Elkartasuna, gurpil biren gainean
II. Bermeo Bizi Festa egingo dute domekan [ekainak 2], txirrindularitzarekiko zaletasuna sustatzeko eta Bizkaiko Elikagai Bankuarentzako jakiak lortzeko helburuz.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak, Orkatzeta Enduro Team taldeak, Bermeo Txirrindularitza Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatuta, Bermeo Bizi Festa egitasmoaren bigarren ekitaldia egingo dute domekan. Ekimenaren jomuga herritarren artean txirrindularitzarekiko zaletasuna sustatzea izango da. Azaldu dutenez, bizikleta “garraiobide jasangarria, segurua eta osasuntsua” dela bistaratzea dute helburu. Herritar orori zuzenduta egonagatik ere, bereziki “gaztetxoenengan” ipiniko dute iparrorratza: “Familia guztientzako eguna izango da, baina, batez ere, umeei begira antolatu dugu”.
Txirrindularitzarekiko zaletasuna, gainera, solidaritatez eta elkartasunez hornituko dute. Izan ere, Bizkaiko Elikagai Bankuagaz lanean, egitasmotik ateratako hobari guztiak “gehien behar dutenei laguntza emateko” baliatuko dituzte: “Izena emateko, bankuari dohaintzan emateko elikagaiak aurkeztu beharko dira; geure helburua, hain zuzen ere, ez da ekimen honegaz etekin ekonomikoa ateratzea, beharrizana dutenei janariz laguntzea baino”.
Izena emateko, Bizkaiko Elikagai Bankuarentzako produktuak aurkeztu beharko dira
Bermeoko San Martin auzoa izango da domekako egitaraua hartuko duen ingurua. Goizeko egitaraua atondu du antolakuntza lantaldeak, baina aurreratu dute egun guztia lagunarteko giroan, gurpil biren gainean eta aldarte ederrean pasatzeko “aukera paregabea” izango dela. Izen ematea 10:30etik 11:00etara artean egin ahalko da; herritarrek izena emateko postura elikagaiak eroan beharko dituzte. Iragarri dutenez, kontserbatzeko “egokienak” diren produktuak lehenetsiko dituzte: “Bizkaiko Elikagai Bankutik azaldu digute ez dugula zertan produktu berezi edota espezifikorik eskatu, baina, normala den heinean, hoberen kontserba daitezkeen eguneroko jakiak behar dituzte”.
Zortzi kilometro inguruko bizikleta ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, Bermeoko herrigune barruan
Guztientzako ibilbidea.
11:00ak eta 12:00ak bitartean iritsiko da egitarauko gailurra: bizikleta ibilbidea. Zirkuitu “erosoa baina polita” prestatu dute. “Bermeoko herrigunetik ibiliko gara, hala herriaren erdialdetik, nola kanpoko auzoetatik; zortzi kilometro ingurukoa izango da”. Antolakuntzakoak ibilbideko punturik “arriskutsuenetan nahiz gogorrenetan” egongo dira, parte hartzaileei laguntza emateko. Ibilbidea amaitu ondoren, baina, jaia ez da amaituko: “Umeentzako puzgarriak zein aurpegi margotzailea egongo dira irteera eta helmuga eremuan. Eguerdi eta arratsalde tarte ederra pasatzea da helburua”.
Bigarren aldia, lehendabizikoa bezalaxe, “arrakastatsua” izateko esperantzaz daude. Aurten, Bizi Festa uztailetik ekain hasierara aldatu dute, “ikasturte barruan eta uda sasoitik urruntxoago” kokatuta egon dadin eta, ondorioz, “ume zein familia gehiago bertaratu daitezen”. Antolatzaileek Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lasterketa ere prestatzen dute; aurten, bi egitasmoak egutegian iaz baino gehiago bereizi gura izan dituzte. Edozelan ere, aurreratu dute aipatutako mendi bizikleta lasterketa uztailaren 6an izango dela.