Suteei aurre hartzen ikasteko jardunaldia, Gernika-Lumon
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak antolatutako jardunaldia da, herritar guztiei, baina bereziki ume eta gazteei zuzenduta dagoena. Hitzaldiak eta ginkana egongo dira, etzi [ekainak 2], Pasealekuan.
Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek nabarmentzen dutenez, egunero gertatzen dira suteak, baina gehienetan prebenitu egin daitezke. Horregatik, herritarrak, bereziki haurrak eta gazteak, suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko, aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua Gernika-Lumoko Pasealekuan egongo da, etzi [ekainak 2], 10:30etik 14:30ak bitartean. Azaldu dutenez, Suteak Prebenitzeko Jardunaldira suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak erakusteko diseinatutako eta hornitutako edukiontzi eramangarria eramango dute.
Edukiontzi eramangarrian hitzaldiekin, adibide praktikoekin, tailer ezberdinekin neta ginkanagaz gozatuko dute bertaratzen direnek, beti “modu ludiko baina didaktikoan”. Gainera, autoponpa-kamioi bat ere egongo da Pasealekuan bertan. Aurreratu dutenez, ekintza guztiak suhiltzaileek gidatuko dituzte, zehazki Arratzuko suhiltzaileek, Uriosteko (Ortuella) pertsonalagaz batera.
EGITARAUA
- Etzi, ekainak 2.
- 10:30/11:30. 6 eta 12 urte bitartean dituztenentzako hitzaldia.
- 11:40/12:50. 12 urtetik gorako gazte eta helduentzako hitzaldia.
- 13:00/14:15. Ginkana (adin guztietako taldeek parte hartu dezakete)
- 14:30. Sari banaketa eta jardunaldiaren amaiera.