Busturialdeko ibaietan gutxieneko emari ekologikoa murriztu dutela salatu dute
Ekologistak Martxan-ek, Eguzkik eta Zain Dezagun Urdaibaik adierazi dutenez, eskualdeko ibaietan gutxieneko emari ekologikoa murrizteak arriskuan jarriko du bertoko ibaien osasuna.
Busturialdeko Oka, Mape eta Golako ibaien emari ekologikoa arriskuan dagoela salatu dute elkarte ekologistek. Izan ere, Ekologistak Martxan elkarteak eta Eguzkik jakinarazi dute Uraren Euskal Agentziak ibai horien gutxieneko emari muga beheratzea onartu zuela maiatzaren 10eko bilkuran.
Emari ekologikoa da ibai batek bertan bizi den faunaren eta landareriaren bizitza bermatzeko izan behar duen gutxieneko emaria, baita ibilguaren eta ibaiertzetako landarediarena ere. Eta, gutxieneko emari hori murrizteak Busturialdean “biodibertsitatea mehatxatzen duela” diote ekologistek: “Gutxieneko emari hori murrizteak erregulartasunez eskualdean bizi diren herritarrak hornitzeko arazoak sortuko ditu, eta biodibertsitatea mehatxatu, argi eta garbi”. Ze, gogoratu dutenez, eskualdeak ur hornidura arazoak izaten ditu “erregulartasunez”, bereziki udan: prezipitazio gutxiago egoten da eta eskualdeko biztanleria hirukoiztu egiten da, 45.000 pertsonatik 140.000 pertsona ingurura.
Bi elkarteek adierazi dute ez dela beharrezkoa emari ekologikoen gutxienekoa murriztea ur hornidura bermatzeko. Izan ere, Uraren Legeak (59. artikulua) aukera ematen du emari ekologikoaren muga hori ez betetzeko, biztanleria urez hornitzeko beste aukerarik ez denean. Hala ere, jakinarazi dute salbuespen neurri hori ezin zaiela aplikatu Nazioarteko Garrantziko Hezeguneen Konbentzioaren eremuaren parte diren ibaiei, eta hori da, hain justu, Oka, Mape eta Golako ibaien kasua. Ondorioz, ibai horiek ezin dira emari ekologikoaren gutxieneko mugatik behera utzi, babestuta daudelako: “Babestuta daude, eta ezin da urik hartu haien emari ekologikotik behera, ezta hori murriztu ere”.
Hain zuzen elkarte biek salatu dute Uraren Euskal Agentziak onartu duen aldaketa hori herritarren hornidurarako ez ezik, beste erabilera batzuetarako ere izango dela, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako, esaterako. Gaineratu dute, maiatzaren 10eko bilkuran uraren kanona atzerako eraginez indargabetzea ere erabaki zuela URAk, 2024, 2023 eta 2022 urteetarako, eta alderdi horrek sortzen dizkie zalantzak ekologistei. “Neurriaren arabera, 2022, 2023 eta 2024 ekitaldietan, nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako hobaria %10ekoa izango da, eta, aldi horretan, subjektu pasibo zergadunak salbuetsita egongo dira nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ura hartzagatik edo sartzeagatik kanona aitortzetik eta likidatzetik”, azaldu dute. Hori dela eta, zalantzak sortu zaizkie, “kontagailurik ez dagoenez eta kanona ordaintzetik salbuetsita dagoenez”, pentsa daitekeelako “kontsumitzen den ur kantitateak ez duela axola, ezin delako kontrolatu edo kargatu”. Azken gai horri buruz, esan dute “kezkagarria” dela interes partikularrari interes orokorrari baino lehentasun gehiago ematea: “Neurri hori aplikatzen bada, urarekin lotutako zerbitzuen kostuak berreskuratzeak ez die eragiten ura gehiegi erabil dezaketenei”.
Hori esanda, bi elkarteek ziurtatu dute lanean jarraituko dutela, administrazioei “bidegabekeria handi hau zuzentzeko aukera” eskaintzeko, eta ordezkari politikoei eskatu diete jokabide eta gauzak egiteko modu horiek “zaindu eta saihesteko, bai klima aldakeraren aurkako borrokan, bai ingurunearen kontserbazioan dituzten konpromisoak betetzerakoan: “Mugimendurik ikusten ez bada, hartu beharreko neurriak pentsatutko ditugu, ibiaiak, haien ingurunea eta bizitza bera babesteko beharrezkoak diren bideetara joz”.
Estres hidrikoa.
Zain Dezagun Urdaibai plataformak, bere aldetik, URAren erabkiak gaitzetsi ditu, eta, datuak emanez, jakinarazi du emari ekologikoaren murrizketak nabariak direla; esaterako, esan dute %60 murritzagoa izango dela Golako ibaiaren 1 eta 2 puntuetan: segundoko 192 eta 156 litroko emaritik segundoko 76 eta 62 litroko emarira igaroko dela esanez.
Elkarteak gogorarazi du EHUko adituek estres hidrikoko bi agertoki zehaztu zituztela 2015ean egindako diagnostiko batean: estres hidriko mailari segundoko 70 eta 100 litro izatea zehaztu zuten. Baina gehitu dute, beste agertoki bat ere aipatzen dela Europako Batasunaren uraren zuzentarauaren arabera: segundoko 141 litroko emaria ezartzen du estres hidriko modura.
Horrez gain, azpimarratu dute eskualdeko ur hornidurako arazoak “giza jarduera jakin batzuen eta erabaki politikoen ondorio” direla. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban ezarri diren baso politikak aipatu dituzte, besteak beste. Eta, gehitu dute, emari ekologikoa beheratzeko erabakia “hirigintza proiektu batzuen” sustapenarekin lotuta dagoela: “Helburuetako bat da baliabide hidrikoen derrigorrezko txostenaren faltagatik blokeatuta dauden hirigintza proiektuak desblokeatzea, turismo masifikatuari begirako Guggenheim museoa barne”.
Hala, erakundeei eskatu diete “ingurumena babesteko duten betebeharraren ardura euren gain hartzeko”.