Hamar urteetan egindako lana jarri nahi dute balioan
Gernika-Lumoko Sarek hamar urte beteko ditu urrian, eta efemeridea ospatzeko ekitaldia ospatuko dute bihar, 19:30ean Merkurion. Orain arteko lana balioan jarri, eta etorkizuneko erronketarako indarra hartu nahi dute.
Hamar urte beteko dira urrian Gernika-Lumoko Sare aurkeztu zutenetik. Efemeride borobil hori ospatzeko, Gernika-Lumoko kudeatzaileek “xumea” izen leiken ekitaldia antolatu dute biharko, 19:30ean Merkurion. Xumea bai, baina antolatzaileentzako “garrantzi berezia” duen ekitaldia izango da aurtongo ikasturte amaierakoa. Eskualdean hamar urte hauetan antolatutako dinamika guztiak oroitu, eta sare ehuntzearen bitartez helburu batzuk lortu dituztela ospatu nahi dute.
Sare jaio zenean proposatu zituzten helburu guztiak bete ez diren arren, horietako asko eta garrantzitsuak direnak bete dituztela nabarmendu nahi dute, eta ekitaldi honen bitartez bi helburu bilatu nahi dituzte. Bata, sarea ehuntzen ibili diren lagunak eta inplikazioa erakutsi dutenak balioan jartzea, eta bestetik, “zoritxarrez oraindik euskal preso eta iheslari guztiak etxetzen ez diren bitartean lanean jarraitzeko beharra dugu, eta erronka berriei begira indarrak hartzea” bilatzen dugu.
Hamargarren urtebetetzea ospatzeko ekitaldian izango dira Txoriburu Produkzions taldeko lagun bi, bertsolariak, irakurketa bat, talde argazkia, eta azkenik, luntx bat. Egitarau horrekin espazio “informal” bat eskaintzea, eta jendea “gustura” sentiaraztea nahi dute Sarekoek.
Hasierako testuingurua.
Astean zehar, atzera begirako ariketa bat egin dute Sarekoek sare sozialetan. “Hamar urte hauetan izan ditugun mugarriek zer-nolako esangura izan duten erakustea bilatu nahi genuen komunikazio politika horren bidez”, azaldu dute. Hasierako testuinguruari dagokionez, “egoera konplexuan sortu zen”. “Garai haretan euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzen zuen eragile baten ilegalizazioak sortutako hutsune baten ondorioz sortu zen”.
Hamarkadetan egindako lanean “atzera pausu bat ematea” zekarren ilegalizazio horren ondorioz, zerbait antolatzeraen beharrean zeudela azaldu dute. Beste alde batetik, “era sistematiko batean salbuespen neurri guztiak aplikatzen ari zitzaien ehundaka presori”, eta hori aldatzea bilatu nahi zuten.
Konponbide klabeei dagokionez, “Sare sortu aurretiko urteetan aurrerapausuak emateko esperantza testuinguru bat sortu zen”. Urte horietan, baina, esperantza sentsazio hori “zapuzteko arriskuan” ikusten zuten.
Azaldu dutenez, orain dela hamar urte ideologikoki eta pentsamendu aldetik desberdinak izan arren, gai honetan elementu asko amankomunean zituzten pertsonak bateratzea bilatzen zuen herri plataformak. “Sufrimendu egoera atzean utzi eta aurrera begira jarri nahi zen jendarte baten parte sentitzeko bokazioarekin sortu zen”.
Egoera “zaila” izan arren, “konpromisoaren eta inplikazioaren bitartez” hainbat kale mobilizazio, dinamika, zein barne mailako eta kanpo mailako lanean jardun dute hamar urteetan. Hori jarri nahi dute balioan biharkoan. “Egiten den lanaren islada argia dira urtarrileko manifestazioak“, nabarmendu dute.
Hurrengo erronkak.
Helburu argi bat du Sarek hurrengo urteetarako: “geratzen diren 135 euskal presoak, 17 iheslariak eta 3 deportatuak erabat etxeratzea”. Preso horiek etxeratzeko beharraz gain, prozesu horiek eskatzeko jende mobilizazioa antolatzen jarritu behar dutela uste dute, eta datozen urteetan helburu horren bila lan egingo dutela aurreratu dute.
Beste alde batetik, herriaren elkarbizitzan aurrera pausuak ematen jarraitzea dute helburutzat. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeak elkarbizitzan aurrera pausuak ematen lagunduko diela sinesten dute, eta beraz denek horren alde borrokatzea eskatzen dute.