Gernikako Dalia fabrika zaharra eraisteko lanekin hasi direla salatu du Guggenheim Urdaibai Stopek
Plataformakoek salatu dute Dalia eraisten hasi direla Guggenheim Urdaibai egitasmoaren bideragarritasunari buruz hausnartu barik.
“Gaur, 2024ko ekainaren 13an, egiaztatu dugu dagoeneko hasita daudela Gernikako Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak. Hori da, hain justu ere, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariek Guggenheim Urdaibai proiektuak barne hartzen dituen bi egoitzetako bat jartzeko lekua”. Hori esanda jakinarazi du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak hasi direla Dalia eraisten.
“Tinko eta ozen” salatu ditu eraisketa lanak plataformak, lan horiek “argi eta garbi” erakusten dutela “gobernantza eredu berria paper errea” dela esanez. “Lur kutsatuetan, uholde arrisku handiko eremuan, azpiko akuiferoa are gehiago kutsatzeko arriskua dagoen lekuan, industria guneetan… Industria lurrak ekipamendu lur bihurtzen ari dira ezinbestean. Eta hori guztia, ustez, inolako helburu zehatzik barik, sinatutako akordioan eta eraistea ahalbidetzeko emandako lizentzian ez delako aipatu ere egiten Guggenheim Urdaibai proiektua”, adierazi dute plataformako kideek.
Gainera, salatu dute hori guztia egitasmoaren bideragarritasunari buruz hausnartu barik, herritarrei jakinarazi barik, eskualdeko udalen artean adostu barik eta herritarren eta udaen parte hartze barik egiten ari direla.
Aurrekariak.
Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim Fundazioak azken urteetan emandako pausuak gogoratu dituzte. Urtarrilaren 22an Iñigo Urkullu lehendakariak “ustekabean” Guggenheim Urdaibai proeiktuaren bideragarritasunari buruzko gogoeta aldia iragarri zuela gogoratu dute: “Busturialderako garapen ekonomikoko plan bat lantzeko beharra iradoki zuen, herritarren adostasunean eta parte hartzean oinarrituta. Ordutik, Dalia eraisteari buruzko albiste gutxi irakurri ditugu, nahiz eta EAJren hautagaiek aho handiz iragarri zuten 2023ko maiatzean udal eta foru hauteskundeetarako kanpainan”.
Hala ere, plataformakoek diote, garai hartan, gaur egun Dalia dagoen lurretan Guggenheim Urdaibai proiektuari dagokion lehen eraikina kokatuko zutela jakinarazi zutela komunikabideek. Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak esandako hitzak gogoratu dituzte, ze, maiatzaren 10ean Etxanobek konpromisoa hartu zuen “industria hondakin horiek proiektu bakar eta berritzaile bihurtzeko”, Urdaibairen eraldaketaren eta jasangarritasunaren erreferente modura. “Jarraian Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak Etxanoberen berbak zuzendu zituen, Dalia ez dela inola ere industria hondakin bat esanez, ondarea baizik”, azaldu dute plataformakoek.
Lehenago, baina, Aitor Estebanek Teresa Riberogaz (Trantsizio Ekologikoko Ministroa) sinatutako hitzarmenaren berri eman zuen 2023ko uztailaren 4an, eta jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak 40 milioi euro bideratuko zituela “nazio mailako egitasmoa” egiteko. “Akordio horretan, Dalian egin beharreko lanak diruz laguntzea adostu zen, eta ingurumena hoebtzeko helburua azpimarratu; ostera, ez zen museorik ere aipatu. Hala ere, kontuan hartu behar da fabrika ia lau hamarkadaz egon da abandonatuta eta amiantoz kutsatuta, eta orain arte inori ez zaio otu hura deskontaminatzea. Ordutik, jeltzaleek ez dute egitasmoaren alderdi horri buruzko iritzirik eman”, gogoratu dute Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek.
Hala ere, salatu dute proiektu hori aurrera eroateko “ezinbestean kendu beharreko oztopo administratiboak desagerrarazten” jarraitzen duela aldundiak. Eta, plataformakoek gehitu dute denbora horretan guztian gauza “bakarra” geratu dela egin barik: hausnarketa.
Horrez gain, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak proiektuaren aurkako mozio bat aurkeztu zuen Gernika-Lumoko osoko bilkuran. Eta aurkeztutako mozioari erantzunez, Jose Mari Gorroñik adierazi zuen “ez dagoela ez egitasmoari buruzko informaziorik, ez ingurumenari buruzko txostenik, ez adostasunik”. Hori horrela, plataformakoek hurrengoa galdegin dute: “Hainbeste zalantza badaude, zergatik sinatu zen 2023ko maiatzean Dalia eraisteko lizentzia? Zergatik sinatu zen udalez gaindiko hitzarmen bat Muruetako eta Foruko alkate jeltzaleekin batera, erabateko ahalmena emateko aldundiari hiru udalerrietako hirigintza planak aldatzeko, egitasmo horri leku egiteko helburu bakarragaz?”.