Deiadar Mendien Egunean batuko dira mendizaleak
Deiadar Mendien Eguna hartuko du Sollubek, zapatuan [ekainak 15]. Sollube 707 mendi-talde bermeotarra arduratu da aurten antolakuntzaz eta bi irteera izango dituen "ibilbide zirkularra" planifikatu dute.
Elezaharraren arabera, XIV. eta XV. mendeetan deiadar-hotsak iragartzen zituen Gernikan egiten ziren bilerak. Etzi [ekainak 15], kondairak deskribatzen duen soinu hori bera Sollubetik entzungo dute Deiadar Mendien Egunean biltzen diren parte hartzaileek. Izan ere, Sollubek hartuko du aurten Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko mendi-klubegaz aurrera eramaten duten ekitaldia. Sollube 707 Bermeoko mendi taldea izango da aurten anfitroia.
Deiadar Mendien Eguna “martxa klasiko” bihurtu da mendizaleen eta euskal ohitura zaleen artean, bi hamarkada beteko baititu aurten ospakizunak. Erritua 2004an abiatu zuten, Batzar Nagusiak berrezarri zireneko 25. urteurreneko ospakizunen baitan. Azken urteetan Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Oizetik deiadar-tontorretan izan ondoren, aurten “Bizkaiko bost tontor enblematikoetako bat” izango da adar-hotsen eszenatokia: Sollube.
Sei mendi taldeak egingo dute topo zapatuan Soillubera bidean, etzi: Balmaseda Mendi Taldeak (Balmaseda), Gailurrak (Bilbo), Ganzabalek (Lemoa), Alpino Tabirak (Durango), Tallu Mendizalek (Mungia) eta Sollube 707k. Azaldu dutenez, tontorrera iristeko bi bide izango ditu mendi-martxak: nagusia eta laburra. Ibilbide nagusia Bermeoko Taraska plazan abaituko da, eta 9:00etan dute jarrita hitzordua mendizaleek. Ibilbide laburra, berriz, Arrietako udaletxean hasiko dute, 10:00etan. Helburua eguerdirako bi taldeak mendiaren gorenean elkartzea da: “Zintzo-zintzo betetzea eguerdiko hamabietan adarra joteko tradizioa“.
Aurten Sollube 707 taldea arduratu da, inguruko paisaiak ezagutzera emateko ibilbide zirkular bat antolatzeaz. Aurreratu dutenez, urtero deiadar-mendietan tontorrik tontor ibiltzen den deiadarra izango da protagonista: “Egun horretarako beren-beregi egina da”. 12:00etan adar-hotsa entzun ostean, antolatzaileek jaigune txiki bat antolatuko dute, eta ez dira musika, dantza eta jan-edana faltako.
Lekukoa eskualdatu
Kolitzarako igoera antolatzen duen Balmaseda Mendi Taldearen eskutik jaso zuen iaz Deiadar Mendien eguna antolatzako lekukoa, eta aurten, beraei dagokiei datorren urteko antolatzaileari testigua ematea. 2025ean Alpino Tabira taldearen esku egongo da Oiz mendira igoera antolatzea, eta adierazi dutenez, urteko “sasoi honetarako” aurreikusten dute.