Herritarren tabako kontsumo joerak ezagutzeko galdetegia zabaldu dute
Bihar [maiatzak 31] itxiko dute galdetegia. Inkesta Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak bultzatu du, bihar Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela aprobetxatuta.
Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak bultzatuta, eta bihar [maiatzak 31] Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela baliatuz, bermoetarren tabako kontsumo egoera aztertzeko galdetegia sortu dute.
Inkesta 11 galderek osatzen dutela eta horiek askotarikoak direla azaldu dute; besteak beste, Bermeoko bizilagunen kontsumo mota, egungo araudiaren inguruan horiek duten ezagutza, erretzea debekatua dagoen lekuen berri duten edo, erretzeari utzi nahi badiote nora jo dezakeen dakiten ezagutzea da galdetegiaren helburua.
Galdetegia Bermeoko Udalaren zein Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuen sare sozialetan aurkitu daiteke, eta bihar 23:59an itxiko da, datuak aztertzen hasi ahal izateko.