekuan eta Ludotekan, “erabilera desegokia” igarri du udal gobernu taldeak. Erabiltzaileen jarreran “eragitea” izan da lehen neurria. Instalazioetan, aldiz, hormak pintatzean eta telebista berria jartzean oinarritu dira lanak, Gaztelekuan. Ludotekan, ostera, zinema eremua sortu dute, eta wifi sistema berria ipini, umeentzako gune berria sortzeaz gain.
“Isla Kale kiroldegiko kirol makina zaharkituak modu progresiboan berritzea da gure asmoa”
Udalak mantentze lanak egin ditu Umeen Kirol Espazioa deritzon alorrean. Eliza aldameneko zabua aldatu dute, Tribisarrospeko jolasetako plataforma konpondu, eta alboko ping-pong mahaia margotu. Isla Kale kiroldegian, bost kirol makina zaharkitu aldatu dituzte, baina horretan jarraitzea aurreikusten dute: “Herritarrek euren beharrizana helarazi digute, makinok zaharkituak daudela azalduz; beraz, modu progresiboan berritzea da gure asmoa”.
“Erreka auzoko irteeran errepide azpian dagoen simaren arazoari asfaltatze geruza lodiagoa baino konponbide sakonagoa eta egiturazkoa bilatu behar zaio”
Asfaltatzea da herriko urbanismo obra nagusienetako bat. Goitiz auzo inguruan, zulodun guneak estaltzeaz harago, tarte luzeagoetan ere asfalto berria bota dute; Arketarainoko eremua konponduta dago, baina hurrengo urtearen Demikuko mugaraino luzatuko dute asfaltatzea. Bestalde, Erreka auzoko irteeran sima bat topatu dute asfaltopean. Momentuz, asfalto geruza lodiagoa bota dute, baina argi daukate “arazoa ez dela horrela konponduko”: “Konponbide sakonagoa eta egiturazkoa bilatu behar zaio traba horri”.
Saneamenduari dagokionez, Portu Kalean hodien kanalizazioa konpondu dute, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoagaz elkarlanean. Saneamendua bera partzuergoaren eskutik eginda ere, euri uren kanalizazioa udalaren esku egon da. Hori bai, egiteko dagoen alderdi bat nabarmendu du Bilbaok: “Arraun elkarteko saneamendua hobetu beharra dago, bonbeo bidez saneamendu sare orokorrera gehitua izan dadin”.
Arraun elkartearen instalazioetan argiteriagaz lotutako arazo “arriskutsuak” topatu ditu udalak; “konpondu egingo dituztela” ziurtatu du Bilbaok
Udalerriko argiztapenak.
Mundakako inguru askotan hobetu edo ipini dute argiztapena. Adibidez, udaletxearen arkupeetan: “Segurtasuna hobetuko du, baina, batez ere, data jakinetan tematika bereziak sortu ahalko dira”. Tribisarrospen, sistema elektrikoa berritu dute, eta udaletxeko bilkura aretokoa, aldi, aldatu. Goitiz auzo inguruan, kale argien arteko distantzia luzatu egin dute, eta orain farolak urrunago iristen dira: “Landa eremuotan gehiegizko argi kutsadura ekidin gura dugu, baina toki denek gutxieneko argiztapena eduki dezatela bermatuz”. Horrez gain, Lamiarango gasolindegi inguruko eremuan ere kale argiteria aldatu dute, eta arraun elkarteko komunetakoa hobetzea “egiteko dago”: “Egoera txarrean dago, argi jakin batzuek zapuztuta baitute urarekiko isolamendua. Hori arriskutsua da, eta konpondu egingo dugu“.
Azkenik, Txorrokopuntako eskaileretako obrak azpimarratu dituzte: “Itsasoaren indarrak higatuta, eskailerok puskatzen ari dira. Material egokien bila gabiltza, eta eskailerekin batera behealdeko plataforma ere konpondu gura dugu, marearen araberako lan erritmoagaz. Uda ate joka dagoen arren, ahalik eta bizkorren egingo ditugu obra horiek”. Eskaileren eta plataformaren konponketek, gutxi gorabehera, 15.000 euro balioko dutela aurreikusten dute.