Borroka antinuklearra, memoriara
Euskal Herriko historia antinuklearra oinarrian dute astebururako Enaden Begiak Elkarteak antolatutako jardunaldiek. Borroka antinuklearraren nondik norakoak gogoratu dituzte Ean.
Herri baten borrokak izandako arrakastari buruz gogoetatzen ari dira asteburuan, Ean. 40 urte atzera egin, eta Lemoizko, Debako eta Ea eta Ispasterreko zentral nuklearrak egiteko lanak behin betiko gelditu izanaren urteurrena gogoratzen ari dira. Izan ere, Euskal Herriko historia antinuklearra dute oinarrian astebururako Enaden Begiak Elkarteak antolatutako jardunaldiek.
Herri batek zentral nuklearren aurka egindako borrokaz ari dira, beraz, eta borroka horretan parte hartu zutenen testigantzak ezagutu ahal izan dituzte, Antonio Aretxabala geologo eta lurren zientzietan doktorearen eskutik atzo, eta Paco Salegiren eta Jose Allenderen eskutik, gaur. Debako zentral nuklearraren proiektuaren herri ekimeneko ordezkariak zein Euskal Herrian zentral nuklearren aurkako borroka bultzatu zuten batzorde antinuklearreko kideak euren borrokaren memoria lantzearen beharra azpimarratu dute gaurko hitzaldian. “Horrelako jardunaldiek balio dute jakiteko zer gertatu zen, baita herriak zelan jokatu zuen ere, erein ziren sareak zelakoak izan ziren”, ondorioztatu dute.
Hala, borroka antinuklearrari buruzko memoria ariketa egitea ezinbestekotzat jo dute Enaden Begiak elkartekoek, beste lanketa batzuen artean ingurumenari buruzko gai hau gazteen memorian landu barik geratu dela esanez: “Gai hauek geratu dira bazterrean, ez dira egon pil-pilean, baina gogoratu egin behar ditugu, zer gertatu zen jakiteko”.
Salegik Debako esperientzia kontatu ostean, Allendek euskal kostalderako aurreikusi zituzten proiektu nuklearrak gelditzeko piztu zen borrokaren arrakastaren nondik norakoak azaldu ditu. Hain zuzen ere, Euskal Herrian sortutako mugimenduaren botere “ikaragarria” nabarmendu du: “Mugimendu sozial ahaltsua izan zen, ez biolentoa, Euskal Herrikoa, garbia. Eta erakutsi genuen arrazoia geneukala. Helburu bakarra geneukan: euskal kostaldea defendatzea; hau da, bertan eraiki gura zituzten zentral nuklearren aurka egitea”.
Gogoratu du euren borroka gerora bihurtu zela antinuklearra, hasiera batean euskal kostaldearen defentsarako batzordea sortu zutela gogoratuz: “Gu ez ginen ezeren aurkakoak, nuklearra ez zen euskal kostaren aldekoak baizik; baina, denborarekin, antinuklearra bihurtu zen borroka”.
Frankismoak euren borroka oztopatu bazuen galdetuta, ezetz erantzun du Allendek. “Frankismoak erantzun bateratua ematea eta desberdinen arteko lankidetza erraztu zituen. Desberdinak ginen gure artean, baina helburu berekoak. Esaterako, defentsa batzordean zortzi ginen, ideologikoki eta politikoki desberdinak ginenak. Ze, bagenekien gure herria salbatzeko elkarregaz borrokatu behar genuela”. Izan ere, euskal kostaldearen defentsarako batzordea gizarte zibil antolatuaren elkartzearen emaitza izan zela azpimarratu du.
Errepresaliarik ez zuten sufritu, baina politikariek ez zietela kasurik egin azaldu du Allendek: “Errepresaliarik ez genuen izan, baina bai indarkeria instituzionala, kongresuan ere salatu zena. Alderdi politikoek ez ziguten jaramonik egin, ez zuten gurekin hitz egin nahi, ez PPk, ez PSOEk, ez EAJk, ez PCk. Gaur egun ere ez dute beren jarrera antidemokratikoa aitortu edo izandako jarrera publikoa berrikusi. Jarduera erabat baketsua eta demokratikoa izan zen gurea, eta haiek isilik segitzen dute oraindik, nahiz eta lau liburu eta hainbat txosten argitaratu ditugun gertatutakoari buruz”.
Borrroka “zintzotasunez eta garbitasunez” kudeatu zutela adierazi du Allendek, eta gizarte zibilaren erantzuna “ikaragarria” izan zela azpimarratu: “1976tik 1985era egon ginen aktiboki lanean, baina orain arte ere erne gaude”. Hala, aktibazio soziala gauzatzeko egindako beharra ere mahaigaineratu dute gaurkoan. Izan ere, zortzi urtez aritu ziren prentsa bidezko jakinarazpenak egiten, “xehetasun guztikoak, ondo prestatutakoak”. Horrez gain, ekintza juridiko eta administratiboak ere hartu zituzten, eta hitzaldi edo informazio bilerak etengabekoak izan ziren. “Arte eta kulturako jendearen %90k babestu zuen gure borroka, Txillidak kasu”.
Gakoa.
Batzordearen batasuna “erabatekoa” izan zen, eta Lemoiz, Deba, Tutera edota Ea eta Ogellan egin gura zuten zentralen aurkako borroka, “ikaragarria”. Zentral nuklearrik gabeko aldarrriaren baitan eragileak zeuden, norbanakoak, baina baita politikari zein izen handiko artista eta norbanakoak ere. “Herri batu baten borrokak irabaz dezakeela erakutsi zen, indar handien aurka ere herriak zeresana daukala, alegia. Hori elementu oso garrantzitsua da”, adierazi du garaiko borrokan parte hartu zutenetako batek.
Herri mugimendu indartsua zen, era guztietako ordezkariek osatzen zutena: “Manifestazio itzelak egin ziren, baina hori ez zen nahikoa izan. Hau da, herri mugimenduak ipini zituen medio asko, desberdinak, latzak, gogorrak… baina ipini zuen beste elementu bat da inplikatutako jendearen garrantzia“. Besteren artean, Mario Gabiria soziologoaren inplikazioa azpimarratu dute —Europa mailan lehen mailako soziologo izan zenarena—, eta Allenderena berarena ere bai. “Allendek egindako azterketa lana ikaragarria izan zen; ez zeukan zertan egin, baina arriskatu egin zuen, eta bere jakintza aplikatu zuen Iberduerori aurre egiteko. Gaiari buelta eman eta arrazoia herriaren alde jarri zuen”, gogoratu dute hitzaldira bertaratutakoek. “Ez dago erraldoirik gainditu ezin daitekeenik, betiere herriak bizi izandako esperientzietatik ikasiz gero”.
Horrez gain, maila sozialeko borrokek arlo guztietako intelektualen, profesionalen edo artisten inplikazioa eta konpromisoa ere behar dutela diote: “Gaur egun dagoen hutsune hori bete behar da”.
Gaur goizeko hitzaldiaz gain, “harrapaketa ekologiko eta soziala” gelditzea lortu zuen borrokari buruzko erakusketa ireki dute. Erakusketa arratsaldean ere zabalik egongo da, 17:30etik 19:30era, interesa duen edonor gertutaratu dadin. Bertan, Euskal Herriko historia antinuklearra modu kronologiko batean ezagutzeko aukera egongo da, baita argazki, film, egunkari, liburu eta bestelako materialak ikustekoa ere.