Gernika-Lumoko bonbardaketak artean eta kulturan izan duen eragina aztertuko dute
Gernika-Lumoko bonbardaketak memoria historikoaz haratago izan duen eragina aztertuko dute hainbat artelanen bitartez.
Gernika(k): trauma historiko baten errepresentazioak, transmedialitatea eta birsemantizazioa nazioarteko biltzarra hasi da gaur [ekainak 13] Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, eta bihar arte pasako dira bertatik eta Euskal Herria Museotik mundu guztiko unibertsitateetako ordezkariak. Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan antolatutako biltzarra da egunotan ospatzen ari dena, eta gaur eman diote hasiera Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodriguez Ranzek, Euskal Filologian doktore eta literatura irakasle katedradun Maria Jose Olaricegui Alustizak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak, eta Udako Ikastaroen zuzendari Itziar Alkortak.
Alkortak azaldu duenez, “gure herriarentzako garrantzi historiko eta artistiko handia izan duen gai batean” murgilduko dira egunotan. Izan ere, ikastaroen zuzendariaren ustez, Gernika-Lumoko bonbardaketak «aztarna ezabaezina» utzi du herriaren memoria kolektiboan, zein artearen eta kulturaren munduan. Biltzar honen bitartez, “gertakizun tragiko” hori adierazpen artistikoen bidez nola berinterpretatu duten aztertuko dute; arreta bereziajarriko dute Pablo Picassoren margolanean.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak gauza bi nabarmendu nahi izan ditu aurkezpen ekitaldian. Alde batetik, nazarioarteko biltzar hauek antolatzearen garrantzia nabarmendu du. Kultura zuzendariaren ustez, gai hauen inguruko jakituria aberastu eta eztabaidak sortzeko balio dute. Beste aldetik, elkarte eta erakunde desberdinen arteko elkarlana goraipatu du.
Gaur, egun guztian zehar hitzaldiak izan ziren modura, biharko eguna ere hitzorduz beteta dator. 9:15ean ekingo diote egunari
Elai Alain, eta bertan Picassoren Guernica margolana Reina Sofia museora nola iritsi zen aztertuko dute, besteak beste. 12:00etan, Guernica lanak hezkuntzan izan duen eraginaz hitz egingo dute munduko hainbat unibertsitateetako ordezkariek. Murtziako Unibertsitateko Amal Conesak, esaterako, derrigorrezko bigarren hezkuntzan margolan hori nola landu daitekeen azalduko du. Euskal Herria Museoan ere denetariko gaiak jorratuko dituzte, 12:00etatik aurrera. Lehenengo solairuan Picassoren margolanak izan dituen birsorkuntzak aztertuko dira; bigarren solairuan gudarien inguruan hitz egingo da; hirugarren solairuan
munduko beste gerra batzuk jorratuko dituzte.
Biltzarrarekin bukatzeko, ikastaroan parte hartu dutenek Batzaretxea bisitatuko dute. Azaldu dutenez, «ohorezko gidaria» izango dute: Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui.