Espainiako Boccia Kopako zilarrezko domina, eskualdera
Sevillan jokatu dute Ainhoa Meñaka gernika-lumotarrak eta Laia Gonzalez bermeotarrak, eta euren taldearekin batera zilarrezko domina eskuratu dute. Meñakak Bocciako Munduko Txapelketa jokatuko du udan Polonian.
Euskal Herriko txapelketa guztiak irabazita, Espainiako Boccia Txapelketa lehiatzera joan dira Haszten Elkarteko kideak, tartean, baita Ainhoa Meñaka gernika-lumotarra eta Laia Gonzalez bermeotarra ere. Joan den asteburuan jokatu dute txapelketa Sevillan, eta jokatzea gutxi balitz, zilarrezko dominagaz itzuli dira etxera lekeitiarra eta bere taldekideak, urte guztian egindako lanaren erakusgarri.
Desgaitasun fisikoa, garun paralisia edota garun lesioa dutenek jokatzen dute boccian, eta Euskal Herriko bi talde egon dira asteburuan Sevillan, hiru entrenatzailerekin. Ronan Murphy lekeitiarrak bilbotar bi ditu Haszten taldean: Diego Alfaro eta Iban Sandonis. Bigarren taldea, berriz, Haszten/Ostadar izenagaz aurkeztu zen, eta Meñakak eta Gonzalezek Xuban Santin gipuzkoarrarekin osatu zuten taldea. Meñakak eta Santinek, jokatu berri duten Espainiako Txapelketaz gain, ekainaren 24tik uztailaren 2ra Poznan World Boccia Challenger 2024 munduko txapelketan ere jokatuko dute, Polonian.
Taldeetako bakoitzak bere mailan jokatu du, eta biek lortu dute zilarrezko domina: Haszten taldeak bikotekako mailan jokatu zuen kataluniako Boccia Team taldearen kontra, eta 3-1 eginda, bigarren postua eskuratu zuten euskaldunek. Haszten/Ostadar taldeak berriz, taldekako BC1-BC2 mailan jokatu zuen (laguntzarekin eskuekin edo hankekin jokatu dezaketen kirolariak eta laguntzarik barik jokatu dezaketenak) Gueopic Boccia Molins/Esbonat taldearen aurka, eta 6-2 eginda zilarrezko dominagaz itzuli dira etxera. Gainera, euren taldekoa den Santinek bere mailan urrezko domina lortu zuen, bakarka.
Irune Muñecas entrenatzailea pozik agertu da kirolariek lortutako emaitzekin: “Gutxienez kopa bat edo domina bat lortu nahi genuen, eta pozik gaude; ondo joan da. Luzea izan da ze hiru egunetan lehiatu dugu, baina oso ondo joan da. Denak finalera heldu ziren. Horrelako txapelketetan, partaideak oso gazteak direnez, zalantzak, beldurrak… sartzen zaizkie, eta oso urduri egon ziren gehienak, baina oso ondo egin zuten”. Muñecasek azaldu du “oso jokalari onak” zeudela Sevillan, Espainiako onenak, hain zuzen ere: “Kostatu egin zen finalera heltzea ze Espainiako jokalari onenak zeuden bertan, baina oso ondo egin zuten, nahiz eta urduri egon. Euren artean oso ondo eroaten dira, eta denon artean aurrera atera gara”.
Ikusgarritasuna ematen. Muñecasek azaldu duenez, Boccia kirol paralinpikoa da, eta “ez da oso ezaguna”. Kirola ezagutarazi nahi dute Haszten Elkartekoek: “Kirolari ikusgarritasuna eman nahi diogu, inork ez duelako ezagutzen. Oso garrantzitsua da guretzat. Azkenean, kirolariak Espainiako txapelketetan, txapelketa internazionaletan eta bestelakotan jokatzen dute; horra iristea kostatzen zaigunarekin, gero ez dugu edukitzen dirurik edo patrozinadorerik ere”. Gaineratu duenez, boccia ez da kirol egokitua, garun paralisia dutenentzat edo desgaitasun fisiko oso nabaria dutenentzat sortutako kirol espezifikoa baizik: “Pentanka antzekoa da, baina oso teknikoa. Ez da kirol egokitua, saskibaloia gurpildun aulkian egitea izan daitekeen bezala; hau kirol espezifikoa da. Horrelako bi kirol bakarrik daude, eta bat boccia da, paralinpiadetan ere badagoena”.