Patata izango dute hizpide Museoen Gauean, Euskal Herria museoan
Zapatuan [maiatzak 25] ospatuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak gidatutako ekimena.
Urtero legez, bueltan da Museoen Gaua. Zapatuan [maiatzak 25] ospatuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak gidatutako ekimena. Hain zuzen ere, euskal kultura gastronomikoa begiratzeko erabiltzen dute eguna. Aurten patata izango da aztertuko duten lehengaia eta horretaz sakonduz hitzaldiak, tailerrak eta nola ez, patata oinarri gisa darabilten elaborazio gastronomikoen dastaketa ere antolatu dituzte.
Gernika-Lumon ere ospatuko dute, Euskal Herria Museoan. 16:30etik aurrera Patataren bidaia izeneko familia tailerra egingo dute tuberkuluaren nondik norakoak jakin eta ikasteko: “Nongoa da jatorriz patata? Nola heldu zen gure lurretara?”. Horrez gain, familia tailerra izanik, lau urtetik aurrerakoentzako umeentzako dago pentsatuta eta ume zein nagusiek batera patata oinarri gisa darabilten elaborazio gastronomikoen dastaketa egiteko aukera izango dute. Doako ekimena da, baina izena eman beharra dago
Ondoren, 19:00etan, patataren historia eta gaur egungo produkzioari buruzko hitzaldia eskainiko dute gaiaren inguruko adituek. Ostean, Zallo Barri jatetxeak prestatutako dastaketa menua egingo dute, zelan ez, patata oinarri izanda. Ekintzan parte hartu nahi dutenek izena eman eta 10 euro ordaindu behar dituzte. Erreserbak egiteko, euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzi behar da. Euskal Herria Museoa 22:00ak arte egongo da zabalik, hau da, ohiko ordutegia baino hiru ordu baino gehiago.