Lauburu taldeak irabazi du Bizkaiko Taldekako Txapelketa
Zapatuan [maiatzak 25] jokatu zituzten azken kanporaketak, Arrigorriagan. Eskualdeko Zapatilapeko txikliek taldea ere finalerako sailkatu zen.
Bertsoek hartu zuten zapatuan [maiatzak 25] Arrigorriaga. Bizkaiko Taldekako Txapelketako azken kanporaketak jokatu ziren eta bertan Busturialdeko hiru taldek parte hartu zuten, horietako bi finalerako sailkatuz, eta batek garaipena eskuratuz: Lauburu taldeak, hain zuzen ere.
Goizean eskolarteko finalak jokatu zituzten eskolan, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa ondoren. Eguerdian, ume zein nagusiak bazkarian elkartu ziren. Ondoren, hasi ziren finalaurrekoak, bakoitzeko irabazleak bakarrik egingo zuen aurrera. Lehen kanporaketan eskualdeko bi talde aritu ziren nor baino nor gehiago: Pirata bertso-taldea, Troiako zaldia eta Zapatilapeko txikliek. Azkenengoek egin zuten aurrera, hau da, Iker Uriarte, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia, Koldo Muñiz, Antton Gorriño, Xabier Enbeita eta Inazio Gonzalok osatzen duten taldeak.
Bigarren kanporaketan lortu zuen finalerako txartela Lauburuk eta azkenean Taket Mungiako Taldeak osatu zuen finaleko hirukotea. Finala, Elizondo jatetxean jokatu zeneta gai-jartzaileak Idoia Anzorandia eta Beñat Vidal izan ziren. “Umoretik asko” izan zuen finala izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Giro sanoan Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza, Eneko Aldana, Asier Galarza eta Alain Cuberok osatutako Lauburu taldeak lortu zuen IV. Taldekakoaren saria.
Irabazleak “oso pozik” agertu dira garaipenagaz. “Txapelketa honek bertsoak lagunartean eta modu informalago batean egiteko aukera ematen du, bestelako txapelketek duten presio eta lehiakortasunetik urrun. Azken batean lagunartean bertsotan aritzeko aitzakia bat besterik ez zen izan. Egun bikaina pasatu genuen Arrigorriagan, azken sariagaz gainera, nahiz eta garaipen anekdotikoa den”.