Nautikako ikasleek Ortube itsasontzia birgaitzeko lanetan parte hartu dute
Otsailaz geroztik, Oinarrizko Lanbide Heziketako 10 ikaslek parte hartu dute ontzia birgaitzeko praktiketan; etorkizuneko lanetarako "ohitura garrantzitsuak" garatzeko aukera izan dutela azpimarratu dute.
Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIko Oinarrizko Lanbide Heziketako 10 ikasle Ortube itsasontzia birgaitzeko lanetan aritu dira. Ekimena Bermeoko Nautikak eta Ortube itsasontziak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker gauzatu da. Lanean kontzentratazeko jarrera sustatzea, lankidetza sustatzea, segurtasun-arauen jarraipena ziutatzea eta tresnen erabileraren zaintza irakastea izan dira lankidetza atzo [maiatzak 27] bukatu zen lankidetza praktikaldiaren helburu nagusiak.
Azaldu dutenez, ekimena lehen mailako modulu espezifikoen praktiken barruan kokatu da, eta ikasleei etorkizunerako lanetarako “ohitura garrantzitsuak” garatzeko aukera eskaini die. Otsailaz geroztik, ikasleek itsasontzia birgaitzeko lanetan lagundu dute, astean behin, 09:00etatik 14:00etara. Praktikak ikastetxean egin beharrean, itsasontzian bertan egin dituzte: “Esperientzia praktikoa eta errealista” eskaintzen duen ingurune batean”.
Itsasontziaren birgaitzeagaz lotutako edukiez haratago, “jarrera, motibazioa eta harremanak” ere landu dituzte. Lanak nautikako bi irakasle eta proiektuko boluntarioen gidaritzapean gauzatu dituzte, eta horiek “pozik” agertu dira gazteek egindako lanagaz. Modu berean, etorkizuneko ikasleei ere mesede egiteko asmoz, hitzarmena berritzea eta lankidetzari jarraipena ematea espero dutela adierazi dute.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Xabier Ortuzar Butron alkateordea ikasleak Ortube itsasontzian egiten ari diren lana bertatik bertara ezagutzen izan dira, eta horiek ere hitzarmenagaz “pozik” agertu dira. Gainera, lankidetzak bai ikasleei bai Ortube itsasontzia birgaitzeko proiektuari eman dizkien “onurak” nabarmendu dituzte.