Ane Olaeta etxera itzuliko da
Datorren denboraldian Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du Ane Olaeta gernika-lumotarrak. Pertsonalki, jokalari modura hobetzen segitu gura du.
Etxera itzuliko da Ane Olaeta. Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du klubaren harrobian hazi eta hezi den jokalariak. 2016-2017an jantzi zuen elastiko granatea lehen aldiz, duela zazpi urte, eta Estatu Batuetara ikastera joatea erabaki zuen gero, CBU Unibertsitateko saskibaloi taldeko ikur bilakatuz. Azken bi urteak Galiziako Duran Maquinaria Ensinon jokatzen aritu da, iaz, bataz beste, 4,4 puntu, 1,9 errebote eta 1,4 asistentzia lortuz.
Etxera itzultzea berezia dela aitortu du Olaetak: “Oso pozik nago etxera itzultzeko hartutako erabakiagaz. Etxera bueltatzeko gogoak izan ditut, eta kluba eskertu behar dut emandako aukeragatik. Duela zazpi urte joan nintzen Gernikatik, eta orain, bestelako esperientzia bategaz bueltatuko naiz”.
Pertsonalki, jokalari modura hobetzen segitu gura du Olaetak, eta talde modura, maloste eta jokalarien arteko konexioa egotea bilatu gura du.
Lucas Fernandez ere pozik agertu da Olaeta taldera bueltatzeagatik. Dioenez, “erasoan asko” eman ahal dezakeen jokalaria da, jokoari erritmo bizia eman diezaiokeelako: “Erritmo bizia jar dezakeen jokalaria da, eta uztaila ikusteko gaitasuna ere badauka”. Horrez gain, defentsako lanean sendo jokatzen duela, esku bizkorrak dituela eta baloiarekiko preso handia ezar dezakeela azpimarratu du Fernandezek.
Eguneroko lanerako pentsamoldea daukan jokalaria dela Olaeta gehitu du entrenatzaileak, “talderari bere nortasuna” emango diola gehituz: “Lanerako konpromiso horrek eta nortasun horrek talde gisa hazteko balioko digu”.
Olaeta Lointek Gernika Bizkaiak datorren denboraldirako egin duen hirugarren fitxaketa da, eta dagoeneko bost jokalari iditu ziurtatuta: Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Laura Westerik eta Olaeta bera.