25 egoitza-leku Muxikan, autismoaren espektroko nahasmendua dutenentzat
24 plaza finko eta atsedenerako aldi baterako hiru plaza ditu
Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza ezberdinetan 63 leku berri sortuko ditu aurten, desgaitasun intelektuala edota adimen desgaitasuna duten pertsonentzat, eta horietako leku batzuk Muxikako Olabe egoitzan egongo dira. Ze, aldundiak Bilboko Iturritxualde deritzon parajean dagoen eraikina eta Muxikako Olabe egoitzako higiezinak erosi zituen iaz, plaza berri horiek sortzeko. Horretarako, 2,3 milioi euroko inbertsioa egin duela jakinarazi du lurralde administrazioak, “desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari baliabide gehiago eskaintzeko asmoz”.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak adierazi duenez, bi eraikinen ezaugarriak eta berez eskaintzen zituzten aukerak kontutan izanda, “aukera estrategikotzat” ikusi zuten horiek euren laguntza eta zaintza sarearen baitan integratzea: “Zentro berriak ireki eta beste batzuk birmoldatu ditugu, ikusitako beharrizanei erantzuteko. Eta, betiere, argi eta garbi izanda laguntza behar duten pertsonen erosotasuna eta arretaren hobekuntza; baita familien lasaitasuna ere”.
Hala, Muxikako zentroak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsona helduei eskaintzen die arreta orain: pertsona horiei gizarte zerbitzu espezializatuak ematen zaizkie, euren eta euren familien bizi kalitatea modu pertsonalizatu eta integralean hobetzeko asmoz, baita integrazio komunitarioaren ikuspegitik ere.
Aldundiak dioenez, erabiltzaile horiek Muxikako Olabe zentrora lekualdatu eta gero, erabiltzaileek eta eurak zaintzen dituzten profesionalek “erosotasuna” irabazi dute, barruko zein kanpoko espazio gehiago baitute orain, bai gozatzeko, bai gunea irisgarriagoa izateko. Kokapen berri horrek, gainera, Bizkaian kolektibo horrentzako plaza publikoen eskaintza handitzea ekarri duela diote: izan ere, 19 plaza finko eta familiarentzako atsedenerako aldi baterako plaza bat izatetik 24 plaza finko eta atsedenerako aldi baterako hiru izatera igaro dira.
Plaza berriak.
Sortu dituzten plaza gehienak foru erakundeak Jesusen Bihotza ongintzazko erakundeari erositako Monte Avril egoitzan daude: 50 leku izango ditu eraberritze lanak amaitzen direnean; eraikin berriak bi unitate izango ditu: adimen gaixotasuna duten 22 pertsonentzat izango da bat, eta desgaitasun intelektuala duten 28 pertsonentzat, bestea. Aita Mennik kudeatuko du hori, eta urtea amaitu aurretik abian jartzea espero dute. “Zentro hori zabaltzeak 40 lanpostu inguru sortzea ekarriko du, zuzeneko arretakoak zein zeharkako arretakoak”, zehaztu dute, eta zentroaren urteko funtzionamenduak hiru milioi eurotik gorako kostua izango duela aurreratu dute.
Horiez gain, beste hamahiru plaza jarri dituzte martxan desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Plaza horietako zazpi Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) Gordexolako Zubiete Laguntza Zentroko 19 egoiliar eta lantaldea osatzen zuten 29 profesionalak Muxikara lekualdatu ondoren sortu dira. Martxoan egoitza kokaleku berria estreinatu zuten Muxikan, Olabe Laguntza Zentroa dena.
Orain, Gordexolako zentroa Argia Fundazioak kudeatzen du, eta bertan, adimen gaixotasuna duten 17 pertsona bizi dira. Erabiltzaile horietatik 11 Bilboko Begoña auzoan bizi ziren, eta lekuaz aldatu ondoren, sei leku gehiago sortu dira, erabiltzaile bakoitzari bere gela propioa izatea ahalbidetuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo aurterako desgaitasuna duten pertsonen eremura bideratutako aurrekontua 100 milioi eurotik gorakoa da, lehenengo aldiz. Zehazki, 100.422.515 euro bideratu dituzte; hau da, aurrekontu horrek %22,80ko igoera izan du.
Izan ere, gogoratu dute Bizkaiak 1.279 plaza dituela okupazio zentroetan, eguneko arretako 1.175 plaza eta 1.5575 egoitza-leku desgaitasuna duten pertsonentzako eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako zentro eta etxebizitzetan.