EH Bildu: "Aspaldi eskatzen genuen pauso garrantzitsua da palestinar estatuaren aitorpena"
Espainiar Estatuak, Irlandak eta Norbegiak Palestinako estatua aitortzea "berri pozgarritzat" hartu du EH Bilduk. Hala ere, "pauso ausart gehiagoren" beharra azpimarratu du.
“Euskal Herriarentzat estatu bat eraiki nahi dugunontzat Espainiar Estatuak, Irlandak eta Norbegiak Palestinako estatua aitortzea berri pozgarria da dudarik barik”, onartu zuen EH Bilduren Mahai Politikoak atzo (maiatzak 23), Gernika-Lumon.
Gogoratu zuten Euskal Herriak aspaldi aitortua duela Palestina, bai maila sozial zein politikoan, bai kalean egindako mobilizazioetan, bai instituzioetan onartutako adierazpenetan: “Herriz herri eta udalez udal, senidetutako udaletan eta elkartasunaren milaka adierazpen ezberdinetan ere aitortua da Palestina”.
Hala, ondoetorria eman zioten estatu espainiarrak, Irlandak eta Norbegiak Palestinako estatua aitortzeari, aspaldi eskatzen zuten “pauso garrantzitsua” dela azpimarratuz: “Erabaki honek atea irekitzen die beste estatu batzuei ere bide honetara gehitzeko”.
Koalizio subiranistakoek esan zuten palestinar estatuaren aitortzea “bide egokia” dela, “bake eszenatoki bat bideratu dezakeelako, genozidioaren amaiera ekarriz”. Izan ere, uste dute Palestinak estatu bat izateko “eskubidea eta beharra” duela, palestinarrek haien etorkizunaren jabe izan daitezen, eta urteetan sufritu duten zapalkuntzagaz amaitzeko. “Estatu subirano eta bideragarria behar du, inoren menpe egongo ez dena”.
Pauso gehiago.
Estatu palestinarraren egikaritzearen bidean, aitortzaz harago doazen “pauso gehiago” eman behar direla azpimarratu zuten atzo EH Bildukoek: “Pauso ausartak behar dira gaur Palestinan bizi den egoerarekin amaitzeko, genozidioari amaiera emateko”.
Bide horretan, NBEren ebazpenei jarraipena eman eta Palestina nazioarteko komunitatearen baitan aktore “normalizatu eta aitortua” izan dadin dei egin zuten: “Euskal Herritik ere, estaturik gabeko nazio gisa, instituzio, eragile eta norbanakoei dei egiten diegu erabaki hau publikoki babes dezaten. Estatu palestinarra aitortzea justizia historikoaren kontua da, eta herrien eskubideak defendatzea ezkerreko indarren betebeharra da. Palestinan eta Euskal Herrian”.