Amaitu dira Eako udaletxearen energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak
Lanok amaituta, Eako udal eraikin guztiak energia berriztagarrien bidez berotzen dira orain.
Energia eraginkortasuna hobetzeko lanetan buru-belarri lanean aritu dira azken hilabeteetan Eako udatxean, eta dagoeneko amaitu dituzte lanok. Kanpo Isolamendu Termikorako Sistema (SATE) ezarri dute mendebaldeko faltxadan, teilatua berritu dute, leiho berriak ipini dituzte, eta geotermian oinarrituriko berokuntza eta hozketa sistema instalatu dute. Jakinarazi dutenez, lanotarako Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak egiten programaren 100.000 euroko diru laguntza jaso zuen udalak.
Birgaitze energetikoa egiteaz aparte, aukera aprobetxatu dute ur kanalizazioak berritzeko, baita harrera gunea atontzeko eta altzariak aldatzeko ere.
Epe berean, gainera, Eskolondon aerotermia instalazioa berritu dutela jakinarazi du udalak. Eta zehaztu du, kasu horretan ere, diru laguntza eskuratu duela, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arlokoa, hain zuzen ere. 55.112,05 eurokoa izan da jasotako laguntza.
Hori horrela, beraz, udal eraikin guztiak energia berriztagarrien bidez berotzeko aukera dute orain Ean: udaletxea eta Natxituako bolatokia geotermia instalazio banari esker berotzen da, Eskolondo aerotermia bidez, eta Bedaronako txokoa, berriz, biomasarekin —pellet berogailu baten bidez—.