Lehenengo Arte Inbentarioa izango du Gernika-Lumok
Gernika-Lumoko Udalak eta Kultur Etxeak Lehenengo Arte Inbentarioa sortu dute. Horretan, herriari lotutako kultur lanak batuko dia. Osotara, 300 artista ingururen 500 obra batuko ditu. Laster egongo da ikusgai kultur etxeko webgunean.
Kulturari oso lotuta dagoen herria da Gernika-Lumo. Urteetan zehar adin, genero eta lurralde guztietako artistek sortu dituzte Gernika-Lumoren inguruko sorkuntzak, eta horietako gehienak bateratzeko unea iritsi da. Udalak eta Kultur Etxeak Lehenengo Arte Inbentarioa sortu dute, eta laster egongo da ikusgai kultur etxeko webgunean. Herriko kultura ondarea babesteko “urrats garrantzitsua” eman dutela adierazi dute aurkezpen ekitaldian; aurkezpenean izan dira kultur Eexeko zuzendari Kristina Arana, 31 urtez zuzendari izandako Rikardo Abaunza, Gernikako alkate Jose Mari Gorroño eta Miguel Marina margolariaren senitartekoak.
Marinak akrilikoz egindako artelan bat dago kultur etxeko eskaileretan ikusgai, eta obraren inguruko informazioa eskaintzen duen QR batek osatzen du. Obra hori Taberna Vascako jangelan zegoen zintzilikatuta, eta hori izango da inbentarioaren lehen obra. Izan ere, QR-ra sartuz gero, obraren inguruko informazioa aurki daiteke. Hori izango da, hain zuzen ere, inbentarioaren funtzionamendua: webgunean, inbentarioa osatzen duten 500 obra ingururen informazioa jaso ahalko da.
Udalerriko artelanak herriko hainbat eraikinetan daude sakabanatuta: udaletxean, kultur etxean eta Kaltzada Egoitzan, esaterako. Bilduma horretan, besteak beste, Nestor Basterretxea, Jesus Mari Lazkano eta Marina artista ezagunen lanak bilduko dira. Horiez gain, bertako eta nazioarteko artisten ordezkaritza zabala izango da. Bertako artistek garrantzi berezia izango dute, hain zuzen ere, herriko eta inguruetako artisten obra piloa jasoko ditu proiektuak.
Gorroñok ilusioz hartu du proiektua. “Ekimen hau gure ondare kulturala babesteko eta balioan jartzeko ahalegin hitzartua da. Gure bildumako lan bakoitza artelan bat baino gehiago da; gure herriaren historiaren eta nortasunaren zati bat da”, azaldu du. Kultur etxeko webgunean aurkitu ahal izango diren obretako batzuk alkatearen bulegoak zintzilikatuta daudenak dira, eta horietako batzuk errepasatu ditu aurkezpenean.
2024ean argitaratuko den proiektua bada ere, hasietara heltzeko hainbat urte egin behar dira atzera. 1987an, Abaunzak abiatutako ideia da bildumarena. Gernika-Lumoko odontologoa zen Juan Arostegiren obretan oinarrituta sortu zitzaion ideia kultur etxeko zuzendari ohiari, eta bide horrei jarraituta, gero eta obra gehiago gehitzen joan dela azaldu du. 500 obretatik gehienak dohainik emanda badira ere, batzuk erositakoak direla aipatu du.
Gernika-Lumoko obrarik baliotsuena “bere herritarrak” direla uste duen arren, bildumak jasotzen dituen lanetako batzuk nabarmendu ditu . Luis Sanchezek, akuarelekin margozten zuen artistak, Ajangiztik ikusita Gernika-Lumo islatzen zuen obra edo Soldevillak bizpahiru ordutan Gernika-Lumoko txokoak irudikatzen zituen lanak aipatu ditu. Ez ditu William Kelly eta Norman Tress ahaztu gura izan. Azken horrek Gernikaren inguruko eskultura bat egiteko “maketa fin” bat egin zuen. Lana sortzeko euskal artista baten bila ibili ostean, Basterretxearekin jo zuela azaldu du Abaunzak, baina proiektuak ez zuen argirik ikusi.
Weiner Kral ere ez du ahaztu nahi izan. Artista horrek 1938an Guernica izeneko lan bat egin zuela nabarmendu du. Horretan, arte surrealistaren bidez, bonbardaketa islatu nahi zuela azaldu, eta obra erakutsi die aurkezpenera hurbildutakoei.
Obra bakoitzaren informazioa.
300 artisten 500 obren hurrengo informazioa jasoko dute webgunean: egilea, titulua, erabilitako teknika eta obra mota. Azaldu dutenez, “prozesu zehatz” batek bermatuko du pieza bakoitza behar bezala dokumentatuta eta zainduta egotea etorkizunerako. Inbentarioko lan gehienak artelanak izango badira ere, jakinarazi dutenez, “genero guztietako lanak” batuko ditu, besteak beste, eskulturak eta ikus-entzunezkoak. Gainera, Aranak azaldu duenez, oharren kutxatxo bat ere izango dute. Tarte horretan, obraren bitxikeriak batuko dira, eta kasu askotan “datu oso interesgarriak” batzen direla uste du.
Miguel Marina omenduz.
Bilbon jaio eta hazi zen Marina margolaria. 36ko gerrak, baina, etxetik alde egitera behartu zuen, eta Ameriketako Estatu Batuetara bidea hartu zuen. New Yorken zegoela hasi zen bere arte trebetasuna garatzen, eta hainbat artistaren ikasle izan ostean, NBEren bakearen aldeko horma-irudi erraldoi batean parte hartu zuen. Urte luzez Euskal Herritik urrunduta egon arren, bere erroetara oso lotuta egon dela gogoratu dute bere senitartekoek, eta Gernikara oso lotuta egon den familia da. Bere arbasoek oso argi zuten gaur egun kultur etxean kokatuta dagoen artelana herritarrentzat ikusgai egon behar zuela, eta horregaitik erabaki zuten depositu bezala udalari eskaintzea.