Herriko komertzio txikiak, erdigunera
Berton Bermeoko Merkatarien Elkarteak Expo Azoka antolatu zuen asteburuan, Lameran. 22 komertziok parte hartu zuten, eta herritarren erantzungaz "pozik" agertu dira antolatzaileak.
Berton Bermeoko Merkatarien elkarteak 40 urte bete zituen iaz, eta urteurrenaren ospakizunaren barruan, Expo Azoka egin dute asteburuan. Hiru egunetan, udalerriko komertzioen postuak Lameran jartzeaz gain, erakusketak, txikigunea, gastrogunea, photocall-a eta omenaldiak egin dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez “asteburu polita” izan da: “Entzun ditugun komentario guztiak onak izan dira, jendea guztiz pozik egon da. Helburua ez da saltzea izan, herriko jendeak herriko dendak ezagutzea baino; salmentak gero etortzen dira”.
“Beti ikusten diren azokak egin beharrean, azoka txikia eta merkea egin beharrean, herrian zer dagoen aurkeztu nahi izan dugu: berton gaudela, berton jarraitzen dugula erakutsi nahi izan dugu”, adierazi dute Bermeoko txiki-erdi enpresen elkartetik. Bertonetik “aurreikuspen handiagaz” antolatu dute azoka, beharrizan bati aurre egiteko beharra ikusi zutelako: izan ere, udalerrian jende askok ez dituela herriko dendak ezagutzen, eta ez dakitela horiek non dauden ez eta zer produktu dituzten uste dute Bertonekoek.
Eguraldiari begira egon dira antolatzaileak hiru egunetan, baina azkenean jendearen erantzunagaz pozik agertu dira, herritarrak Lamerara gerturatu zirelako eta “giro polita” egon zelako: “Eguraldi ona egon izan balitz, agian kanpora joango ziren, beraz, pozik gaude. Jendea hurbildu egin da eta zer dagoen ikusi dute”.
Azoka udalerriko 22 komertziok osatu dute, eta gastronomiak ere bere tartea izan du, pintxoak eta pastelak egon baitira bisitarien eskura. Gainera, azokari “balore bat” eman gura izan diote, eta horretarako, “kutsu pertsonala” emateko, dekorazio guztiak eskuz egindakoak izan dira. Elkarteak “komertzioen arteko lankidetza” nabarmendu du: “Elkarlana ikustean asko nabaritzen da elkatea garela, danok gaudela batera eta norabide berean”.
Bultzatzaileak, gogoan.
Domekan bizi izan zen asteburuko “unerik hunkagarriena”, egungo Bertoneko kideek proiektuaren sortzaileak eta urte luzez batzordean egon diren kideak omendu zituztenean, hain zuzen. “Eurek sortu duten proiektuagaz jarraitzen dugula ikusteko unea izan zen, helburu berbera dugula: herria eta herriko dendak aurrera eramatea”, adierazi dute Bertonetik. Omenduak “oso pozik eta hunkituta” egon ziren, eta belaunaldi berriak beraiekin gogoratzea eskertu zuten: “Elkartea sortu zenean horren parte izan ziren denda batzuk egun itxita daude, kasu batzuetan jabeak zendu egin dira, baina beste batzuk berton daude oraindik, eta oso polita izan zen”.
Elkarteko sortzaileekin batera, gainera, komertzio txikien errealitateaz eta erronkez hausnartu zuten: “Urte askotan esan izan da gure etsai handiena merkataritza-guneak direla, beti gaudela erraldoi baten aurka borrokan. Egun gure etsai nagusia Internet da, baina erraldoi hori geratzeko etorri da; gu etengabe berritu behar gara, baina ezin dugu horrekin lehiatu”. Era berean, azpimarratu dute beti direla komertzio txikiak neurri eta kontrol gogorrenak pairatzen dituztenak: “TicketBai sartu behar dugu, iruzurrik ez egoteko faktura guztiak aurkeztu behar ditugu… Baina zer gertatzen da komertzio handiekin? Hori da gure borroka”.
Berton elkartekoak ondorio batera iritsi dira; ahal den bitartean, beraien baloreei eutsi behar diotela, alegia: “Hurbiltasuna, kalitateko produktuak, zero kilometro produktuak, eta bestelako balio guztiak nabarmendu behar ditugu. Jendeak ulertu behar du herrian egoterakoan, herrian bizitzerakoan eta herrian erosterakoan bizia ematen diotela herriari berari, baita herritarrei ere”.