Kultur etxe berria diseinatzen hasteko tailer parte hartzailea antolatu dute
Tailerra ekainaren 6an [eguena] izango da, 19:00etan, udaletxean. Mikel Magunazelaia Foruko alkateak herritar guztien parte hartzea "ezinbestekoa" dela adierazi du.
Juan Mari Torrealdai Kultur Etxe berriaren proiektua idaztea Foruko Udalak 2024rako aurrekontuetan onartutako inbertsio garrantzitsuenetakoa da. Horregatik, etorkizuneko kultura-espazioa zirriborrotu eta diseinatzen hasteko asmoz, udalak tailer parte-hartzailea antolatu du, ekainaren 6an [eguena], 19:00etan, udaletxean. Azaldu dutenez, tailerra espazio kultura sortzeko “entzute aktiboko prozesu global baten parte da”.
Foruko Kultur Etxearen proiektuak “etorkizunari” begiratzen diola azpimarratu dute, batez ere, “inklusibitatearen eta zeharkakotasunaren ikuspegitik”. Horregatik, udalak herritarren iradokizunak, ideiak eta beharrak entzun nahi ditu, kulturgune berria diseinatzeari begira. “Herriko bihotz barri hau guztion artean sortzeko guztien parte-hartzea ezinbestekoa ikusten dogu”, adierazi dau Mikel Magunazelaia Foruko alkateak. Aurreratu dutenez, hurrengo faseetan herriko eragile politiko eta kulturalekin ere batuko dira.
Kulturgunearen berritzeak udalak udalerriari zerbitzuak emateko duen “konpromisoari” eusten dio: herriko “bizitza soziokulturala” dinamizatzeko “apustu sendoa” da. Horregatik, antolatutako tailerrera bertaratutakoei kultura-espazio berriaren diseinu eta planteamendu prozesuaren berri emango die, tailerra gidatuko duen teknikari profesionalak. Aurreratu dutenez, Foruko Kulturgunea antolatzean kontutan hartuko dituzten mugarri arkitektonikoen artean, lau dira bereziki balioetsi dituztenak: inklusiboa izatea, irisgarria, ingurumenarekiko sentikorra eta jasangarria izatea, eta tokiko ondarea errespetatzea.
Formularioa.
Udaletik azaldu dutenez, herritarren ekarpena kultura-espazioa diseinatzen hasteko “bide-orriaren oinarria” da. Izan ere kultur etxea herriarentzat irekia egongo den “espazio funtzionala” izango da, etorkizuneko beharrei erantzungo diena. Behar horiek identifikatzeko helburuagaz, tailerrean bertan formulario bat online jarriko dute herritarrek ekarpenak egin ahal izateko. Gainera, datozen egunetan, tailerrera bertaratzerik ez dutenenei ere helaraziko diete galdetegia
Galdetegiagaz herritarren informazioa bildu gura dute, eta horretarako egingo dizkieten galderen artean onorengoak egongo dira: zelako kultur etxea nahi duzu? Zer falta du egungoak? Zure ustez, ze paper dute egungo Foruko Kultur Etxeak eta inguruak eskualde mailan?.