Koldo Berasaluze: "Herritarrez osatutako taldea izatea gustatuko litzaidake"
Bederatzigarren denboraldia egin du Gernika futbol taldeko lehenengo taldean Berasaluzek. Ez da denboraldi errazena izan, eta kapitain lanetan aritu behar izan du aldagelan.
1 RFEF mailara igotzeko playoffak jokatu zituen iaz Gernikak. Udan, berriz, talde erdia baino gehiago aldatu behar izan zuten, eta denboraldia ilusioz gainezka hasi zuten. Gainera, iazko denboraldian ez bezala, lehenengo partiduetako emaitzei esker, igoera postuetatik hurbil ibili ziren. Urtean zehar, baina, ez dute erregulartasunik lortu eta momentu zailak ere pasatu behar izan dituzte. Denboraldiaren gorabeherak azaldu ditu taldeko bigarren kapitainak.
Nola ikusi duzu zure burua aurton?
Taldeak emandako maila berean ikusi dut nire burua. Lesioek errespetatu didate, eta ahal izan ditudan partidu guztiak jokatu ditut; 31, konkretuki. Galdu ditudan partiduak txartelen kontuagatik izan dira: bost txartel horien zikloagaitik edo txartel gorriagaitik.Entrenatzaileak konfiantza izan du nigan, eta ahalik eta hoberen erantzuten saiatu naiz uneoro.
Taldeko bigarren kapitaina izan zara. Zein rol izan duzu aldagela barruan?
Taldeko bigarren zaharrena izateaz gain, aurtongoa bederatzigarren denboraldia izan da Gernikan. Etxeko taldean egin
nuen lehenengo aldian, oraindik ume bat nintzen eta gernikarrez inguratuta nengoen. Gaztetasun horrek erantzunkizuna murrizten dizu aldagelan. Orain, ordea, niri tokatu zait ardura hartzea. Herriko hiru lagun baino ez gara izan lehenengo taldean, eta kanpokoei etxean sentiarazten saiatu gara.
Koldo Berasaluze: “Urterik urtera zailagoa egiten da helburuak lortzea”:
Gazte askok osatutako taldea izan da aurtongoa ere. Nolako maila eman duzue?
3-4 urte dituen maila da 2RFEF, eta urtez urte maila igotzen doala sumatu dugu. Hazkunde hori dela eta, urterik urtera zailagoa egiten da helburuak lortzea. Hasierako jardunaldietan galtzen ez genuen arren, asko kostatu zitzaigun partiduak irabaztea, eta ez genuen gure jokatzeko era aurkitzen. Hori gutxi ez balitz, gabonen bueltan jaitsiera postuetara hurbildu
ginen, eta aldagelarentzat une gogor bat izan zen hura. Gabonetan, gainera, klubak pare bat jokalari ordezkatzea erabaki zuen.
Nola aldatu zenuten egoera?
Aldaketa batzuk egin ostean, taldea gero eta gusturago sentitzen zen jokatzeko erarekin. Urte hasieratik maila mantentzearen helburua genuen begi artean, eta hiru jardunaldiko aldearekin lortu dugu.
Une zailak iristearekin bat, kapitainek aurrerapauso bat ematen duzue. Nola hartu zenuen erantzukizuna?
Animo aldetik ez geunden ondo. Arinagoko urtean playoffak jokatu genituenez, gazte horietako batzuk ilusio horrekin zetozen, eta egoerara moldatzea tokatu zitzaigun. Joko aldetik, gainera, sentsazioak ez ziren onak. Egoera horren aurrean, kapitainak entrenamenduetako maila altua mantentzen saiatu, eta ahal den neurrian taldekideak pozten saiatzen ginen. Gure esperientzian oinarrituz, egoera horretatik irtengo ginela sinestarazi genien.
Helburua lortuta, Errege Kopara sailkatzea ahal zen zuen ilusioa?
Noski baietz. Aurton, Salamankako Unionistasen aurka jokatu dugu, eta lehenengo 30 minutuetan nagusi izan ginen. Datorren urteko sailkapena lortzeko, Barbastroren aurkako partiduan jokatu dugu txartela, eta zoritxarrez, ez genuen garaipena lortu. Beraz, kanpoan geratu gara.
German Beltran izan duzue entrenatzaile aurton. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, asko aldatu al da proposamena?
Futbolistikoki ez da askorik aldatu. Egia da joan den urteko hasierarekin alderatuz gero, aldatu dela. Aitor Larrazabalek, hasieran, defentsatik baloia jokatzea eskatzen zigun, baina maila eta Urbieta ezagutu ostean, zuzenago jokatzera pasatu ginen. Aurton ere nahiko zuzen jokatu dugu. Aldagelari dagokionez, oso hurbilekoak izan dira German zein bere lantaldea, eta oso pozik egon naiz beraiekin.
Datorren denboraldian Gernikan jarraituko duzu. Zer espero duzu?
Germanek jarraituko ez duela jakin ostean, ez dakigu nor etorriko den. Gainera, kirol zuzendaria erealdatzen da, eta, beraz, ezjakintasuna da nagusi. Momentuz, Altamirak, San Nicolasek, Agirrezabalak eta nik baino ez dugu kontratua. Beraz, itxarotea tokatzen da.
Berasaluze: “Maila honetan ezagutu dudanagatik, taldean kide lehiakorrak izatea ezinbestekoa dela uste dut; baloi guztiak azkenengo baloia izango balira bezala borrokatu behar dira”.
Taldearen diseinua zure esku egongo balitz, zer ekarriko zenuke?
Maila honetan ezagutu dudanagatik, taldean kide lehiakorrak izatea ezinbestekoa dela uste dut; baloi guztiak azkenengo
baloia izango balira bezala borrokatu behar dira. Jokalariei dagokienez, aurkariei presio altu bat egitea ahalbidetzen duten jokalariak ekarriko nituzke, maila fisiko altuko jokalariak, alegia. Bukatzeko, aurrelari golegile bat behar dela uste dut. Azkenengo urteetan golak sartzen ibili den jokalari bat ekarrita, eta defentsan sendotasuna lortuta, gauza politak lortu daitezkeela uste dut.
Zer falta izan zaizue aurton?
Uneoro lehiakorrak izatea bota dut faltan. Presio altua egiteko gaitasun ere faltan sumatu dut.
Etorkizunik al dago klubean?
Gazte mailako A taldeak igoera lortu zuen iaz. Euskal Liga irabazi ostean, igoera eskuratu eta Nazional Mailan jokatu dute aurton. Gernikaren tankerako klub batentzako maila oso gogorra da hori, eta jaitsiera postuetan bukatu duten arren, lan ona egin dute. Niri ere pasa zitzaidan jokalari bezala, gazte mailan igo eta jaistea. Bigarren taldeari dagokionez, aitortu beharra dago azkenengo urteetan jaitsiera nabarmen bat jasan duela.
Nola ziurtatu daiteke gazteen maila on bat?
Lan egiteko era berdina ezarri behar da klubeko talde guztietan. Lehenengo taldetik hasita, gazteen talde guztiek ideia berdina izan behar dutela sinisten dut.
Garai batean harrobiak harribitxi nahikotxo eman zituen. Horietako asko kanpoan daude jokatzen. Gustatuko litzaizuke denak herriko taldean elkartzea?
Belaunaldi kontua izaten da maila altuagoko edo baxuagoko jokalariak ateratzearena. Nik txikitatik jarraitu izan dut Gernika, eta Bigarren B Mailara igo ginenekoa inoiz ez dut ezagutu. Herriko 10-12 jokalari ginen; jokalarien erdia baino gehiago. Ez dakit kasualitatea izan zen edo zer. Galderari erantzunez, noski gustatuko litzaidakeela herritarrekin osatutako taldea izatea. Espero dut hori lortzeko gaitasuna izatea.