Gainontzeko alderdi politikoen "etengabeko blokeo saiakerak" salatu ditu Guztiontzako Herriak
Gernika-Lumoko udal gobernuak bizi dituen "zailtasunak" azaldu ditu Guztiontzako Herriak, eta gainontzeko alderdi politikoen jarrera gaitzetsi dute. Hurrengo asteotan negoziaketak abiatuko dituztela aurreratu dute.
Gernika-Lumoko udal gobernuak bizi dituen “zailtasunak” azaldu ditu Guztiontzako Herriak –GH– gaur [ekainak 12] egindako agerraldian. Adostasunak lortzeko eta aurrekontuak onartzeko dituzten “zailtasunak” alderdi politikoen “porrota” erakusten duela adierazi dute.
Azaldu dutenez, Gernika-Lumoko Udalak 4.500.000 euro ditu diruzaintzan, hau da, aurreztuta. Diru hori egunerokotasuneko udal kudeaketan erabili ahal izateko, baina, udalbatzak kreditu aldaketa onartzea behar dute, eta momentuz ez dute ez EAJren ez EH Bilduren oniritzirik jaso.
“Udal kudeaketaren normaltasunera bueltatzeko asmoz, 3.100.000 euroko kreditu aldaketa aurkeztu genuen maiatzaren 29ko osoko bilkuran. Diru hori hainbat proiektu esleitu eta finantziatzeko erabili nahi genuen”, azaldu dute. Eta zifra hori hurrengo proiektuetara bideratu nahi duela jakinarazi du alderdiak: osasun zentrora, notariora, epaitegietara eta Santa Mariako elizara doan aldapa mekanikoa eraikitzeko; Aita Luis Villasanteko umeen kojoen gunea handitu eta estaltzeko; Pasealekuko hegoaldeko eraikinean udal liburutegia sortzeko ideia lehiaketa bultzatzeko eta etorkizuneko eraikuntza egokitzeko; Bidebusa zerbitzua mantentzeko; urteroko erretiratuen bazkarirako laguntzarako; eta brigadaren berehalako lizitaziorako.
“Denok dakigu nola jokatzen den politikan, baina oraingoan marra gorri bat gainditu da: inmoralitatea gailendu da”
EAJk eta EH Bilduk, ordea, ez zutela kreditu aldaketa onartu gogoratu dute, eta, ondorioz, proiektuak ezingo direla aurrera eraman esan dute Guztiontzako Herriako ordezkariek. Alderdikideen esanetan, EH Bilduk ezezkoa emateko erabili zuen arrazoia “erabili nahi zen diru kopurua altua” izan zela azaldu dute; gehitu dute EH Bilduk negoziaketa bat eskatu ziela. EAJri dagokionez, Guztiontzako Herria alderdikoek argitu dutenez, jeltzaleek proposamen horiek 2024ko aurrekontu orokorrak negoziazio batzordera eraman behar direla argudiatu zuten.
Negoziaketen nondik norakoak.
Joan den abenduan egin zuten bezala, GHk aurrekontuen negoziaketen prozesua azaldu du agerraldian. “Lehenengo kontaktuak EH Bildurekin izan genituen. Lehenengo fasea, 2023ko urritik abenduaren 5ra arte eman zen, eta bigarrena martxoaren 20an. Azkenengo batzar horretan EH Bilduk lege proiekturako aurkeztutako zuzenketen %75 onartu genituen, eta gainontzekoek aztertuko genituela azaldu genuen. Martxoaren 27ko osoko bilkuran, aldiz, argi utzi zuten EAJrekin akordatzea nahiago dutela”, esan dute.
GHk agintaldian damaran urtean “etengabeko blokeo saiaketak” jasan dituztela salatu dute. Oposizioaren taktika “argia” dela uste dute: “Udal gobernuak aurrera egiteko egiten dituen saiakera guztiak blokeatzea”. Azaldu dutenez, beste alderdiek euren programan zeramatzaren proiektuak edota egin dituzten proposamenak onartu ostean kontra bozkatu dutelaren kexu dira: “Denok dakigu nola jokatzen den politikan, baina oraingoan marra gorri bat gainditu da: inmoralitatea gailendu da”.
“Onartezina da pertsona ahulen interesak kolokan jartzea errentegarritasun politikoa lortzeko”
“Aldapa mekanikoaren edo Bidebusaren proiektuak ez onartzeak adin nagusiko pertsonei eta mugikortasun arazoak dituztenei eragiten die. Gure politika ikuspegian oinarrituta, onartezina da pertsona ahulen interesak kolokan jartzea errentegarritasun politikoa lortzeko asmoz”, salatu dute alderdikideek.
Adierazpenekin desados.
Maiatzaren 29ko ohiko bilkurara bueltatuz, EAJko bozeralamaileak eginiko adierazpen bat gaitzetsi dute. Bilkura hartan, bozeramaile jeltzaleak galdegin zuen orain arteko tasak igo ezean, hau da, udal zergak eta tasak berdin jarraituta, zelan den posible udalaren diru sarrerak horrenbeste handitzea. Horren aurrean, euren iritzia eman dute Guztiontzako Herriakoek. Azaldu dutenez, KPIk gora egin duen arren, 2019tik ez dituzte ez zergak ez tasak igo. Horren arrazoia da bestela herritarrek %15 gehiago ordaindu beharko lituzketela ondasun higiezinen gaineko zerga, ibilgailuen tasa edota zakarrontziaren tasa. “Igoera horiek ez dira beharrezkoak. Finantzen osasun egoera ona dela kontutan hartuta, ez da beharrezkoa igoerarik ezartzea. Horren adierazle da 4.500.000 eurotako diruzaina. Guk gobernuan dihardugun heinean, ez dugu inoiz Bidebusagaitik kobratuko“, argitu dute.
Desadostasun politikoak izatea normaltzat jotzen badute ere, ez dute ongi ikusten “herritarren ongizatea” kolokan jartzea. Horregatik, datozen asteotan “diskrezioan oinarritutako” batzarrak eta negoziaketak abiatuko dituzte gainontzeko alderdiekin, betiere herritarrean “ongizatea bilatuz”. Batzarrak bukatu ahala, ondorioak herritarrei azalduko dizkietela aurreratu dute.