Goi mailako musika eskaintza, ingurunearekiko errespetua eta bertoko produktuekiko konpromisoa
Uztailaren 17an ospatuko dute Haziberri jaialdiaren laugarren aldia. Gorka Urbizuk, Olatz Salvadorrek, Zugak eta Broken Brothers brass bandek osatzen dute aurtongo musika eskaintza. Gaurtik aurrera erosi ahal izango dira sarrerak.
Uztailaren 17a. Egun hori aukeratu dute Haziberriren laugarren aldia ospatzeko, eta goi mailako musikariak izango dira Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean. Musika arloan erreferentziazko zita bihurtzeko asmoagaz dator aurtongo edizioa, eta Gorka Urbizu eta Olatz Salvador izango dira aldi horretako kartelburuak. Horiez gain, eta “bertoko artistak sustazeko helburuarekin”, Zuga musikagile gernika-lumotarra eta Broken Brothers brass band iruinarrak izango dira jaialdian. Egun horretan euria egingo balu, uztailaren 18an ospatuko lirateke jaialdia. Gaur [ekainak 4], 18:00etan zabalduko dute Haziberriren webgunean sarrerak erosteko aukera, 35 euroren truke.
Pandemian garaian, 2021an, antolatu zuten lehenengoz Haziberri jaialdia, eta hiru urte horietan ikasitakoarekin ikuslearen esperientzia hobetzen saiatuko dira aurtongo zitan. Pertsonak eta egiteko modua zaintzen saiatu dira antolatzaileak: ondarearen ikuspegitik balio berezia duten tokietan kalitatezko zuzeneko ikuskizunak eskaintzea bilatu dute. Antolatzaileen esanetan, Haziberrik espazioarekiko errespetua bermatzen du, eta uneoro espazioara egokitzea dauka helburutzat.
“Aurtongo kartela aurkezteko gogo handia izan dugu”. Diseinuari dagokionez, Alots Arregi azkoitiarra arduratu da jaialdiaren nortasuna bertan islatzeaz. Musika proposamenari dagokionez, Urbizu musikaria aurkeztu dute lehenik. Urbizuk bere izenarekin sinatu duen lehenengo lana aurkeztu zuen urtarrilean, eta lan horren aurkezpen biraren geltokietako bat izango da Haziberri. Berri Txarrak, Peiremans edo Katamalo taldeetako sortzaile eta musikari izan den artistak, urte guzti horietan ikasitako islatzen du Hasiera bat diskoan, eta azkenengo urteetan “mimo handiz” prestatutako lana dela azaldu dute.
Haziberriko antolatzaileak: “Lasterka gabizen garaiotan, astiroago eta prisa barik ibiltzeko proposamena luzatzen du Urbizuk disko horren bitartez”.
“Lasterka gabizen garaiotan, astiroago eta presa barik ibiltzeko proposamena luzatzen du Urbizuk disko horren bitartez”, azaldu dute antolatzaileek. Haziberrik landu nahi duen kontzeptuarekin “guztiz bat” egiten du Urbizuren proposamenak, hori dela eta, hasieratik oso argi izan dute aurtongo jaialdiaren parte izan behar zuela.
Salvadorri dagokionez, euskal musikagintzan “indar handia” duen artista da donostiarra. Salvador Skakeitan taldearekin murgildu zen musikagintzan, eta gerora bakarkako bi lan aurkeztu ditu: lehenik, Zintzilik, eta ostean, Aho uhal. “Salvadorren lanek egi bat gordetzen dute: bere ahotsarena. Udako iluntze goxo eta beroarekin elkarlanean ibiltzeko tandem perfekto bat osatzen dute bere ahots eta akordeek”, azaldu dute Haziberriko arduradunek.
Herriko musikariei, aitortza.
Urbizu eta Salvador kontzertu gunean izango badira ere, atsedengunean emango zaio hasiera jaialdiari, eta bertan izango dira Zuga zein Broken Brothers brass band euren zuzenekoak eskaintzen. Zuga gernika-lumotarra arduratuko da jaialdiari hasiera emateaz. Hainbat taldetatik pasatu ostean, herriko artistak bere bakarkako proiektua jarri du martxan, eta “abesti sinple zein sakonak” sortzen ditu. Hautaketa horrekin, Haziberrik bere aitortza egin nahi die herrian sortutako talde zein proiektu guztiei. “Aupa herriko artistak!”, aldarrikatu dute.
Haziberriko antolatzaileak: “Atseden gunean 1000 pertsonentzako bertoko produktu eta edariz osatutako eskaintza bat prestatzen gabiltza”
Azkenik, Broken Brothers brass band taldea aurkeztu dute. Iruinatik datorren taldeak New Orleanseko doinuak ekarriko ditu, eta afarirako tartea girotzeaz arduratuko da. “Jatekoa aipatuz, aurton ere atseden gunean afarirako txanda bermatuko dugu. Horretarako, atseden gunean 1000 pertsonentzako bertoko produktu eta edariz osatutako eskaintza bat prestatzen gabiltza”, argitu dute. Inguruko basrritarrei izen eta abizenak jartzeaz gain, inguruko produktuekin eskaintza duin eta erakargarri bat osatzea bilatzen dute. Zentzu horretan, Baserritik gernikara ekimenaren eta Urremendi Landa Garapen elkartearen lana aitortu dute aurkezpen ekitaldian. Ekoizleei dagokienez, aurton ere Boga Garagardoa, Bizioko gazteen sagardoa, Hasiberriak Wines, Biba ardoak kooperatiba eta Baserritik gernikarako baserritar guztiekin egingo dute lan.
Ingurumenarekin konpromisoa.
“Lehenengo ediziotik, kulturak balio eraldatzaile bat duela azpimarratu dugu beti. Haziberrin sortzen dugun kultur eskaintzaz gain, egiteko erari ere arreta berezia eskaintzen diogu, eta horren adibide dira Erronka Garbia ziurtagiriarekin lan egitea. Gure aztarna eta jaialdiaren karbonoa aztarna ahalik eta txikiena izateko helburuari erantzuten dio erabaki horrek. Beste alde batetik, jaialdiaren ikur bihurtu diren eserlekuak ditugu. Horiekin, zaborretara doan tona bat artile berreskuratu eta berrerabilitako jutezko eserlekuak egin ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Leixuri Arrizabalaga: “Haziberri jaialdi bat baino gehiago da: jasangarritasunaren aldeko mugimendu bat da. Erabaki bakoitza ingurunea babesteko eta zaintzeko asmoarekin hartzen da, eta ingurunean aztarna negatiborik utzi gabe musikaz eta kulturaz gozatu daitekeela erakusten du”.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatu Leixuri Arrizabalaga ere izan da aurkezpen ekitaldian. Arrizabalagaren ustez, Haziberrik musikagareriko eta kulturarekiko grina eta jasangarritasunarekiko konpromiso sendoa uztartu daitezkela erakusten du. “Haziberri jaialdi bat baino gehiago da: jasangarritasunaren aldeko mugimendu bat da. Erabaki bakoitza ingurunea babesteko eta zaintzeko asmoarekin hartzen da, eta ingurunean aztarna negatiborik utzi gabe musikaz eta kulturaz gozatu daitekeela erakusten du”, nabarmendu du foru diputatuak.
Jaialdiaren alde berritzailenetarikoen artean, horren ohikoak ez diren espazioetan kultura sustatzeko duen gaitasuna goraipatu du Arrizabalaga. Europako Herrien Parkea ospakizunetarako toki izateaz gain, natura eta artea hartzen dituen agertoki bat dela uste du. “Ingurune horrek aukera paregabea eskaintzen du musikaz espazio sentsorial batean gozatzeko. Tokiko ekoizle eta sortzaileei lagunduta, gure komunitatearen ekonomia sustatu eta ingurumen inpaktua txikitzen dugu. Ikuspegi horrek komunitate loturak indartzen ditu, eta toiko garapena sustatzen du. Haziberrik agerian uzten du kultura tokiko motor ekonomiko indartsua dela. Jasangarritasuna sustazteko eta berau eguneroko alderdi danetan txertatu daitekela erakusteko era bat da”, adierazi du.
Inguruko produktuen garrantzia.
Baserritik Gernikarak jakinarazi duenez, bertoko produktuen %10 baino ez dira jaten Euskal Herrian, eta, esan dute, “zoritxarrez”, jaisten doan kopurua dela hori. Nabarmendu dute, gainera, euskal herritarren hozkailuan dauden produktuek bataz beste 4.000 kilometro egiten dituztela bertara ailegatzeko. Hala, tokikoaren alde egin, eta euren produktuek izen-abizenak dituztela azpimarratu dute: “Atzean dute ahalegina, sentimendua eta gozotasuna”.
Musika jaialdiaren haziak ereinda, uztailaren 17an loratuko da Europako Herrien Parkean horrenbeste mimoz prestatutako musika jaialdia.