Errepublikarren memoria babesteko hitzorduak
Pipergorri Kultur Elkarteak Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean —gaur egungo Gernikako Institutua dena— 1938-1940 artean hil ziren 269 presoak omentzeko memoria eta historia ekitaldiak prestatu ditu eguenerako eta zapaturako.
Memoria historikoa lantzen eta ikusarazten duen Pipergorri Kultur Elkarteak Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean —gaur egungo Gernikako Institutua dena— 1938-1940 artean hil ziren 269 presoak omentzeko memoria eta historia ekitaldiak prestatu ditu biharko eta zapaturako. Ekitaldi nagusia zapatuan Zalloko hilerrian egingo bada ere, aurretik Irungo Kontzentrazio Esparruari buruzko hitzaldiaz gozatzeko aukera egongo da bihar, kultur etxean.
Hain zuzen ere, Irungo kontzentrazio esparrua erbestetik bueltatzen zirenak kontrolatzeko gune bihurtu zen. Laster Memoriaren Leku joko duten Frantziarekiko muga hori, kontrolak gauzatzeko leku estrategiko bilakatu zuten. “Gerra amaituta egon arren, eta erbesteratutakoak etxera buelta zitezkeen arren, Irundik igarotzerakoan, gelditu egiten zituzten asko, sailkatu eta kontzentrazio esparru edo beste leku batzuetara eroateko”. Hain zuzen ere, erbestetik etxerako buelta horretan, errepublikazale batzuk preso hartu zituzten, eta Miranda de Ebro edo Urduñako esparruetara bidali zituzten. Eta, leku horietan gaixotu zirenak, Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrera hurreratu zituzten, berton hiltzeko.
Ondorioz, Pipergorrik Irungo kontzentrazio esparru horri buruzko hitzaldia antolatu du eguenerako: Irungo Kontzentrazio esparrua: erbestetik errepresio frankistara. Izan ere, elkarteak horrenbeste errepublikazaleren heriotza ekarri zuen kontzentrazio sistema frankista hobeto ezagutzea eta hori ospitale militarragaz lotzea bilatzen du.
Zehaztu dutenez, Irunen urteak daramatzate gaian sakontzen, memoria lantzeko arloa kudeatzen duen ordezkaria ere badutela jakinaraziz, eta Pipergorrikoek uste dute, Gernika-Lumok ere, memoria historikoa lantzeaz arduratu beharko litzatekeen zinegotzia izan beharko lukeela: “Irunen bezala, gustatuko litzaiguke Gernikan ere memoria historikoa kudeatzeko zinegotzi bat egotea, memoria askoko herria baita. Are gehiago, Espainiako Gobernuak Gernikako herrigune osoa Memoria Demokratikoaren Leku izendatuko badu”.
Egueneko hitzaldia Maria Jose Nogues Vazquez irakasleak zuzenduko du, 18:30etik 20:00etara bitartean. Bera da Nicolas Guerendiain Asociacion Republicana Irunesa elkarteko kidea eta Irungo Pio Baroja BHIko Memoria Historikoaren araduraduna, eta Pipergorrikoek esan dute “saio ona” eskainiko duela.
Memoria ekitaldien une garrantzitsuena, baina, zapatukoa izango da, hildakoen familiei begirako ekintza izango delako, testigantzak jasotzekoa. Memoria gune bilakatuko da Zalloko hilerria horrela. Ekainaren 3an hil zen Gernikako Gerra Presoen Ospitaleko azken presoa, Benito Fernandez Gonzalez asturiarra, eta gero, ospitale militarra itxi zuten. Ordutik 84 urte igaro dira, eta urteurrenetan historia hori memoriara ekartzen dute Pipergorrikoek.
Hala, familien testigantzek parte hartze berezia edukiko dute, bost familiaren ahotsa entzun ahal izango delako bertan. Gero, izanari izena emango diote, eta hildakoen izenen irakurketa egingo dute, baita lore eskaintza ere. Tartean, Segundo Olaeta Musika Eskolako Bandakoak ariko dira alde musikala bideratzen.
Beraz, non eta Gernika-Lumon, memoriaren beharra aldarrikatuko dute, memoria inklusiboarena, herritarren memoriarena: “Memoria errepublikarra berreskuratu, eta memoriaren ezagutza eta zabalkuntza sustatu behar dira. Biktimen dignifikazioa. Ahanzturarik ez, beharrizan demokratikoa”.