Gorpuztiei agur ezin hobea
Kirola, gastronomia eta musika uztartu dituzte Ibarrangeluko Gorpuzti jaietako azkenengo egunean.
Maiatzaren 30ean eman zieten hasiera ibarrangelutarrek herriko jai nagusiei: gorpuztiei. Ordutik iragan zapatura [ekainak 8] bitartean, Gorpuzti Jaiak goi-goitik ospatu dituzte eta, beste urte batez, herritarren bateragune izan dira. Denetariko jarduerak eduki dituzte herritarrek, denetarik ikusteko, egiteko eta gozatzeko. Zapatukoa ere ez zen makala izan: egun osoko ospakizuna gailendu zen, eta hainbat jende erakarri zuen.
Iaz zortzi kuadrilla aurkeztu ziren paella txapelketara; aurten, berriz, hamabi
Aurreko asteburuko herri bazkarian 200 lagun elkartu baldin baziren, iragan zapatuko paella txapelketaren parte hartzea ere ez zen gutxiago izan. Aurten, gora egin du urteroko lehiaketa gastronomiko horretan parte hartu duten lagunarteen kopuruak: iaz zortzi kuadrilla aritu ziren Elizalden; aurten, berriz, hamabi izan dira.
12:00etan ekin zioten txapelketari, eta 14:00ak aldera aurkeztu zituzten paellak. Tartean parte hartu zuten herrian bertan bizi direnak, udatiar herritarrak eta tokikoen adiskideak. Paella txapelketaren balorazio “paregabea” egin dute udaleko antolatzaileek: “Jende gehien erakarri ohi duen jai egitasmoetako bat da; aurten, beste behin, oso arrakastatsua izan da”.
Berdintasuna, helburu.
Bazkalosteko mahaigainekoan tripa ondo asebete ondoren, frontoira jo zuten ibarrangelutarrek. Izan ere, maila handiko pilota partiduez gozatzeko aukera eduki zuten. Ume eta gazte mailako esku pilota partiduek abiatu zuten iluntzeko kirol egitaraua. Jarraian, aurtengo berritasun esanguratsuenetako baten txanda iritsi zen: emakumezkoen arteko pala partidua. Udalak estreinakoz antolatu du neurketa eta, tartean, herriko palista batek ere parte hartu zuen. Jomuga, azaldu dutenez, argi askoa da: “Batetik, emakumezkoen kirola ahal bezainbeste bultzatzen jarraitu beharra dugu; bestetik, pala moduko kirol gutxitu bat indartzeko lanean segitu beharra dago”. Harmailak lepo bete zituzten ikusleen aurrean, Bidasolok eta Anituak 22 eta 19ko markagailu lehiatuagaz lortu zuten garaipena, Zugaza eta Landajoren aurkako norgehiagokan.
Azken kantxaratu zirenak nagusi mailako gizonezko pilotariak izan ziren. Partidu “ikusgarria” jokatu ondoren, Bakaikoak eta Morgaetxebarriak osatutako bikotea 22 eta 20koagaz nagusitu zitzaion Larrazabalek eta Lizeagak eratutakoari.
Azken unera arteko jaia.
Ondoren, urteroko beste hitzorduetako batek, mariatxien ibilbide musikatuak, hartu zuen protagonismoa. Elizalde inguruko arkupe, bazter nahiz tabernak girotu zituzten mariatxiek, euriari aurre eginez. Jaiekin amaitzeko, dezibelek ez zuten behera egin: Siesta Destroyer DJak musika emanaldia eskaini zuen.
“Aurtengo gorpuztien irakurketa orokorra “oso baikorra” da
Aurtengo jai egitaraua borobilduta, udal ordezkariek “irakurketa oso baikorra” egin dute. Frontoian proposatu dituzten berritasunak “itxaropentsuak” izan direla azpimarratu dute, eta gainontzeko jarduerek ere “ederto” funtzionatu dutela. Hunkigarritik asko eduki dute aurtengo jaiek, eta hori ere nabarmendu gura izan dute: “Lorea dantza taldeko umeek txupinazoa botatzea une ahaztezina izan zen, gogoratzeko modukoa; horrez gain, Lagako arrantzaleen eta itsasgizonen urteroko bazkarian haritz bat landatu zuten, hildako itsasgizonen omenez. Oro har, jaiak urteko hitzordurik sentikorrenetakoak izan ohi dira, eta aurtengoak ere halaxe suertatu dira”.