Gaztetako denborak oroitzen dabiltza juerga giroan
Montorre Herri Eskolako ikasle eta irakasle ohien jaiean batu dira Gautegiz Arteagako lagunak. 178 lagun batuko dira bazkalorduan.
Ez ditu biztanle asko Gautegiz Arteagan: 2023an, 910 konkretuki. Dituenak, baina, militante hutsak dira, eta herrian antolatzen diren ekimen guztietara batzen dira. Gaurkoan [ekainak 1], Montorre Herri Eskolako ikasle eta irakasle ohien jaia ospatzen dabiltza, eta 178 izan dira bazkarirako izena eman dutenak.
11:30etan izan dute hitzordua ongi etorriarekin, eta 12:00etan eman diote hasiera jaiari, pregoia irakurrita, eta txupina jaurtita. Urte luzez Montorreko zuzendari izan den Jose Luis Bardon omendu dute goizean. Agurra dantzatzeaz gain, bertsoak bota dituzte, eta eskolako ikasleek photocall-a prestatu dute.
Eskolako ateak ere ireki dituzte, eta nostalgiak bultzatuta, ez dira gutxi izan gaztetetan hainbat ordu eman dituzten ikaslegetatik bueltatxoa eman dutenak. Umetako denboretara eraman dituzte bertaratutakoak eskola kanpoan jarri dituzten argazkiek: minutu luzeak eman dituzte argazki guztiak birpasatzen.
Trikitixa eta panderoak girotuta egin dute dantzan bazkaldu aurretik, eta tripak bete ostean ere ez zaie egitekorik faltako. Antolatzaileek bingo musikatua, gazta eta pernolaren pisu asmakizuna eta betiko jolasak antolatu dituzte; saku lasterketak edota eserlekuen inguruan jolastuko dira Montorretik pasatutakoak.