Ingurumena zaintzeko, garbiketa kolektiboa
Ingurumenaren Munduko Eguna aprobetxatuta, Ekoetxea Urdaibaik hondakinen garbiketa kolektiboa antolatu du zapaturako [ekainak 8]. Arratsaldean 'Stop plastikoak' tailerra egongo da. Bi ekintzetarako izena eman beharko da.
Gaur [ekainak 5] Ingurumenaren Munduko Eguna dela baliatuz, Ekoetxea Urdaibaik hondakinen garbiketa kolektiboa antolatu du zapaturako [ekainak 8]. Izaro Subekin lankidetzan egingo dute garbiketa, eta itsasoak itzulitako hondakin asko pilatzen diren bi gune garbituko dituzte: San Kristobal padura eta Muruetako teilategia. Aurretik izena eman beharko da.
Azaldu dutenez, ingurune naturaletan utzitako hondakinek “substantzia toxikoak” askatzen dituzte, eta izaki bizidun guztiengan eragin dezakete, horiek lurzorua, ura edo airea kutsatzen dutelako: “Paisaiak degradatzen dituzte eta betiko kutsatuta geratzen diren paraje askoren estetika hondatzen dute, gure inguruneko osasunari eta gureari eraginez”.
Garbiketak egiteko arropa erosoa, praka luzeak eta mendiko oinetakoak eramatea gomendatu dute. Era berean, eguzkitako krema, txapela eta eguzkitako betaurrekoak eramatea aholkatu dute, eguzkitik babesteko. Garbiketa bukatzean bazkaria egongo dela iragarri dute, baina, hala ere, parte hartzaileek ura eta janari arina eraman beharko dute. Ahal den neurrian plastikozko ontzi eta bilgarriak saihesteko deia egin dute Ekoetxeako arduradunek. Beharrezko eskularruak, pintzak eta hondakinak biltzeko zakuak erakundeak emango ditu.
Ekoetxea Urdaibaik egun guztiko egitaraua prestatu du. Izan ere, arratsalderako Stop plastikoak, “familia esperientzia” tailerra antolatu dute: “Ozeano garbi eta jasangarriagoak izateko helburuarekin antolatu dugu”. Aurreratu dutenez, tailerraren helburua gizakion kontsumo-ohiturek duten eragina ulertzea izango da, horretarako prestatutako ikus-entzunezko ipuin baten bitartez. Tailerra sei urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta azaldu dutenez, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Parte hartzaileek bi euro ordaindu beharko dituzte.
Jarraian, ikasitakoa barneratzeko asmoz, ekintzetara pasatuko dira. Zapatu goizean bertan bildutako hondakin batzuekin “sormena askatu” eta pieza artistiko bat sortuko dute, plastikozko hondakinei bigarren bizitza bat emateko: “Sormen artistikoa baliatu nahi dugu arazo konplexu honetaz gogoeta egin eta kontzientziazioa eta partaidetza aktiboa bultzatzeko. Pintura eta collage teknikaren bitartez ozeanoetako biztanleen egoerak islatuko dituzten koadro ezberdinak sortuko ditugu”.
EGITARAUA
- 12:00/12:15. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa jaso (zakuak, pintzak eta eskularruak)
- 12:15/12:30. Antolatzaileen ongi etorria.
- 12:30/13:45. Garbiketa kolektiboa egitea.
- 13:45/14:00. Bildutako hondakin kiloak zenbatzea.
- 14:15. Bazkaria eta talde argazkia Urdaibaiko Ekoetxeako photocall-ean.
- 17:00/18:30. Stop plastikoak tailerra.