Bizkaiko onenaren bandera, hirugarrenez jarraian
Bermeo-Urdaibaik Bizkaiko Traineru Txapelketa 15. aldiz poltsikoratu du, Lekeition. Azken hiru aldietan garaile suertatu dira bermeotarrak. Zierbena eta Isuntza helmugaratu dira hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
Traineru sasoiaren denboraldiaurrean, Bermeo-Urdaibaiko lantaldeak aurtengo denboraldirako jomuga nagusia argi eta garbi plazaratu zuen: traineru aldiko proba guztiak eskuratzea. Oraingoz, esan eta egin: klubaren ibilbideko 15. Bizkaiko Traineru Txapelketa irabazi zuten domekan [ekainak 2], Lekeition, gizonezkoen absolutu mailan. Azken hiru txapelketak, gainera, jarraian irabazi dituzte. Eskifaia bermeotarrak hasieratik amaierara arte nagusitasuna eta sendotasuna bistaratu zituen; hain zuzen, Bou Bizkaia zen hautagai irteera orduko, eta ez zuen kale egin. Zierbena sailkatu zen bigarren postuan, eta etxeko traineruak, Isuntzak, podiuma osatu zuen.
Itsas baldintza gogorrekin eta arraunetarako egoera oso teknikoekin aritu ziren parte hartzaile denak Lekeitioko uretan. Irteera hartu bezain pronto, Bermeoko trainerua lidertzan ipini zen. Lehendabiziko ziabogara ailegatzeagaz batera, lau segundo ateratzen zizkion Zierbenari; zazpi eta hamabost, ordea, Isuntzari eta Kaikuri. Poparean, ez zen egon bermeotarrengana hurreratzeko bezainbesteko mailadun inor. Gorka Aranberrik zuzendutako traineruak gora eta gora baino ez zuen egin. Estropadaren erdia eginda zutela, zazpi eta hamar segundokoa zen, hurrenez hurren, Zierbenarekiko eta Isuntzarekiko zituzten aldeak.
Uneoro nagusi agertu arren, hirugarren luzean ziurtatu zuen garaipena Bermeo-Urdaibaik
Hirugarren luzean ziurtatu zuen garaipena Iker Zabalaren arraunlariek. Bederatzi segundoko alde erosoagaz abiatu zuten luze hura eta segundoen arrakala, hain zuzen, hazi besterik ez zen egin. Kaikuk, tarte hartan, lehen lauren artean sartzeko eta ondorioz Euskadiko Txapelketara sailkatzeko aukera oro galdu zuen. Izan ere, Ondarroak behetik gorako proba lehiatu zuen eta postu hori ostu zien sestaoarrei, azken ziabogan Kaikuk baino hogei segundo gutxiago behar izan baitzituen. Azkenengo txanpak gutxi izan zuen ezustekotik: lehen hiru postuak bermatuta zituzten Bermeo-Urdaibaik, Zierbenak eta Isuntzak. Garaileek azken bi urteetan arraun mundua irauli duten eskifaia uretaratu zuten. Maila itzel haren aurkakoan, gainontzeko guztiek ezer gutxi egin ahal izan zuten.
Bermeotarrek 20.52an gelditu zuten erlojua, maisutasunez. Zierbenak 21.01eko denbora behar izan zuen, lanak burutzeko; Isuntzak, 21.20koa; laugarren sailkatutako Ondarroak, aldiz, 21.27koa. Mundakako eta Elantxobeko arraun elkarteek osaturiko Busturialdea ere lehian sartuta egon zen: hamargarren postuan sailkatu zen, irabazleak baino hiru minutu eta hogeita lau segundo gehiago egin ondoren. Lekeitioko probako lehen lau sailkatuek Euskadiko Traineru Txapelketa lehiatuko dute datorren asteburuan, Bizkaiko ordezkaritza osatuz. Hain zuzen, Kontxan izango da proba hori, Donostian, domekan [ekainak 8].
Hurrengo domekan, Euskadiko Traineru Txapelketa lehiatuko dute, Donostiako Kontxan
Ondarroa, oso solido.
Emakumezkoen absolutu mailan, Kaikuk ez zuen areriorik eduki. Iazko garaipena berretsiz, garaipen sendoa lortu zuten sestaoar arraunlariek. Ondarroa bigarren postuan helmugaratu zen, eta Deustu hirugarrenean. Ondarrutarrek estropada aparta egin zuten, bereziki, poparean eta bigarren luzean. Dena dela, proako olatuekin, ezin izan zion buelta eman Kaikuk lehen luzean urraturiko segundo arrakalari; Sestaoko traineruak, izan ere, aurrea hartu zuen hastapenean, eta zazpi segundoko aldea lortu, ondo kudeatzen jakin zuena. Azken luzean, alde hura apur bat apaldu zuen Ondarroak, baina ez garaipenaren jokoan aritzeko beste; bost segundo eskasera amaitu zuten. Deustuk, berriz, azken luze hartan gorriak ikusi zituen olatu artean.
Beteranoen arteko lehiari dagokionez, Getxok bere legea ezarri zuen, Mundakaren aurretik. Bisonteek Bilboren aurretik eskuratu zuten bigarren postua.