Sufrimenduaren atea itxi eta konponbidearen leihoa zabaltzeko deia
Preso, iheslari eta deportatuen afera soluzio bidean jartzea "beharrezkoa" dela azpimarratu du, beste behin, Sare Gernika-Lumok.
Etxeratze prozesuan “babes eta aktibazio soziala” indartzeko asmoz atera ziren atzo (maiatzak 24) herritarrak Gernika-Lumoko kaleetara, Sare Gernika-Lumok egindako deialdiari erantzunda. Eta, bertan, oraindik kartzelaratuta segitzen duten 136 euskal presoak, hamabi iheslariak eta hiru deportatuak etxerako bidean jartzea “ezinbestekotzat” hartu zuten.
Izan ere, espetxeratze politikaren errealitateari erreparatu zioten Sareko kideek, eta euskal preso izate hutsagatik salbuespen neurriak aplikatzen zaizkiela plazaratu eta salatu zuten. Horrez gain, gradu progresioetan entzutegi nazionalak “oztopo juridikoak” baino ez dituela jartzen esan zuten atzo. “Bi elementu hauek, urgentziaz, gainditzeko beharra dugu. Legedi arruntaren aplikazio hutsak zeharo aldatuko luke euskal presoen erradiografia; bai kuantitatiboa (preso asko kalean leudekeelako), bai kualitatiboa (etxerako bidean aurrerapauso gehiago emateko aukeran leudekeelako)”, azaldu zuten Sareko kideek.
Izan ere, ez dute presoen errealitatea ahaztu, eta zenbait datu kaleratu zituzten: 27 euskal presok 20 urte daramate espetxean; 35 presok 20 urte baino gehiago; 13 presok 25 urte baino gehiago; eta sei presok 30 urte. Presoen batezbesteko adina 50 urtekoa dela adierazi zuten Sarekoek, 33 presok 60-70 urte bitartean dituztela eta 7 presok 70 urte baino gehiago dituztela gogoratuz.
Hala, gatazkaren ondorioak konponbide klabetan jartzea “ezinbestekoa” dela azpimarratu zuten: “Batetik, gaur egun preso daudenen soslaiek zahartze bat adierazten digutelako: bai adinean, bai espetxe zigor betetzean. Bestetik, euskal jendartearen gehiango sozialak era askotan adierazi duen bezala, sufrimenduaren atea itxi eta konponbidearen leihoa ireki nahi duelako”. Eta, horretarako, hala beharrez, preso, iheslari eta deportatuen afera soluzio bidean jartzea “beharrezkoa” dela exijitu zuten atzo Gernika-Lumoko kaleetan.
Aurrera begira.
Sare Gernika-Lumok lanean jarraitzen du preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea gauzatzeko, eta, horretarako, euren plangintzarekin jarrarituko dute. Zentzu horretan, hurrengo hitzorduak gogorarazi zituzten: maiatzaren 31 azken ostirala da, eta 20:00etan Pasealekuko eskaileretan elkartuko dira; ekainaren 15ean, Sareren hamargarren urteurrena da, eta Gernika-Lumon ekainaren 14an espazio bat sustatuko dute urte hauetan ehunduriko sareari balioa emateko.
Uztailaren 10erako, berriz, Astra Iluntzeetan baitan emanaldia antolatuko dute Lilibertsokoekin, eta abuztuaren 4an, hondartzetako ekimena egingo dute. Abuztuaren 18an, Gernikako jaietako azken egunean, berriro mobilizatuko direla jakinarazi dute.