Bermeo, nagusi Meirako uretan
Asteburuan Meiran lehiatu den Espainiako Trainerilla Txapelketan lehen postua lortu du Bermeo Arraun Elkarteak.
Bermeo Arraun Elkartea sariagaz itzuli da Meirako (Galizia) uretatik: 67. Espainiako Trainerilla Txapelketan lehiatu zuen asteburuan. Bermeotarrak gizonezkoen maila nagusian nagusitu ziren, bigarrenez txapelketa irabaztea lortuz, duela 10 urte irabazi zuten lehendabizikoan Moañan (Galizian). Euskadiko Txapelketak ihes egin eta gero, oraingoan ez dute hutsik egin.
Gizonezkoen absolutu mailan lehia estua egon zen, bereziki bermeotarren eta Zierbena Arraun Elkartearen artean. Lehen ziabogara iristean, bi trainerillen arteko tartea bi segundokoa baino ez zen; 02:57 bermeotarrentzat, eta 02:59 zierbenarrentzat. Izan ere, ohorezko txandako lau taldeak zazpi segundoko tartean egin zuten lehen bira: Cabo eta Tiran. Tartea mantentzeko, Bermeoko arraunlariek gogotik estutu behar izan zituzten hortzak, Zierbenakoek tinko eutsi baitzieten aldea handitzeko saiakera guztiei. Hala, Gorka Aranberriren gidaritzapean laugarren luzea egin ostean, 13:03,32an gelditu zuen erlojua talde bermeotarrak, bigarren sailkatuak baino hiru segundu lehenago. Podiuma Zierbena Arraun Taldeak (13:06,14) eta Cabo de Cruzek (13:20,75) osatu zuten.