Busturialdeko 20 herrietan 38.369 pertsona daude botoa ematera deituta
38.369 pertsonek dute boto eskubidea Busturialdean. Botoa ematera joatearen garrantzia azpimarratu dute alderdi politiko denek.
Hamabost eguneko kanpainaren ostean, hausnarketa eguna izango da biharkoa. Etzi, baina, Europako Parlamentua eratzeko botoa ematera joateko eskubidea izango dute Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko 64.018 herritarrek. Busturialdean, 38.369 dira boto eskubidea daukatenak.
Han eta hemen aritu dira egunotan alderdi politikoak, euren hautagaiak eta asmoak herriz herri aurkezten, mitinak eman eta programak banatzen zituzten bitartean. Hala, argi utzi dute zer den bakoitzak Europan egin edo aurkeztu gura duena.
61 dira herritarrek aukeratuko dituzten eurodiputatuak, eta horiek gai politiko, ekonomiko eta sozial garrantzitsuak jorratu beharko dituzte: giza eskubideen errespetua, askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta zuzenbide estatua, besteren artean. Beste gaien artean, Parlamentuak Europako Batasunaren aurrekontua onartzen du, eta dirua zelan gastatzen den kontrolatzen du. Horrez gain, parlamentuko presidentea ere aukeratzen du, komisioak izendatu eta kontuak ematera behartu ere bai.
Herrialdeka bozkatzen bada ere, eurodiputatuen alderdiak familia politikoetan biltzen dira. Hori horrela, Errepublikak Orain izeneko taldean aurkezten da EH Bildu, ERC, BNG eta Ara Mes taldeekin batera; talde horren hautagaia da Diana Riba. EAJ, bere aldetik, Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) baitan aurkezten da, Coalicion Canaria, Geroa Bai eta El Pi talde politikoekin; hain zuzen ere, Oihane Agirregoitia hautagai jeltzalea da koalizioaren hautagai nagusia. Podemos, PSE-EE, PP eta Vox euren kontura aurkezten dira, koalizioan aurkeztu beharrean.
Helburuak.
EH Bilduk euren jardueraren ardatz nagusiak euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa eta Europan “gero eta ordezkari gehiagok” erakusten duten gogo militarra gelditzea izango dela adierazi du. Ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak eragin ditzakeen “atzerapauso demokratikoez” ere ohartarazi du eskainitako mitinetan.
Ezker subiranista indartzearen garrantziaz ere aritu dira koaliziokoak, eurei botoa ematea “euskal hizkuntza, kultura eta eskubide nazionalak Europan defendatzea” dela esanez. Nabarmendu dute faxismoari bidea zarratzeko “berme onena” dela EH Bildu: “Independentisten, sindikalisten, feministen eta gazteen etxea da gurea, batu eta biderkatzen duena. Gernikako seme-alaba bezala aldarrikatzen gaituen papera da gurea, beraz, bakearen aldeko eta gerraren aurkako botoa. Eta, jakina, boto katalana, galegoa eta euskalduna, errepublikazalea”.
EAJk, bestalde, Europa bizitzeko “lekurik onena” dela esanda, hori bermatzen duten eskubideen alde lan egiten segitzeko konpromisoa hartu du, “demokraziaren, askatasunaren, justizia sozialaren, eta berdintasun zein aniztasunaren alde”. Giza eskubideen urraketen aurkako jarrera irmoa izango dutela berretsi dute, ez dutela “bandoen Europan sinisten” esanez.
Hala, edozein motatako totalismoari aurre egiteko konpromisoa hartu dute, memoria demokratikoa, justizia soziala, aukera berdintasuna eta zuzenbide estatua bultzatuz: “Desberdintasun politikoak konpontzeko konpromisoa hartzen dugu, elkarrizketa bermatuz”. Europaren Etorkizunerako Konferentziari buruzko ondorioak gauzatzea bilatuko dute, baita bertako zuzenbide estatuaren egoerari buruzko urteko berrikuspenak “hobetzea eta independentzia judizialaren narriadura monitorizatzea” ere. Faxismoaren kontra eta muturreko mugimenduen aurka ere agertu dira, eskuin zein ezkerrekoen kontrakoa.
Podemosek ere argi utzi ditu bere asmoak kanpainan. Muruetatik, esaterako, bakearen eta giza eskubideen defentsan lan egingo dutela esan zuten, gizarteak “ezin duelako onartu”, gerraren aitzakian, Europako erabakien bihotzean ultraeskuina sartzea. “Kontrara, herritarrek bakea eta eskubide gehiago behar dituzte. Europako aginteetan sartuta ez dugu ultraeskuina geldiaraziko, bakeagaz eta eskubide gehiagogaz geldituko dugu”.
PSE-EEk domekako botoak Alderdi Sozialistan biltzea eskatu du, PPren eta VOXen koalizioa geldiarazteko. “Edo Alderdi Sozialista edo PP eta VOX. Edo aurrera, edo atzera. Edo berdintasunaren Europa, edo indarkeria matxista ukatzen duena. Edo XXI. mendeko Europa, eskubide eta askatasunena, edo murrizketena eta ultrareskuindarrarena”.
Hala, denek ala denek, botoa ematera joateko deia egin dute, “etorkizuneko politikak erabakitzen direlako bertan”.