Urdaibaiko historian barrena
Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5000 urteko historia ezagutu ahal izango da Bizkaiko Foru Alduniak antolatu dituen 'Ibilbide Historikoen' bitartez. Uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira Busturialdean.
Normalean bisitatu ezin diren aztarnategi arkeologikoak ezagutu eta ondarera hurbiltzeko aukera eskainiko du, beste urte batez, Bizkaiko Foru Aldundiak(BFA). Ekainetik irailera bitartean antolatu dituzten Ibilbide historikoen bitartez, BFAk “udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura eta paisaia ingurune paregabea eta harrigarria” ezagutzeko aukera luzatuko diete herritarrei. Bisitariek ezagutuko dituzten ondarearen elementu horietako batzuk ezagunak dira, beste batzuk duela gutxi aurkitu dituzte, eta bisitetako batzuk errealitate birtualaren bidez egingo dira.
Uztailean iritsiko dira ibilbideak Busturialdera. BFAko kultura, historia eta turismo arloko proposamenaren erroa Urdaibain dago: bertan egingo dira uztaileko, abuztuko eta iraileko ibilbide guztiak. Azaldu dutenez, Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora arte. Gainera, errealitarte birtualaren laguntza izango dute ibilbideotan, zeinek Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eramango dituen bisitariak.
Urdaibai historiako gertaera erabakigarriak ezagutarazteaz gain, natura ingurunearen eta ondarearen “zaintza eta jasangarritasuna bermatu” nahi dituzte proposamen kulturaletan. Horregatik, bisitak talde txikietan egingo dira; gainera, bisita batzuk oinez egingo dira, eta, beste kasu batzuetan, tren turistiko batean, jende gehiagok parte har dezan. Programak bost ibilbide gidatu ditu aztarnategi arkeologikoetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).
Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Herrixka bisitatzeaz gain, Arrolagune interpretazio-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitza bat erakutsiko dute, garai hartako bizimodua azaltzeko.
Errealitate birtualarekin jolasean.
Foruko erromatar herrixkaren erakargarritasunetako bat errealitate birtualaren erabilpena izango da. Teknologiaren bitartez, bisitariek Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara egingo dute salto. Tablet baten bitartez, duela ia 2000 urte herrixka nolakoa zen ezagutuko dute, eta horrela, “historia eta kultur ondarea herritarrengana gehiago hurbiltzea lortzen da”. Gainera, Foruko erromatar herrixkan aritzen diren arkeologia taldea lanean ikusteko aukera ere izango dute.
Herrixka ez ezik, Tourseko San Martin eliza ere bisitatuko dute. Elizaren zoru beiraztatuaren azpian, erromatarren foroaren parte ziren “eraikin ikaragarrien” eta antzinako nekropolien aztarna “baliotsuak” daude, besteak beste.
Sollubeko Tribisburuko nekropolian erromatarren garaiko errausketarako hilobiak eta hileta errituak bisitatuko dituzte. Nekropolia duela 2000 urte Urdaibaiko alde horretan bizi zirenek erabiltzen zuten.
Ereñozar mendiaren tontorrean dagoen ermita txikian “duela 1000 urtetik orain arteko kondaira eta historia batzen dira”. Bertan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gaztelu baten eta geroagoko nekropoli baten aztarnak ikus daitezke. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzen ziren, XVI. mendean Ereñoko eliza eraiki baino lehen.
Bizkaiko historiaurreko hileta ohiturak eta errituak ezagutu nahi dituenak, Busturia eta Mundaka bitartean egingo den oinezko ibilbidea egin beharko du. Katillotxu mendiko paisaia ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusiko dituzte.
Bizkaiko Zin Bidea.
Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten zuen tokietatik igarotzen da Zin Bidea. “Bizkaiko bihotza zeharkatzeko eta gure identitate politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da: Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia”, zehaztu dute antolatzaileek. Ibilbidea hiru etapatan egiten da, eta bi eratara egin daiteke: oinez hiru egunetan, edo autobusez egun bakar batean–goizez–.
Zin Bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumon zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Ibilbidean zehar, Bizkaiko foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak bisitatuko dituzte. “Bizkaiko historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia honen ardatz nagusia, eta oso aukera ona da ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko”, azaldu dute.